Aspaldi ikusten da ohi baino jende gehiago korrika. Hirietan, herrietan, astegunetan, jaiegunetan, goizez, arratsaldez, banaka, binaka, bero, hotz, eroso, sufritzen, lasai, urduri... Data bat dute buruan gehienek: etzi, azaroaren 12a. Behobia-Donostia probaren 42. ekitaldia jokatuko da egun horretan, Euskal Herriko herri lasterketetan arrakastatsuena.
12.000 lagun. Hori da aurtengo ekitaldiak izango duen parte-hartzaile kopurua. Inoiz baino gehiago. Baina gehiago izan zitezkeen, askoz gehiago. Fortuna kirol elkarteko ordezkariek, probako antolatzaileek, ez dute aspertzeko aukerarik izan. Joan zen irailaren 11n izena emateko epea ireki zenetik, milaka eta milaka izan dira jaso dituzten eskaerak. Iritsi ezinda aritu dira. Azkenean, muga bat jarri behar izan dute, parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko: 12.000 korrikalari, gehiago ez.
Asko izan dira dortsalik gabe geratu direnak, 1.600 lagun baino gehiago daude itxaron zerrendan, azken orduan dortsalen bat eskuratzeko esperantzaz. Horietatik gehienek, hala ere, errepideko bazterretan jarraitu beharko dute lasterketa. Izan ere, Behobia-Donostia Euskal Herriko herri lasterketetan arrakastatsuena izatera iritsi bada, bide bazterretan pilatzen den jendetzaren ondorioz da batik bat. Txaloak ibilbide osoan, «aupa!», «eutsi!», «gutxi geratzen da, animo!», eta halako animoak etenik gabe... giro paregabea izaten da. Kirol festa, bai lasterkarientzat, bai ikustera hurbiltzen diren guztientzat. 60.000 ikusle inguru pilatzen da Behobia eta Donostia arteko bidean. Korrikalarien artean ere mozorroturik festa girotzen duenik bada: pailazoak, hankapaluak, artzainak zakurrekin, era guztietako aldarrikapenak... Bidean zein bazterrean, giro ederra, festa giroa.
10:25ean hasiko da proba. Aulki gurpilduneko atletak hasiko dira lanean ordu horretan. 11:00etan abiatuko da lasterketa nagusia, mailaka: lehenbizi, dortsal horiak eta berdeak (1.20 markatik behera egiten duten gizonezkoak eta 1.30 behera dabiltzan emakumezkoak); gero, dortsal gorriak (1.20-1.33 bitarteko gizonezkoak, eta 1.30-1.43 bitarteko emakumezkoak); eta azkenik, zuriak, uholdea. 22 herrialdetako korrikalariak tartean: Euskal Herrikoak, Herrialde Katalanetakoak, Galiziakoak, Espainiakoak, Frantziakoak, Herbehereetakoak, Alemaniakoak, Ziprekoak, Greziakoak, Kanadakoak...
ELITEKO ATLETAK. Guztiaren gainetik, herri lasterketa da Behobia-Donostia. Bertan aritzeko izena ematen duten milaka eta milaka lagunek agerian uzten dute hori urtero-urtero. Hala ere, badira lasterketari ospea ematen dioten zenbait atleta. Eliteko korrikalariak dira horiek. Ez dira lasterketa amaitzearekin konformatzen. Garaipena nahi dute.
Hamar urte joan dira Alberto Juzdadok probako marka lortu zuenetik. Espainiarrak 59.19ko denbora egin zuen 1996an. Inork ez du berak bezain azkar korritu. Juzdado bera izan da, gainera, marka horretara gehien gerturatu dena -lau segundo gehiago behar izan zituen 1999an-.
Bere errekorrari, hala ere, gutxi gera dakioke, bi egun eskas. Izan ere, antolatzaileek marka hori hobe dezakeen atleta baten parte-hartzea ziurtatu dute: Robert Kipkorir Kipchumba kenyarra. 22 urteko atletak garaipen zerrenda bikaina du -gazte mailako munduko txapeldun 10.000 metrokoan eta krosean eta maila nagusiko munduko txapeldunordea maratoi erdian-, eta aintzat hartzeko marka: 59.28 maratoi erdian. Behobia-Donostiako ibilbideak kilometro bat inguru gehiago duela kontuan hartuta, kenyarra marka berria ezartzeko moduan da. Chema Martinez izango da bere aurkari nagusia. Espainiarra iaz nagusitu zen, eta aurten gauza bera egin nahi du.
Emakumezkoetan, Elena Moreno espainiarra da faboritoa. Espainiako txapeldunordea da 10.000 metrokoan, eta aurten Europako Kopan 19. izan zen. Iratxe Aranburu zarauztarrak (2002an eta 2003an irabazle) eta Amaia Insausti olaberritarrak ezustea eman nahi dute. 12.000 korrikalari, 12.000 helburu.
Mundu bat korrika
Etzi jokatuko da Behobia-Donostia proba, Euskal Herriko herri lasterketetan ezagunena. 12.000 korrikalari ariko dira, inoiz baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu