mikel reina

Mundu berri baten mapa

2023ko abenduaren 5a
05:05
Entzun

NBA liga itxia izan da beti, aldaketa gutxikoa formatu aldetik. Hori aldatu egin da Adam Silver heldu denetik. Onerako zein txarrerako, baina komisionatu nagusiak eraldaketa asko egin ditu lehiaketan. Beharrezkoa zen, produktua eraldatu beharra dago are eta gehiago saltzeko. Batez ere, NBA bezalako produktua. Aurten, adibidez, In Season Tournament izeneko txapelketa sortu dute. Europara ekarrita, Kopa antzeko zerbait da. 30 frankiziek parte hartu dute, baina final-laurdenetara bakarrik zortzi talde onenek egin dute aurrera. Gaur goizaldean jokatu dira lehendabiziko kanporaketak, eta bihar jokatu dira beste biak: Milwaukee Bucks-New York Knicks eta Los Angeles Lakers-Phoenix Suns. Finalerdiak asteazkenetik ostegunerako gauean jokatu dituzte, eta, finala, larunbatetik iganderako goizaldean.

Ikusteko dago nor izango den In Season txapelketako lehen irabaztea. Argi dagoena da lehiaketak NBAn orain arte ikusten ez ziren bestelako aldagaiak sartu dituela. Esate baterako, estatubatuarrek orain ikasi dute zer den puntu alde bat; ez dela berdina bost punturengatik edo hamar punturengatik galtzea partida bat. Liga erregularrean berdin zaie oraindik, baina orain konturatu dira horrek duen garrantziaz. Hori Europan pentsaezina litzateke, partida guzietan erreparatzen zaio gaude puntu aldeari: ACB ligan, orain, Kopari begira; Euroligan, berriz, elkarren aurkakoetan. Bestetik, NBAk partida erabakigarriak ere behar ditu. Egia da kanporaketetan badagoela zazpigarren partida, baina nahi baino gutxiagotan jokatu ohi da. Koparen antzeko txapelketa horretan kanporaketak partida bakarrera izango dira. Hori gutxi ez, eta finalerdiak eta finala Lauko Finaleko formatuan jokatu dira, Las Vegasen. Pandemia garaiko burbuilaren ostean, badirudi Silverrek gustuko duela ideia.

Kopiak. Hobekuntza asko ditu oraindik formatuak, baina itxura du urte askoan jokatuko dela txapelketa berri hori. NBA bezalako egutegi estu eta gogorrean, horrelako etenaldi laburrak sartu ahal izateak meritu handia dauka. Era berean, badaude munduko saskibaloi ligarik onenak sortu eta esportatu dituen formatuak; denak elkar elikatzen dira. Play In txapelketak bestelako aukerak zabaldu ditu Euroligan; ez da bakarrik zortzi onenen artean sartzea, hamargarren sailkatuak ere aukera du. Baskoniak, adibidez, kanporaketak jokatzeko beste aukera bat izango luke aurreko denboraldian.

Alde horretatik, gasteiztarrak joko eta emaitza hobeak lortzen ari dira Euroligan ACB ligan baino. Europako esfortzua asteburuetan ordaintzen ari dira. Batez ere, Dusko Ivanovicek duen, edo erabiltzen duen, txandakatze laburrekin. Markus Howardek ez zuen Badalonan jokatu, eta Matt Costellok min hartu zuen orkatilan. Montenegroko entrenatzailearen konfiantzazko jokalari nagusienetako bi dira. Howardek, puntuak sartu edo ez, asko sortzen du. Hori gutxi ez, eta bihar eta ostiralean Euroligako partidak jokatuko dituzte: behintzat, biak ala biak, Buesa Arenan izango dira.

Bide luzea. Espainiako emakumezkoen liga, pixkanaka bada ere, aurrerapausoak ematen ari da. Joan den astean sinatu zuten klubek eta jokalariek Espainiako Gobernuarekin lehen hitzarmen kolektibo berrirako akordioa. Jokalariek 16.000 euro gordin jasoko dituzte txapelketak irauten duen zazpi hilabeteetan. Gutxi da? Bai, baina lehen pauso bat da, behintzat. Urteekin aurrera joateko helburu argia du.

Horretarako, ordea, arlo askotan hobetu beharra dago lehenbizi. Oinarri sendoak sortu behar dira; bestela, akordioak ez du ezertarako balio izango. Egutegia, adibidez, arazo nagusienetako bat da, batez ere orain. Selekzioen etenaldiaren ostean, jokalari asko ari dira min hartzen. Eta gehiago izan daitezke oraindik. Gernikak, esate baterako, sei partida jokatu ditu hemezortzi egunean, eta larunbatetik aurrera, beste bost hamalau egunean. Gabonetan, gainera, ez da izango etenaldirik, eta jardunaldia jokatuko dute abenduaren 23an, 30ean, eta urtarrilaren 3an eta 7an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.