Mundua alderantziz zegoela zirudien atzo goizean Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Juan Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak etzi jokatuko duten Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako pilota aukeraketan. Mundua alderantziz, Olaizola II.ak Martinez de Irujok baino pilota arinagoak aukeratu baitzituen, 105,6 eta 105 gramokoak. Iberokoak, berriz, 106,2 eta 106,3 gramoko piloten alde egin zuen.
Goizuetakoak eginiko hautuak ustekabean harrapatu zituen pilota aukeraketara hurbildukoak. Ez da harritzekoa, Olaizola II.a pilota pisutsuak aukeratu zalea baita. Are gehiago, behin baino gehiagotan kritikatu izan du zenbait pilotarik pilota arinen alde egin izana. Atzo, ordea, bera izan zen pilota arinenak aukeratu zituena, eta hori aurrean Martinez de Irujo izan arren, hark baino pilota arinagoekin jokatzea gustuko duen pilotaria.
Martinez de Irujo izan zen Olaizola II.ak egindako aukeraketarekin harrituta azaldu zenetako bat. «Jokatzeko egokiak diren pilotak aukeratu ditu Aimarrek, baina egia da ere, horrelako pilotak kritikatu dituela bere bizitza osoan», azpimarratu zuen Iberokoak.
Olaizola II.ak, baina, bazituen motiboak aurkariak baino pilota arinagoak aukeratzeko. «Gustura aritu naiz pilota hauekin, eta uste dut pilotaleku honetan jokatzeko egokiak direla». Goizuetakoa ez zegoen ados Irujok esandakoarekin, hots, bizitza guztian kritikatu dituen pilotak aukeratu zituela etziko partidarako. «Ez dut uste hori horrela denik. Normalean pilota mota berarekin jokatzen dut, eta pilotak aukeratu behar ditudanean, eskuan ondoen sartzen zaizkidanak hautatzen ditut. Horregatik aukeratu ditut bi pilota horiek, eskuan ondo sartzen zaizkidalako, eta beti horrelako piloten alde egiten dudalako».
Faborito rolari bueltaka
Ez zen izan Olaizola II.ak aukeratutako pilotak zeresan eman zuten gai bakarra. Partida irabazteko faboritoa nor den galdetuta, bi pilotariek oso iritzi kontrajarriak eman zituzten. «Irujo beti da faborito jokatzen duenean, zerbaitegatik ditu dituen txapelak. Oso oldarkorra da buruz buruko lehian, eta indar handia du bi eskuetan. Oso ondo egin beharko dut dena, eta halere, zaila izango da irabaztea. Ondo nago, baina aukeran, nahiago nuen gehiago entrenatu. Baina partida hau jokatzea erabaki da, eta gauden bezala irtengo gara», aitortu zuen Olaizola II.ak.
Goizuetakoaren adierazpenak berehala izan zuen erantzuna: «Aimarrek beti hartzen du biktimaren rola», bota zuen txantxetan Irujok. «Beti faborito naizela dio, baina nik irabazi egin diot, eta berak ere irabazi egin dit. Hilabete eta erdi daramat partidarik jokatu gabe, ez ditut ondo eskuak eta ezin izan dut entrenatu. Faboritoa ni naizela esanda lasaiago geratzen bada, bada bai, ni naiz faboritoa. Hori bai, Aimarri irabazteko sekulako partida jokatu beharko dut. Ez litzateke ezustekoa izango nik galtzea», gaineratu zuen.
Iberokoaren sasoia, behintzat, ez da aitzakia izango, Irujok «maila ona» emateko moduan ikusten baitu bere burua. «Jokatzea erabaki baldin badut, kantxara irten eta Aimarri irabazteko moduan nagoela sinetsita nagoelako da. Egia da orain hogei egun ez nintzela ezer, eta ez zitzaidala burutik ere pasatzen partida hau jokatzeko garaiz osatuko nintzenik. Baina agian, takoak jartzeko moduak probatuta eman dut irtenbidearekin».
Bizkaia pilotalekua «oso exijentea» dela nabarmentzen. Horretan bai daude ados Martinez de Irujo eta Olaizola II.a. Horretan, eta partida «oso gogorra» izango dela.
Mundua alderantziz
Irujok baino pilota arinagoak aukeratu ditu Olaizola II.ak final-laurdenetako etziko partidarako

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu