Alferrik, asmo guzti horietatik bakarra gauzatu delako: 20 talde onenen Liga. Beste biak utopia ziren eta utopia izaten jarraituko dute. Txirrindulari onenek nahi izan dituzten probak korritu dituztelako eta nahi beste lehiaketa egun osatu. Alegia, Pro-Tour Liga sortu baino lehen bezala, Liga berriaren helburua hori saihestea bazen ere. Telebista irudien eskubideari buruz, beste hainbeste. Eskaintza mamitsurik ez, eta proba antolatzaile asko ikus-entzunezko enpresa erraldoiei ate-joka, sos batzuk jasotzeko eskean. Eta UCIrentzat okerrena, etorkizuna ilun samarra dela, hiru itzuli handietako antolatzaileek, Tourraren babesarekin, eurentzat nahi dutelako irudi eskubideen ustiaketa.Pro-Tour Ligako 20 taldeek 160 eguneko egutegia betetzeko exijentzia zuten. Kontua da taldeek zutela exijentzia hori, ez txirrindulariek. Taldeek Ligako proba guztietan hartu dute parte, baina txirrindulari onenek ez, eta ikuskizuna tamainakoa izan da. Datuak esanguratsuak dira oso. Tourrean podiumera igo zirenena, adibidez. Lance Armstrongek Pro-Tour Ligako lau lasterketa korritu ditu, Jan Ullrichek sei eta Ivan Bassok, aldiz, zortzi. Ligako hainbat proba izarrik gabe, umezurtz korritu dira, eta askotan, taldeak parte hartzera derrigortuta zeudelako parte hartu dute, inolako motibaziorik gabe, taldea osatzeko arazo askorekin.Espainiako Vueltan edo Poloniako Itzulian gertatutakoa da horren isla. Talde gehienen jarduna hutsaren hurrengoa izan da, ez dutelako ezer egin. Arrazoiak? Iraila, nekea, lesioak, motibazio faltaÉ Ondorioa, ikuskizun falta. Eta talde batzuk, Kaikuren kasua, etxean, korritu nahi, ikuskizuna eman nahi eta ezin, zergatik etaÉ Pro-Tour Ligaren arauengatik!Taldeek egutegi arinagoa eskatu dute, 120 egunekoa, askatasuna lasterketa batzuk ez korritzeko, baina hori al da soluzioa? Liderrek eurek nahi dituzten probak korrituko dituzte, aurten bezala, eta egutegian izen gutxien duten probek izango dute parte-hartze apalena. Euskaltel-Euskadik zein proba aukeratuko luke, aukera emanez gero? Dauphine-Libere ala Poloniako Itzulia? Poloniako Itzuliak ba al du etorkizunik izarrik gabe? Galdera ugari, erantzunak urri.
Etxeko lanak egitekoditu Pro-Tour Ligak
Pro-Tour Ligak etxeko lan gehienak egin gabe utzi ditu. Txirrindularitza hain ezaguna ez den lurraldeetara hedatzea ere lehentasuna zuen. Erdizka lortu da, Frantzian, Italian, Espainian edo Euskal Herrian korritu diren lasterketek eduki duten oihartzunaren laurdena ere ez dutelako sortu Australia, Asia eta Europako beste herrialdeetako proba gehienek. Ulertze aldera, Poloniako Itzuliak, edo Australiako Down Under Itzuliak zutabe bat betetzen dute prentsa idatzian, notizia laburra telebistan, asko jota. Txirrindularitza tradizio handiko herrietako probek, aldiz, askoz handiagoa.
Talde askok arauak betetze aldera korritu dituzte hainbat proba, UCIk derrigortuta. Babesleek telebistako irudien bitartez saltzen dute euren mezua, batez ere, eta telebistarik gabe, egindako inbertsioa ezin errentagarria izan. Talde askok publizitate etekinik lortuko ez zutela jakinda korritu dituzte probak, euren herritik urrun, batere motibaziorik gabe. Eta motibaziorik gabe, jakina, kirol jarduna, kaskarra. Italiarrak Giroan eta Italiako beste probetan ahalegindu dira gehien. Frantziarrak Frantzian eta euskaldunak Euskal Herrian. Horixe errealitate gordina.Kirol arloko aldaketei buruz ere, balantzea, txarra. Ligak sailkapen bakarra du aurten, aurreko urteetan ez bezala, baina sailkapen horrek ez du denboraldian gertatutakoa islatzen, ezta gutxiago ere. Armstrong laugarren postuan dago Liga horretan, eta Tourrean bakarrik egon da onenen parean. Ullrich ere antzera. Alemaniarra bosgarren postuan dago. Txanponaren beste aldean, Quick Step taldea. Patrick Lefevre kirol zuzendariak esana garden-gardena da: «Armstrong, UllrichÉ otsailetik urrira hilabete bakarrean ikusten ditugu, baina sailkapenari begiratu eta dozena bat proba irabazi dituztela dirudi. Quick Step taldeak bost klasiko irabazi ditu, eta taldekako sailkapenean 13. postuan gaude. Nork ulertzen du hori?». Ulertu nahi duenarentzatÉ
Kantitatea ala kalitatea?
Petacchi izan da kopuruz onena, baina garaipen distiratsuagoak lortu ditu Boonen flandestarrak
a. u. - DONOSTIA
Datuek ez dute gezurrik esaten. Alessandro Petacchi izan da denboraldian garaipen gehien lortu dituena. Aurreko urteen tankeran, dozena bi garaipen erdietsi ditu italiarrak. 23 garaipen izan ziren 2003. urtean eta bat gehiago, 24, iaz. Horien artean, distiratsuena, Milan-San Remo klasikoa. Espainiako Vueltan lau etapa irabazi zituen, Italiako Giroan eta Tirreno-Adriatikon hiru. Valentziako Itzulia ere poltsikoratu zuen, eguraldi txarra lagun.
Robbie McEwen izan da bigarrena kopuruan: 15, iazko bikoitza. Nabarmentzeko modukoak Tourreko eta Giroko sorta: hiru garaipen. Kantitatean oso txukun, eta kalitatean Petacchi eta McEwen baino hobeto, denboraldiko txirrindulari onena: Tom Boonen flandestarra. 2004. urtean 20 garaipen lortu zituen, 14 aurten, baina izen handiko garaipenak denak: munduko txapelketa Madrilen (Espainia), Paris-Roubaix eta Flandesko Tourra, txirrindulari aparten eskura dauden lasterketa bi, eta bi etapa Tourrean eta Paris-Nizan. Txirrindulari azkarrez ari garela, Oscar Freire espainiarra ere txukun aritu dela esan behar da. Lesioen erruz korritu ezinda egon da azken hilabeteetan, baina mina hartu zuenerako ondo betea zeukan garaipen zorroa: zazpi.Garaipen bat gehiago lortu dute CSC taldeko Jens Voigtek eta Ivan Bassok. Bi horien kopuru erdia lortu du euskal txirrindulari onenak, David Herrerok, maiatzean eta ekainean dotore jardun ondoren (Euskaltel-Euskadi). Euskal karrerista onena,halere, Koldo Gil izan da: Murtziako Itzulia eta Giroko etapa bat irabazi ditu nafarrak.