MUNDUKO IX. ATLETISMO TXAPELKETA. Susmopean betiko?

2000. urtea baino lehen lortutako marka guztiak bertan behera uzteko eskatu dute Europa iparraldeko zenbait herrialdek, dopinari esker egin zirelakoan; larunbatean hasi eta abuztuaren 31 arte jokatuko dira Munduko Txapelketak, Parisen

2003ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Hausteko omen dira markak, baina atletismoan muga gaindiezin bihurtu dira asko. Batzuen ustez, egileek ezohiko gaitasuna zutelako; besteen iritziz, dopinaren laguntza baliatu zutelako, artean iruzurraren kontrako borroka hain garatua ez zegoenean. Bigarren tesia da, hain zuzen ere, Europa iparraldeko hainbat herrialdek babesten dutena, eta horregatik eskatu diote Nazioarteko Atletismo Federazioari 2000. urtea baino lehen egindako marka guztiak bertan behera uzteko. 80ko eta 90eko hamarkadetan egindako munduko markak «dopatutako atletenak» direla salatu du Norvegiako Federazioko presidenteSvein Arne Hansenek.

Nazioarteko Federazioak bilkurak ditu gaur eta bihar Parisen, eta gaia mahai gainean izango da. Proposamena atzera botako dute, herrialde gehienek nahiago baitute hautsik ez harrotu. Munduko marka askok susmopean jarraituko dute.

Proposamena aurrera aterako balitz, Parisko Munduko Txapelketetako egitaraua osatzen duten 46 probeetako 37 munduko marka bertan behera geldituko lirateke. Emakumezkoen kasua da deigarriena, marka asko 80ko hamarkadakoak baitira.

>

<>g <@krono-nagu-negrita>Marka zaharrena. <@$p>Uztailaren 26an 20 urte egin zituen atletismoak duen markarik zaharrenak: Jarmila Kratotxvilovak 800 metroetan eginikoa. Txekiarra 400 metroetako espezialista zen. Lesio batetik atera berria, 800 metroetan parte hartzea erabaki zuen, Munichen egin zen bigarren mailako bilkura batean. 1:53.28ko marka harrigarria egin zuen. 20 urte geroago, espezialista onenak ez dira 1.55:00ko mugatik jaisteko gauza. Kratoxvilovak behin eta berriro ukatu du dopatu zela, baina susmoa areagotuz doa markak iraun ahala.

Kratotxvilovarena ez zen izan 80ko hamarkada hasierak utzitako marka harrigarri bakarra. Alemaniako Errepublika Demokratiko ohiko atletek aurreko belaunadiko marka guztiak hautsi zituzten, eta emakumezkoen atletismoa ordura arte pentsa ezin ziteken mailaraino eraman zuten. Marita Koch nabarmendu zen guztien artean: 400 metroetan 47.60 egin zuen 1985eko urriaren 6an. Markak oraindik luze iraungo du, aspaldian inor ez baita 49 segundotik jaitsi. Ez da Alemaniako Errepublika Demokratiko ohiak emakumeenetan duen munduko marka bakarra: disko jaurtiketan, Gabriele Reinschek 76.80 egin zuen 1988an, eta 4x100eko taldeak 41.37 1985ean. Bi Alemaniak batu zirenean, agerian gelditu zen ekialdekoak dopin sistema antolatua zuela. Epaiketak egin ziren arduradunak zigortzeko, baina kirolarien markak ez ziren ukitu.

>

g Emakume azkarrena. 1988ko Olinpiar Jokoak mugarria dira dopinaren historian. Ben Johnsonen positiboak lurrikara eragin zuen atletismoan, eta ordutik aurrera serioago hartu zen dopinaren kontrako borroka. Baina izan zen krisi hura saihestu zuenik. Florence Griffithek marka harrigarriak lortu zituen 100 eta 200 metroetan: 100 metroetan, 27 ehunen ondu zuen Evelyn Ashforden marka, Indianapolisen; 200 metroetan, Seulen, 37 ehunenetan jaitsi zuen Marita Kochek eta Heike Dreschlerrek zutena. Azken urteotan, Marion Jones ez zaio hurbildu ere egin. Olinpiar Jokoen ostean, Griffithek atletismoa uztea erabaki zuen, dopinagatik zigortua izateko beldurragatik, batzuen ustez.

>

g Dortoken odola. Orain hamar urte, Stuttgarteko Munduko Txapelketetan, ordura arte munduari ezezagunak zitzaizkion atleta txinatarrak izan ziren protagonistak. 1.500, 3.000, 5.000 eta 10.000 metroetan jaun eta jabe izan ziren, eta hilabete geroago marka guztiak txikitu zituzten. Belaunaldi bat baino gehiago beharko da Qu Junxia eta Wang Junxiaren denborak ontzeko. Esate baterako, 10.000 metroetan minutu erdiko aldea ateratzen dio Wang Junxiak Paula Radclifferi. Dortoken odola eta entrenamendu sistema militarra aipatuz arrazoitu zuen Ma Junren medikuak bere kirolarien arrakasta, baina laster argitu zen Alemaniako Errepublika Demokratikoaren pareko dopin sistema zutela antolatua. Sydneyko Olinpiar Jokoetan ez zuten domina bat bera ere lortu.

>

g Gizonezkoen jaurtiketak.

Gizonezkoen artean, belaunaldien arteko aldeak ez dira hain nabarmenak, markak modu erregularragoan ontzen dira horrek ez du esan nahi dopinik ez dagoenik, ziurrenik denbora gehiago daramatelako lehian. Kasu deigarririk bada, ordea. Disko eta mailu jaurtiketetako markak 1986koak dira, eta pisu jaurtiketakoa, 1990ekoa. Javier Sotomayor kubatarrak du altuera jauziko marka onena, dopinagatik zigortu zuten arren. Marka galdu duen bakarra Ben Johnson izan da. Kanadarrari larrutik ordainarazi zioten iruzurra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.