Taldeak finala jokatzeko duen gogoa azpimarratu du Begoña Fernandez Itxakoko pibotak (Vigo, Galizia, 1980). Badaki Larvik dela txapela janzteko faborito, baina Itxako pistara irabaztera aterako dela azpimarratu du, orain arte lortutakoa anitz bada ere, nafarrek ez dutelako konformatu nahi.
Eldaren aurkako partida izan da finalaren aurreko azken saioa. Zer moduz zaudete?
Ongi, jokatzeko gogoz jada. Eldaren aurkako partida, egia erran, ez zen hagitz ona izan. Uste dut kontzentratzeko arazoak izan genituela. Baina partidak balio dezake egin ditugun hutsak zuzendu ahal izateko. Horretarako profitatu beharko dugu.
Burua Larviken zenuten Eldaren aurka jada?
Bai. Zaila da finalak duen eraginari ihes egitea.
Pistara ateratzeko irrikan zaudete?
Bai, halaxe gaude. Halako finalak dira jokalari guztiek jokatu nahi dituzten partidak, eta guk esperientzia hori bizi behar dugu. Motibaziorik ez zaigu falta. Gauzak ongi ateratzea eta joko ona erakustea espero dugu; bertzerik ez dugu nahi.
Zuretzat zer da finala jokatzeko aukera izatea?
Gauza handia, lor dezakedan saririk garrantzitsuenetako bat jokalari gisa. Uste nuen Txapeldunen Liga jokatu gabe erran beharko niola agur eskubaloiari, baina azkenean lortu dut. Hagitz kontent nago, emozioz beteta. Aukera handia da hau.
Munduko talderik onena izanen duzue aurrean. Zer deritzozu?
Halaxe da. Baina munduko talderik onenak ere baditu ahuluneak. Itxakok ere, gainera, baditu Larviki aurre egiteko bere tresnak.
Zeintzuk dira?
Garrantzitsuena izanen da baloia ez galtzea. Larvik bikaina da kontraerasoan, eta, ondorioz, alor horretan egin beharko diogu min aurkariari. Defentsan eta erasoan ere, noski, fin ibili beharko dugu. Bertzela nekez lortuko dugu aurrera egitea.
Larvik txapela irabazteko faboritoa izateak mesede egiten dizue zuei, presio gutxiago izateko?
Ez dakit. Egia da Itxakok inoizko denboraldirik onena egin duela eta orain arte lortu duguna hagitz garrantzitsua dela. Baina taldeak gehiago nahi duela erakutsi behar du, nire ustez. Bertzela, irabazteko aukerarik ez dugu izanen.
Larvik ezustean harrapatzeko prest zarete, beraz?
Horretan saiatu behar dugu. Ahalegin hori egin behar dugu. Finean, finalera ailegatzen bazara, nola edo hala irabazteko ahalegina egin behar duzu. Hori da zerbait lortzeko modu bakarra. Denboraldi hau zoragarria izan da, eta hori ez da aldatuko, finala galtzen badugu ere. Baina ez dugu konformatu behar. Aurrera egiten jarraitzeko grina erakutsi behar dugu. Hori eginez gero, finala irabazteko aukera izanen dugu.
Eskubaloia. Txapeldunen Ligako finala: Larvik-Itxako. Begoña Fernandez. Itxakoko jokalaria
«Munduko talderik onenak ere baditu ahuluneak»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu