Musean, 31 eskutik

Kaikuk irabazi zuen Castron igandean, eta ia-ia erabakita utzi du San Miguel liga, bi estropada falta direla

Kaikuko zaleak bere ontzia txalotzen, iragan larunbatean Portugaleteko bandera irabazi ondoren. L. J. / ARP.
Aitor Manterola Garate.
2013ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
San Miguel liga karta jokoa balitz, eta arraunlariak musean jarriko balira, Kaikuk 31 eskutik dauzkala esan beharko litzateke. Partida irabazteko aukera ia guztiak berak dauzkala, alegia. Jokoa berea da, eta horrekin, liga osoa ere bai. Ondorio hori atera behar da igandeko estropadatik. Castron (Espainia), liga honetan lortzen duen zortzigarren bandera bereganatu zuen. Erdiak irabazi ditu.Hori gutxi ez, eta gainera, bere atzetik dituen Urdaibai eta Orio oso atzean geratu zitzaizkion: Orio, bosgarren, eta Urdaibai, seigarren. Bi estropada baino ez dira falta aurtengo liga amaitzeko, eta bi aurkari horiek karta onak izanda ere, bi jardunaldi horietan Kaiku da 31 eskutik dituena.

Kontuak horrela izateak esan nahi du nabarmen dabilela Kaiku, baina igandekoak emozio puntu handia izan zuen. Ikusgarria izan zen estropada, eta aurtengo ederrena izan ez bazen, ez zaio asko faltako. Noiz atera behar horrelakoa, eta Kontxako Banderaren atari-atarian. Txanda guztietan egon zen ikuskizuna, eta, gainera, haizea indartuz joan zenez estropada aurrera zihoan heinean, ohorezko txandan ibili ez ziren batzuk ere gertu izan ziren bandera irabaztetik. Lehen txandako garaile izan zen Astillerok egin zuen hirugarren, eta bigarren txandako txapeldun izan zen Tiranek, bigarren. Bi segundoan sartu ziren Kaiku eta bi horiek.

Ohorezko txanda bera ere oso estu joan zen. Lehen ziabogan, hiru segundoan ziren Kaiku, Urdaibai, Hondarribia eta Orio. Bigarrenean, biren barruan zeuden lau ontziak, baina Urdaibai buru zela. Hirugarrenean puskatu zuen estropada Kaikuk; brankaz, ohi duen moduan. Estropadaren erdian buruan zen Urdaibai zazpi segundo atzetik zuen hirugarren ziabogan. Azken luzea geratzen zen, eta azken asteetako galderak indarra hartu zuen: Kaiku ibiliko al da poparean? Bigarren luzean beste hirurak baino makalago ibili zen, eta kezka zegoen bazterretan. Baina ondo moldatu zen ligako nagusia, eta zortzina segundo atera zizkien Oriori eta Urdaibairi;11 Hondarribiari. Tiranen eta Astilleroren denborak ere hobetu zituen, eta bandera eraman zuen.

Castreña, KAE 1 ligara jaitsi da

Igandeko estropadaren beste arreta gunea etxeko ontzia eta arraunlariak izan ziren. Non eta zaleen aurrean, etxean galdu behar San Miguel ligarako sailkatzea. Matematiken azken epaia falta zitzaion, aurreko estropadetan nahiko garbi geratua baitzen zer gertatuko zen. Igandean, zaleen epelean, ez zuten asmatu, eta azkenak izan ziren lehen txandan. Nabarmen, gainera. Aurkari handiena izan duten Zumaiak, esaterako, 31 segundo atera zizkien. Ligari distira handia eman dion klubak KAE 1 ligan egin beharko du arraunean datorren denboraldian.

Zumaia ariko da jaisteko kanporaketan, Zierbena, Isuntza, Meira eta Cabo da Cruzekin batera. Irailaren 14an eta 15ean izango da, Bermeon eta Portugaleten.Ligako azken bi estropadak ere hor izango dituzte sailkapeneko lehen zortzi sailkatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.