«Mutil jatorra da Guti»

Real Madrilek Ipurua futbol zelaian jokatuko du etzi, hamar urte geroago. 2004ko urtarrilaren 7an, Espainiako Kopako final-zortzirenetan lehiatu ziren bi taldeak, eta Ander Alañak aukera izan zuen partida handi hura jokatzeko.

Eibarreko jokalariak, Roberto Cuevasek Real Madrili sartutako gola ospatzen. 2004ko urtarrilaren 7an jokatu zen partida hura, Ipuruan, Kopan. JON HERNAEZ / ARP.
Aitor Manterola Garate.
2014ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eibarren entrenamendu hura ez zen ohikoa izango. Lanean ari zirela edo lanak bukatuta zituztela, ez ziren etxera joan garai hartan Jose Mari Amorrortuk zuzentzen zituen jokalariak. Albiste baten esperoan ziren, eta jakin arte ez zuten bakerik izan. Espainiako Kopako final-zortzirenen zozketaren berri izan nahi zuten. Sailkatua zegoen Eibar kanporaketa hura jokatzeko, eta aurkari handi bat nahi zuten.

«Real Madril egokitu zitzaigula entzun genuenean, egundoko poza sentitu genuen. Ilusioa ere bai. Real Madril nahi genuela esaten aritu ginen aurreko egunetan, eta halaxe tokatu zitzaigun». Ander Alaña (Bilbo, 1981) ari da hizketan, garai hartan Eibarreko jokalari gisa lehen sasoia betetzen ari zen erdiko atzelaria —Leioan ari da orain, Bigarren B Mailan—. «Opari bat izan zen klubarentzat eta herriarentzat. Aurreko denboraldian, justu-justu lortu zuen taldeak Bigarren Mailan irautea, azken jardunaldian, eta handik oso gutxira Real Madril Ipuruan ikusteko aukera edukitzea itzela izan zen».

Real Madril entzun orduko zer sentitu zuen kontatu du. Hasierako une zirraragarri hura. Baina gero zer? Kanporaketa festa moduan hartu ala aurkari handienetakoa izanda ere kanporatzeko asmoz jokatu? «Segituan hasi nintzen pentsatzen Ipurua bete egingo zela zalez partida ikusteko, eta zerbait berezia sentitu nuen orduan. Banekien oso zaila izango zela kanporaketa gainditzea, baina, behin zelaian sartuta, festak alde batera utzi nituen, bai nik eta bai taldekideek ere». Urtarrilaren 7an izan zen partida historiko hura, eta Alañak ondo dioen bezala, Eibar bikain lehiatu zen: «Berdindu egin genuen, bana, eta pentsatzen hasi ginen zergatik ez genuen kanporaketa gaindituko». Gutik aurreratu zuen Espainiako hiriburuko taldea, lehen zatia amaitzeko bederatzi minutu falta zirela, eta Roberto Cuevasek poza eta algara zabaldu zituen Ipuruan, lehen zatiko luzapenean, berdinketaren gola sartu zuenean. Itzuliko partida geratzen zen, Santiago Bernabeun. «Ikusita nola joan zen Ipuruako partida, aukerarik bagenuela pentsatu genuen, eta egia esatera, estu hartu genituen Madrilen ere. Azkenean, baina, 2-0 galdu eta han amaitu zen gure ametsa».

Alañarentzat, Ipuruako partida hura izan zen Eibarren jokatu izan zituen partida garrantzitsu askoren artean lehendabizikoa: «Taldera heldu berria nintzen, eta garai hartan mugarria izan zen niretzat. Gero, beste partida eta egun handi batzuk ere heldu ziren, zorionez». Parez pare izan zituen Real Madrileko jokalariak handiak, nahiz eta izar asko gabe azaldu Ipuruan: «Ez zituen Carlos Queiroz entrenatzaileak izar guztiak ekarri. Roberto Carlos, Zidane, Raul, Figo eta Beckham, esaterako, ez ziren etorri. Baina Casillas, Cambiasso, Portillo,Solari eta Guti, adibidez, Ipuruan izan ziren».

Ez ziren ohituak halako jokalariak Ipuruakoa bezalako zelaian jokatzera, baina Alañak ez zien aparteko urduritasunik antzeman:«Normal-normal aritu ziren, beste partida bat balitz bezala. Gainera, Ipurua baino zelai txikiagoak badira, eta ez zitzaien arraroa egin hemen aritzea». Real Madrileko jokalariak izatez nolakoak diren galdetuta, hauxe erantzuna: «Telebistan ageri direnean, ematen du harroxkoak direla, eta, neurri batean, ulertzen dut halakoak izatea, jende pila baten eta kazetarien presiopean bizi behar dutelako. Baina zelaian, aurrez aurre izan nituenean, jarrera berezirik ez zuten izan, normal aritu ziren».

Partida bukatu eta gero, talde txikiak handiaren aurka jokatzen duen aldiro ikusten den irudia ikusi zen Ipuruan ere: Eibarreko jokalariak elastiko eske Real Madrilekoei. Alañak ez zuen zorte onik izan horretan: «Batere gabe geratu nintzen. Ni eskatzera joan nintzenerako, taldekide guztiek aurrea hartu zidaten». Gero, ordea, izan zuen nolabaiteko ordaina eta saria. Ziurrenik, kanporaketa hartatik gordetzen duen bitxikeria politenetakoa bizi izan zuelako: «Dopinaren aurkako kontrola egitea egokitu zitzaidan, eta Guti izan zen Real Madrilekoa kontrola pasatzen. Hamar bat minutuan egon ginen solasean, eta mutil jatorra dela ikusi nuen».

«Eibarrek irabaz dezake»

Iraganeko kontu haiek utzi, eta orainera begira jarri da Alaña. Etzi ko partida berezia izango dela dio, eta uste du Eibarrek irabazteko aukerarik baduela: «Baiezkoan nago ni. Dudarik ez da une txarrak pasatu beharko dituela taldeak, Real Madril sekulako taldea delako, baina egoera horiek gainditzen baditu, kontuz Eibarrekin. Ezustea eman dezake». Ez zaio iruditzen Real Madrilek ez duenik egingo bere ohiko jokoa: «Berea egitera aterako da». Duela hamar urte ere aterako zen, baina Eibarrek ez zuen galdu. Etzi gauza bera gertatzea nahi luke Alañak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.