Era guztietako loreak ari da biltzen Asier Illarramendi denboraldi honetan (Mutriku, Gipuzkoa, 1990). Emaitzak aldekoak direnean sarri gertatu ohi da jokalari bakoitzaren dohainak txalotzea haizeak zakar jotzen duenean baino, baina mutrikuarraren gaitasunen inguruan ez da sekula zalantzarik sortu. Realaren zorionerako, Illarramendi erdilari zoragarria da.
Zubietako kirol arduradun nagusien hitzetan, «edozein egoeratara moldatzeko erraztasuna dauka, eta erabaki zuzenak hartu ohi ditu zelaian». Horregatik nabarmentzen da. Horregatik bilakatu da funtsezkoa Philippe Montanierrentzat. Estatistiken eremuan sartuz gero, argi bereiz liteke zer-nolako pisua duen. Realean baloia batera eta bestera gehien darabilen jokalaria izateaz gain, ia ez du hutsik egiten paseak ematerakoan. Hamar pasetatik zortzi baino gehiago taldekide baten oinetara doaz. Motzean edo luzean jokatu berdin dio. Horrek esan nahi du jokoa lantzerakoan tresna baliotsua dela, baina agian baloia berreskuratzerakoan izango da are eta garrantzitsuagoa.
Realak lehia bakoitzeko oso falta gutxi egiten ditu. Bartzelonaren atzetik beste edozein taldek baino gutxiago. Hala ere, baloi berreskuratzaile onenen zerrendan oso goian azaltzen da Illarramendi. Beste era bateko euskarria da. Vicente Iborra (Levante), Sergio Busquets (Bartzelona), Javi Fuego (Rayo Vallecano), Borja Oubiña (Celta) eta Tomas Pina (Mallorca) euskarriak trebeak dira alor horretan, eta sekulako zeresana daukate euren taldeetan, baina Busquets kenduta, gainerakoek falta asko egiten dituzte. Indarrez lehiatzen dira buruz buruko jokaldietan zelai erdiaren eraztunaren inguruan sartzen direnean, eta horrek, baloia bereganatzeko modua ematearekin batera, aurkako faltak etengabe egitera behartzen ditu.
Mutrikuarrari ez zaio horrelakorik gertatzen jokoari usaina hartzen diolako; gertaerei aurre hartzen die, futbolaren arauak ulertzeko ezohiko jakituria baitu. Ondorioz, kontrarioa baino lehenago iristen da gehienetan baloiaren inguruetara, eta egitekotan, hari egiten dizkiote faltak. Carlos Velaren ostean beste inori baino gehiago Realean. Eta Lehen Mailako erdilariei dagokienez, berriz, Ander Herrera eta Roberto Trashorras (Rayo Vallecano) baino ez dituzte gehiagotan bota lurrera. Haren egiteko nagusia jokoa orekatzea denez, taldearen ardatz garrantzitsuenetariko bat bilakatu da. Ez dauka zertan baloirik izan arrastoa uzteko.
Apala bezain handizalea
Hiru urte beteko dira laster Realak maila berreskuratu zuenetik. Horretarako pausorik erabakigarriena ziurrenik Cadizen eman zuen, eta egun hartan Illarramendik bertatik bertara ikusi zuen Carlos Buenoren erakustaldia. Aurrelari uruguaitarra ez zen izango profesionalik eredugarriena, baina izaera lehiakorrekoa zen, eta beste inork baino hobeto kontrolatu zituen orduko bizipenak. Erantzukizunaren zamagatik eta huts egiteko beldurraren ondorioz, hainbat eta hainbat uzkurtuta joan ziren zelaira, mutu. Tartean, Illarramendi. Bueno, ordea, hazita iritsi zen. Illarramendik artean ez omen zuen ia hitzik egiten aldagelan. Buenok berak adarra jotzen zion horregatik sarri. «Mutil hori mutua da ala?», galdetzen zuen ozen, nahita, Illarramendi gaztea zirikatzeko. Mutrikuko jokalariak irribarre lotsati batez erantzuten zion. Berak nahiago zuen ikusi eta ikasi.
Zalantzarik gabe orduko beteranoenen zuhurtziatik gehiago du egun Buenoren portaera lotsagabetik baino, nahiz eta beti ezin daitekeen burutsu eta hotz jokatu. Izan ere, Illarramendi bera izan zen mailari eusteaz aparteko helburu mamitsuez mintzatzen hasi zen lehenengotarikoa Zubietan. «Bazen garaia Europaz hitz egitekoa. Aurreneko sei tokietan amaitu nahi dugu», adierazi zuen Mallorcari irabazi ostean, otsail hasieran. Harrezkero, beste bost neurketa jokatu ditu Realak, eta garaipen bikainak eskuratu Athletic, Atletico eta Valladoliden aurka. Nabarmen egin du gora, jokalarien konfiantzak bezala. Hain zuzen, horri eustea izango da erronka, eta horixe jarri die helburutzat Montanierrek. Illarramendik zelaian berritsu izaten jarraitzen duen bitartean ziur zeresana ematen jarraituko duela Realak sasoia amaitu arte.
Mutuaren etorria
Pase gehien ematen duen Realeko jokalaria izan arren, baloirik gabeko lanean are eta garrantzitsuagoa da egun Asier IllarramendiEmaten dituen hamar pasetatik zortzi pasatxo doaz taldekide baten oinetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu