Jaso daiteke muturreko bat, eta berriz altxatu. Kostatzen da, baina posible da. Jaso daiteke beste muturreko bat, eta berriz altxatu. Hori jada zailagoa da, adore asko behar da. Baina egin, egin daiteke. Hirugarren kolpe bat jaso eta berriz ere altxatzea, ordea, oso zaila da, eta normalena amore eman behar izatea da. Horixe gertatu zitzaion atzo Alemaniari Serbiaren aurka: muturrekoak jaso zituen bata bestearen atzetik, eta etsi egin behar izan zuen azkenean.
Lehen muturrekoa partida hasi eta gutxira jaso zuen. Alberto Undiano Mallenco euskal epaileak bi txartel hori atera zizkion Kloseri ordu erdi eskasean, eta aurrelari alemaniarrak aldageletarako bidea hartu behar izan zuen. Undiano Mallencoren erabakiak sutan jarri zituen Alemaniako selekzioko kideak. Arrazoirik ez zitzaien falta, epaile nafarra oso zorrotza izan baitzen.
Baina okerrena iristeko zegoen, minutu eskas bat geroago Serbiak gola sartu baitzuen. Klasicek erdiraketa egin zuen ezkerretik, Zigicek buruz utzi zion baloia area txikian Jovanovici, eta hark ederki errematatu zuen. 0-1. Bigarren muturrekoa. Bigarrena minutu eskas batean.
Alemania, baina, ez zen makurtu. Entrenatzaile batek baino gehiagok aldaketaren bat egingo zuen, jokatzeko era aldatu edo. Loewek ez. Alemaniako hautatzaileak oso argi ditu gauzak. Klinsmannek orain sei urte hasitako bideari eutsi nahi dio. Ez da kasualitatea, haren laguntzaile izan baitzen. Eta zein da bide hori? Zer nahi zuen Klinsmannek lehen, eta Loewek orain? Atzean utzi urtetan Alemania ezagun egin duen estiloa. Estilo sinplea zen: baloi luzea areara, garaiera handiko aurrelariaren bila. Gero alderatze bat zegoen, huts bat, burukada bat, eta akabo partida. Garaipena patrikara. Zaila da eredu hori aldatzea, are eta gutxiago eredu horrekin titulu mordoa irabazi direnean: hirutan izan da munduko txapeldun, eta beste horrenbestetan Europako txapeldun. Horregatik du meritu handia Alemaniako selekzioko azken bi hautatzaileek egindako ahaleginak.
Nahi eta ezin
Alemania talde gaztea da orain, baina ez du galdu aurreko taldeek zuten borrokarako grinarik. Orain, ordea, aurkariaren zelaian jokatzen du, oso defentsa aurreratuarekin, defentsarako dohainak dituen erdilari bakar batekin (Khedira), aurkariaren areara iristeko irrikan dauden hiru erdilarirekin (Schweinsteiger, Oezil eta Muller) eta elkarrekin ederki moldatzen diren bi aurrelarirekin: Klose eta Podolski. Australiaren aurkako partidan geratu zen argi makinaria ondo dabilenean Alemania ia gaindiezina dela.
Baina makina horrek pieza bat galdu zuen atzo neurketa hasi eta minutu gutxira. Hala ere, ez zen gelditu makina. Lanean jarraitu zuen. Ez bete-betean, baina bai erritmo onean. Horrela iritsi ziren lehen aukerak gola sartzeko. Khedirak izan zuen lehena, aurreneko zatiaren hondarrean, baina haren jaurtiketa langara joan zen zuzenean. Abisua zen. Alemania zauritua zegoen, baina ez hilda.
Bigarren zati hasieratik erakutsi zuten alemaniarrek oso bizirik zeudela. Podolskik eta Schweinsteigerrek aukera onak izan zituzten gola sartzeko. Jokaldi gehienak Oezilen oinetan hasten ziren. Erdilari gaztea min handia ari zen egiten. Alemania gero eta arrisku gehiago ari zen sortzen. Gertu zirudien golak.
Eta iristekotan izan zen, 59. minutuan. Kuzmanovicek Ghanaren aurka egin bezala, Vidicek eskuarekin ukitu zuen baloia arrisku handirik gabeko erdiraketa batean. Undiano Mallencok ez zuen izan zalantzarik: penaltia. Hortxe zuen aukera Alemaniak berdinketa lortzeko. Podolskik, baina, Stojkovicen eskuetara bota zuen baloia. Hirugarren muturrekoa, muturreko historikoa: orain 36 urte huts egin zuen azken aldiz Alemaniak penalti bat Munduko Kopa batean.
Podolskiren hutsegitea errematea izan zen Alemaniak amore eman zezan. Hortik aurrera ezinean aritu zen. Cacau, Marin eta Gomez zelairatu zituen Loewek, erasoko jokalariak guztiak. Alferrik. Serbiak izan zuen, gainera, gertuago gola.
Atzoko emaitzarekin, asko aldatu da Alemaniaren eta Serbiaren egoera. Hiruna puntu dituzte, Ghanak bezala. Afrikako taldeak, baina, gaur jokatuko du Australiaren aurka. Azken jardunaldian Serbiak Australia izango du kontrario, eta Alemaniak, Ghana. Serbiarrei etorkizuna argitu zaie. Alemaniarrei, aldiz, ilundu.
Muturreko gehiegi
Epaileak Klose kaleratu du, eta, jarraian, Serbiak partidako gol bakarra sartu. Alemaniak, gainera, penalti bat huts egin du gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu