Erasoan askok uste baino hobeto ari da Reala Lehen Mailan. 39 gol sartu ditu. Azken denboraldian, jardunaldi berean, hiru gehiago zeramatzan soilik Bigarren Mailan. Orain arte jokalari askok lagundu dute egiteko horretan. Erdilarien ekarpena, esaterako, aipatzekoa da. Baina azken boladan freskotasun apur bat galdu du taldeak, eta ate aurrean ere ez dabil lehen bezain fin. Bost jardunalditan lau gol besterik ez ditu sartu, eta horietatik bakarra izan da aurrelari batena —Agirretxek Deportivori sartutakoa—. Hori dela eta, bolada onenetan erakutsitako maila ona berreskuratu nahi dute Realeko aurrelariek, eurena delako gola sartzeko ardura, eta aurrelariak beti duelako, azken finean, luzitzeko behar berezia.
Tamudo da adibiderik garbiena. Arean ehizarako jaiotako mutila da. Oportunista, hitzaren zentzu onenean. Llorentek min hartu zuenean kezka piztu zen, baina haren lekukoa ezin hobeto hartu zuen hasieran. Realak hiru partida irabazi zituen jarraian Anoetan lau jardunalditan, Almeria, Osasuna eta Mallorcaren aurka, eta hiruna gol sartu zituen. Santiago Bernabeun ere izan zituen Casillas gainditzeko abagune garbiak, baina ez zuen lortu. Hala eta guztiz ere, hiru garaipen horiei esker jauzia eman zuen Realak sailkapenean, eta orduan erabaki zuten askok mailari eustea helburu apalegia zela.
Harrezkero, ordea, zer ospatu ez du izan kataluniarrak. Oso partida berezia jokatu zuen Cornellan, bere betiko taldearen aurka, eta lehen zatian gertu izan zuen gola, baina bigarren zatian, eta ondoren jokatutako hiru partidatan, gutxiegi agertu da. Egia da taldearen jokoak ez duela askorik lagundu, baina erabaki okerrak hartu ditu aukera izan duenean, Malagaren aurka, adibidez. Penaltiaren bila joan da, eta atzelariekin itsututa ibili da behin baino gehiagotan. Behatzean izan duen arazoak eduki dezake zerikusirik. Hala ere, sekulako eskarmentua du, ohituta dago bolada txarrak behar bezala igarotzen, eta seguru bere onera itzuliko dela.
Tamudori atsedena eman nahi baldin badio, Martin Lasartek badu non aukeratu. Ifranek Santanderren bigarren zatian egindako lan txukunak itxaropena piztu du. Hasiera batean abenduan hasi behar zuen jokatzen uruguaitarrak, baina ezbehar fisikoak pilatu zaizkio, eta titular gisa ez du behin ere jokatu. Txarrenean jartzen ari ziren zaleak, Realak aurrekari beltz ugari dituelako min hartutako fitxaketekin. Klubak haren aldeko apustu argia egin zuen udan, 1,5 milioi euro ordaindu baitzituen belauna apurtuta eduki eta maila gutxiko Liga batetik etorri arren. Nihatekin konparatzen dute, azkarra eta jaurtiketa onekoa delako, nahiz eta zaila izango duen turkiarraren erdia ere egitea.
Dohain politak erakutsi zituen Racingen aurka, baina partida bakarra gutxiegi da jokalari bat epaitzeko. Mantso joango dira berarekin, Lasartek atzo adierazi zuenez:
«Zaila izango da partida oso bat jokatzea, baina zati bat edo gehiago bai. Oso jokalari fisikoa da. Mugikortasun handia du, eta erritmo aldaketa bortitzak egiten ditu. Beraz, fisikoki sendo egon behar du bere dohainei etekina ateratzeko». Entrenatzailearen ustetan, ondo etorri zaizkio azken bi asteak: «Badaki gertuago dagoela bere onera itzultzetik, eta taldekideentzako ere garrantzitsua da zelaian maila ona eman dezakeela ikustea». Kalitatezko minutuak eskain ditzakeela uste du: «Erritmoa, kalitatea, txispa…».
Agirretxerentzat ere denboraldi gogorra izaten ari da. Ez lesioengatik, baizik eta aukera faltagatik. 173 minutu baino ez ditu jokatu, eta behin bakarrik jokatu du hasieratik, Deportivoren aurka duela hiru jardunaldi, Tamudo min hartuta zegoenean. Batez besteko ona du, bi gol sartu baitizkio Miguel Angel Lotinak zuzentzen duen taldeari, baina oso pozik ez da egongo. Neguan utzita joateko zorian egon zen, baina Realak hala eskatuta, gelditzea erabaki zuen. Hala ere, Lasartek eskema aldatzen ez badu, zail izango du asko jokatzea. Klubeko kirol arduradunak etengabe esaten ari dira taldeko etorkizuneko aurrelaria dela, baina ekintzekin ez dute konfiantza bera adierazten.
«Urteko saio onenetakoak»
Herculesen aurkako partidari begira itxaropentsu azaldu zen Lasarte, etenaldiak dinamika txarrarekin hausteko balio izan duelakoan. «Ondo etorri zaigu, jokalariak indarberritzeko, gutxi jokatzen ari zirenei minutuak emateko eta batzuekin entrenamendu bereziak egiteko. Oso sentipen ona daukagu. Aurreko astea lasaitasuna berreskuratzeko aprobetxatu genuen, eta oraingoa bizitasuna lantzeko». Jokalarien lanarekin oso pozik dago: «Urteko entrenamendu onenetakoak egin ditugu talde mailan. Jendea oso sartuta ikusi dut, sekulako grinarekin. Segurtasuna ematen dit horrek».
Etxean sendo aritzea du Realak helburu: «Tamalez, azken boladan ez dugu lortu, aurkari zuzenekin. Puntuak behar ditugu. Ez dugu nahi estutasunik edo beldurrik. Lasaitasunarekin lortu nahi dugu gure helburua, aukera baldin badago». Miroslav Djukic Herculeseko entrenatzaile berriari buruz «oroitzapen bikaina» duela adierazi, eta jokalari gisa zituen dohainak teknikari gisa kutsatzen ahaleginduko dela eman zuen aditzera. Haatik, Realak «berea egitea» da entrenatzailearen ardura nagusia. Markagailuan aurreratzeak duen garrantziaz galdetu zioten: «Gola da aldaketa taktikorik handiena. Konfiantza, lasaitasuna eta desberdin jokatzeko aukera ematen dizu». Gola da, hain justu, Realeko aurrelariek begitartean dutena.
Nabarmendu egin nahi dute
Azken bost lehiatan soilik lau gol sartu ditu Realak, eta bakarra izan da aurrelari batenaMartin Lasarte baikor da, eta espero du etenaldiak eta Ifranen ekarpenak on egingo diotela talde txuri-urdinaren jokoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu