Nafarrak eta bakarrak

Hondarribiako tostetan bi nafar daude: Agoitz Irazoki eta Iker Marizkurrena. Bata, Lesakakoa; bestea, Sunbillakoa. Salbuespena dira: ez dago besterik San Miguel ligan.

Iker Marizkurrena eta Agoitz Irazoki, atzo, Hondarribian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2015eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hondarribiaren egoitzan, gazte bat azaldu zen duela sei urte. Handia eta sendoa. Han ikusi zutenek pentsatuko zuten arraunlari izateko gorpuzkera zuela. «Arraunean hasi nahi dut», esan zien gazte hark. «Zer egin behar dut?». Entrenamenduetara azaltzeko erantzun zioten. Gaur arte. Horrela hasi zen arraunean Iker Marizkurrena (Sunbilla, 1982).

Zortzi urte badira Gonzalo Carrionek ezkontza bat izan zuela Lesakan. Hondarribiako arraunlaria da Carrion. Garai hartan, arraunlari premian zen klubeko bigarren trainerua, eta Lesakako gazteen artean arrantzan jardun zuen. Sarea bota, eta bat animatu zitzaion. Telefonoa eman zion gazte hark, eta heldu zen zenbaki hura klubera. Handik gutxira, deia jaso zuen Hondarribitik Agoitz Irazokik (Lesaka, 1985). Eta bertan jarraitzen du, itsasoari aparrak ateratzen.

Nafarrak eta bakarrak dira arrauneko liga nagusian, ez baita besterik San Miguel ligan. Biek onartzen dute ezohiko kasua dela beraiena. Lehendik kirolean ibiliak dira: «Txirrindularitzan ibili ginen biok», gogoratu du Marizkurrenak, futbolean ere jokatu zuela aipatzearekin bat. «Ni korrika ere ibili nintzen», gehitu du Irazokik. Orain, elkarrekin dabiltza arraunean, Hondarribian. Hantxe hasi ziren, eta han dira oraindik. Eta ez dute aldatzeko asmorik: «Talde on honen urterik onenetan tokatu gara parean».

Irazoki 2010ean igo zuten aurreneko taldera, eta Marizkurrena, urtebete geroago. Garaipenaren gozoa dastatuak dira biak, baina Irazokik palmares handiagoa dauka, Marizkurrenaren zorte txarra tarteko: «2012an ezin izan nuen arraun egin, bizkarreko minez, eta 2013an, itzuli nintzenean, B ontzian aritu nintzen». Urte hartan irabazi zuen, hain justu, Kontxako Bandera preziatua Irazokik. Iaz San Miguel ligako garaipenean bai, biak egon ziren.

Esne mamitan jarraitzen dute biek, iazkoaren segidan. Dotore dabil Ama Guadalupekoa trainerua, eta ligan, zazpi estropadatan irabazi du; 11 dituzte jokatuak. Ez zuten espero hain ondo ibiltzea aurten. Hala dio, behintzat, Irazokik: «Sinetsi ere ez dut egiten oraindik zeinen ongi gabiltzan». Beren asmotan lau onenen artean ibiltzea zegoela azaldu dute: «Latza da garai honetan zazpi bandera irabazita edukitzea», gehitu du Marizkurrenak.

Liga ondo lotua dutenik, baina, ez dute uste. Lan asko daukate egiteko oraindik, beren hitzetan: «Gutxi behar da Ligako estropada batean hamargarren egiteko, eta guri ere gerta dakiguke hori. Portugaletera arte [azkeneko estropada] topera joan behar dugu».

Nagusi izaten ari da bi nafarren taldea, eta horren oinarrian hainbat ezaugarri on daude. Bi aipatu dituzte: «Oso erregularrak ari gara izaten», esan du Irazokik. «Posturik txarrena bosgarrena izan da guretzat», gehitu dio Marizkurrenak. Arraunkera aipatu dute beste giltzarrietako baten gisan: «Asko tematzen da Mikel [Mikel Orbañananos entrenatzailea] arraun egiteko moduan. Oso luze egiten dugu». Eta, iaztik hona, hobekuntza hau egin dutela diote: «Aurten, ontzia azkar joaten da erritmo apalagoetan ere, 35 pala kolpetan esaterako, eta horrek aukera ematen digu indarrak gordez joateko estropaden amaieran indartsu azaltzeko», azaldu du Sunbillakoak. Arraun munduko oinarrizko kontuak ondo ikasiak dituztela esan nahi du adierazpen horrek. Nork esango zien halakorik arraunean hasi zirenean? «Pentsa, 2010 hartan, estropadarik ez nuen egin, eta entrenatzera ontzian sartzen nindutenean txoriak bezala kantari joaten nintzen, pozik», gogoratu du Irazokik.

Zarauzko arantza

Poz bera, antzekoa edo handiagoa hartuko luke igande eguerdian Zarauzko Bandera irabaziko balu Hondarribiak. «Ez dugu inoiz irabazi, eta klubaz ari naiz. Bere historian sekula ez du Zarauzko bandera ekarri». Jabetuta daude estropada berezia dela: «Guretzat bai, ez dugulako inoiz irabazi», esan dute, algaraka. Serio jarrita, berezitasun horretaz aritu dira: «Bi egunetara jokatzen denez, hartu du halako sona, eta eremua bera ere ez da ahaztu behar, polita baita».

Itsasoa dago emanda, baina ez ditu ikaratzen horrek: «Ondo moldatzen da taldea edozertara», diote biek. Arraunean hasteko urratsa egin eta kirol gogor horretara hain ondo egokitu diren bi hauek ikaratuko dituenik ez da, nonbait. Ez dauzka saltzeko Mikel Orbañanosek. «Ez pentsa, baina, sekulakoak garenik edo gure taldean halakorik denik. Beste edozein taldetan bada Hondarribian bezalako arraunlari onik», onartu dute umil asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.