Aitor Elordi. Aspeko pilotaria

«Nagoen tokian egon nahi badut, badakit ezin naizela erlaxatu»

Elkarren segidan maila nagusiko bi txapel irabazi izana jadanik «barneratuta» daukala dio Aitor Elordik. Ekainean, 2025era arte berritu zuen hitzarmena Asperekin. «Merezi nuen halako kontratu berri bat».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Orain arte emaitzak aldeko izan ez baditu ere, bere kirol ibilbideko udarik «bereziena» bizitzen ari da Aitor Elordi (Mallabia, Bizkaia, 1996). Buruz buruko eta binakako txapeldunak txapelketa nagusietan sentitu ez zuen nekea «nabaritu» zuen oporretatik bueltan, eta urte guztian tantoa amaitzeko erakutsitako «erraztasuna» falta zaiola nabari du. «Ez nago kezkatuta». Beran jokatuko du gaur (Nafarroa).

Zure kirol ibilbideko udarik bereziena da hau?

Bai. Binakako eta buruz buruko txapelak irabazteak aukera eman dit bestelako uda bat bizitzeko. Gasteizko txapelketan izan ezik, beste torneo guztietan egon naiz, eta berezia da, bai.

Irabaztea kostatzen ari zaizu, ezta?

Bai. Oporretatik bueltan, nabaritu nuen kosta egiten zitzaidala erritmoa berriro hartzea. Hala ere, partidaren bat edo beste kenduta, uste dut ez dudala maila txarra erakutsi. Urte guztian tantoa amaitzeko erakutsi dudan erraztasuna falta zait orain. Jakina zen lehenago edo beranduago une hori irits zitekeela; ez nago kezkatuta.

Orain hasi zara nabaritzen hiru txapelketa nagusiak jokatzeak sortzen duen nekea?

Agian bai. Lau eta erdiko txapelketa jokatu ostean, binakakoan hasi nintzenean, inoiz pentsatu nuen beherakadaren bat izan nezakeela. Ez zen halakorik gertatu, ezta buruz burukoan ere. Ni ere harritu nintzen sentitzen nuen freskotasunarekin.

Bestalde, Jon Ander Albisurekin jokatzen ari zara Udako Mastersa. Nola moldatzen ari zarete?

Emaitzak ez dira nahi genituenak izan. Azkeneko partidan zorte pixka bat falta izan zitzaigun, 22 eta 21 galdu genuen-eta, baina aurrera jarraitu behar dugu. Ea aurrerantzean zorte handiagoa dugun.

Bi txapelak irabazi ostean zenioen «ametsetan» zeundela. Esnatu zara?

Bai, aspaldi barneratu nuen hori. Beste garai batean gaude orain, eta beste erronka batzuk ditugu. Udan ahalik eta hobekien aritzeko, nahitaezkoa zen hori guztia barneratzea.

Zer da txapeldun izatearen gauzarik onena? Eta txarrena?

Orain arte behintzat, ez dut uste ezer txarrik izan duenik. Agian, nabaritzen duzu partida guztietan zure onena emateko gogo hori daukazula, eta, galtzen duzunean, buruari behar baino buelta gehiago ematen dizkiozula. Jakin behar da hori kontrolpean izaten. Uda hau ahalik eta gehien disfrutatzen ahalegintzen ari naiz.

Ekainean, 2025era arte berritu zenuen kontratua Asperekin. Zer izan da zuretzat hitzarmen berri hori egitea?

Lasaitasun apur bat eman dit. Egia da bi urte berehala igarotzen direla, baina egindako lan guztiaren saria da. Orain arte izan ditudan kontratuekin zerikusirik ez duen kontratu bat da, eta, alde horretatik, lanean jarraitzeko indar handia ematen dit. Ea bi urte hauek igarotzen direnean halako kontratu gehiago sinatzeko aukera daukadan.

Zeuk eskatu zenuen berritzea, enpresaren ekimena izan zen, edo erdibideko zerbait?

Erdibideko zerbait izan zen.

Baldintzak oso ezberdinak dira?

Bai, arlo ekonomikoan bereziki. Nahiz eta kontratu oso luzea ez izan, ez nago arduratuta, orain arte bezala lanean jarraituko dut-eta. Azken urteetan eman dudan mailaren eta nire kontratuaren artean uste dut ez zegoela oreka hori, eta, beraz, bai, merezi nuen halako kontratu berri bat. Oso pozik nago.

Kontratu luzeagoa nahi zenuen?

Bai, sinatuko nukeen beste urteren bat, baina enpresa alde horretatik ez zegoen emateko. Dena den, pozik nago kontratuaren iraupenarekin.

Jokin Altunaren arazo fisikoak direla medio, buruz buruko finalaren errebantxa bertan behera geratu zen. Pena izan da?

Bai, partida hori jokatzeko gogotsu eta mentalizatuta nengoen jada, eta, atseden hartu ostean, fisikoki ondo sentitzen nintzen. Pena eman zidan partida ez jokatzeak, eta irabazi nuen txapel hori ezin defendatzeak, baina ulertzekoa zen Jokinek hartu zuen erabakia. Aurrerago egongo da denbora partida hori jokatzeko.

Aspe barruan, eta aurrelarien artean bereziki, zer mailatan ikusten duzu zeure burua orain?

Badakigu Jokin [Altuna] denon gainetik dagoela, normala den moduan. Azkeneko urteetan, erakutsi du leku hori berea dela. Nire ustez, eman dudan maila ikusita eta txapeldun naizela jakinda, aurreneko lau pilotarien artean banago. Edonola ere, orain nagoen tokian egon nahi badut,azkenaldian eman dudan maila ematen jarraitu beharko dut hurrengo bi urteetan. Lehia handia dago aurrelarien artean, eta badakit ezin naizela erlaxatu: hori oso barneratuta daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.