Nagusia haserretu da

Kaikuk irabazi du Zarauzko estropadetako lehen saioa, eta bandera irabazteko lehian, bederatzi segundo ditu alde gaurkoari begiraSan Miguel ligan, beste puntu bat atera dio Hondarribiari, atzoko bigarrenari

Nagusia haserretu da.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Nagusiak gero eta nagusiago diren garai zail hauetan, muturreko jarrerak zabaltzen ari dira bazterretan. Zapaldu eta txikitu oilartzen direnak. Kaiku da nagusia San Miguel ligan. Emaitzak hor daude, eta denboraldi hasieran espero zena betetzen ari da. Hondarribiak erakutsi dizkio hortzak sasoi honetan, ondo erakutsi ere; baina, atzo ikusi zenaren arabera, bizkaitarrek ez dute bat bera ere onartuko hemendik aurrera.

Zarauzko estropada garrantzi-tsuaren lehen saioan, eskubide guztiak kendu zizkion Hondarribiari, eta, nola ez, gainerako guztiei ere bai, askoz neurri handiagoan. Kolpea eman zuen mahaian, «nik agintzen dut, eta zuek nire azpian zaudete» esanez, bortitz eta sendo. Kolpe berean, bi jo zituen: batetik, bandera irabazteko lehia bideratuta utzi du, bederatzi segundo ateratzen dizkiolako Hondarribiari gaurkoari begira (12:30); eta, bestetik, San Miguel liga bereganatzeko borrokan, beste puntu bat atera dio aurkari berari.

Nagusia haserretu egin zen atzo. Nazkatu da alboan aurkari zorritsuak ikusten. Ez du aldarrikapen gehiago entzun nahi. Kendu egin die lehiarako eskubidea. Bera da nagusia eta kito! Helburu horrekin ekin zion azkeneko txandari. Laugarren kaletik, aurreko txanden arabera txarrena zenetik, indartsu jo zuen aurrera. Brankaz abila da Kaiku, abilena, eta segundoak sartzen joan zen aurkariei. Urdaibai bakarrik izan zuen gertu lehen luzean. Aurkari arriskutsuena, Hondarribia,atzerago zuen.

Popareko lehen metroetan ere joera bera azaltzen zen, baina bueltako lehen bi minutuak pasatu eta gero, Hondarribia harrotu egin zitzaion nagusiari. Nola, gainera. Aurrean ere jarri zitzaion. Egundokoa zen ligako bi onenen arteko lehia. Bigarren ziaboga eman eta gero, segundo alea aurretik zen Gipuzkoako trainerua. Jo beharra zuten biek, baina burua galdu gabe. Kaikukoek bazekiten hirugarren luzean zutela berriz burua hartzeko aukera, eta Hondarribikoak jakitun ziren eutsi beharrean zirela, gero poparean aukerei eusteko. Luze horretako lehen erdian, Hondarribia zen buruan, baina hortik aurrera, nagusiak esan zuen nahikoa zela. Haserre, bizi eta jenio gorrian, egundokoak eta bi jo zituzten arraunlariek. Lehendabizi, parean jarri, segituan aurrea hartu, eta segundoz segundo tartea ireki.

Popareko lana geratzen zen. Berriz ere buruak bueltaka: bigarren luzean, hobeto etorri zen Hondarribia; orain ere bai? Izango zuten kezka hori Kaikuren tostetan, baina azkar batean uxatu zituzten denak. Eman eta eman, arraun kolpe zehatzari beste arraun kolpe zehatzago bat kateatuz, aldeak handituz joan zen. Luze eta erdian, egundoko erakustaldia eman zuen, eta Zarauzko banderaren zati handi bat bereganatu eta ligari beste koska bat kendu. Bederatzi segundora sartu zen Hondarribia, ahoa bete hortz, alboan zikloi indartsua izan zuela barneratu nahian. Nagusiaren haserrea pairatu zuen.

Baina ez berak bakarrik. Datuak beldurgarriak dira: txanda berean, Urdaibairi 27 segundo atera zizkion, eta Tirani, 36. Denboraldian ikusi gabekoa gertatu zen atzo.

Beste txandei dagokienez, berriz ere San Pedroren lana nabarmendu behar da. Bigarren txandan erakustaldia eman zuen, eta aise mederatu San Juan, Portugalete eta Castro, hurrenez hurren. Laugarren izan zen azken sailkapenean, eta gaur, ohorezko txandan lehiatuko da. Jaitsierako kanporaketako lekua zehazteko borrokan, Zumaiak hondoa jo zuen atzo, eta azkena egin. Zierbenak, ligako azkenak, sasoiko estropada onena egin zuen, eta txandan bigarren egin eta gero, hamargarren bukatu zuen, oso duin.

Euskotren ligan, Zumaia

Euskotren ligako azken-aurreko estropada ere jokatu zen atzo Zarautzen, eta Zumaiak erakustaldia eman zuen. Bi puntu atera-tzen dizkio orain Galiziari, eta gaur da azken estropada (12:00). Bandera irabazteko ere, pauso handia eman zuten zumaiarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.