Gizonezko bat dirudi eta ulertzen dugu jendeak galderak egitea. Baina ez da. Behin, Lurmutur Hirian, gasolindegi batean, emakumezkoen komunera bidean zihoala hango beharginak gizonezkoena non zegoen erakutsi zion. 'Nahi duzu nire sexua ikusi?' ihardetsi zion Semenyak. Bere gelakideen telefono zenbakia ere eman diezazueket. Haiek dutxan ikusi dute, eta ez dauka ezer ezkutatzeko». Michel Semeren jarduna da, Caster Semenyaren entrenatzailearena, 2007ko abuztuan. Kasua lehertu berritan atletaren inguruan sortu zen kuriositate gaizki ulertu eta erabiliaren adibideetako bat.
Berlinen lehertu zen dena, baina aurretik zetozen zalantza eta juzkua. 800 metrokoen Afrikako txapelketa irabazi zuelako lehenago 18 urterekin (1.56,72) eta Munduko Txapelketa Berlinen bertan (1.55,45). Finalerdietan hasi zen zalaparta. Markak berak, lehendik zetorren guztiak, eta Semenyaren kontra aritutakoen purrustada eta erneguek amildu zuten dena. «Ez dakit gizonezkoa den edo emakumezko sentitzen den, baina niri gizonezko batek irabazi dit», zioen final hartan seigarren egindakoa Elisa Cusma italiarrak. «Semenya eta hamar gizonezko aurrez aurre jarrita ez nuke jakingo esaten emakumezkoa bera denik», Maite Martinez espainiarraren hausnarra.
Orduan hasi ziren Semenyaren jatorriari buruzko erreportajeak, haren familiaren inguruko presioa, zurrumurruak eta txutxumutxuak. Hermafrodita zela, barrabilak zituela... Txikitatik Limpopo probintziako etxaldean jasandako burla eta irainak nahikoa ez, eta zirku mediatikoaren erdi-erdian jarri zuten Semenya, hari buruzko datuen konfidentzialtasuna hankapean hartuta.
IAAFk lehiatzea debekatu zion kasua argitu bitartean. 11 hilabete pasatu ziren erabakia hartu arte. Lehiaketetara bueltatzeko baimena eman zioten eta ez zioten dominarik kendu. Egindako proben berri ez zen eman. «Anomalia genetikoa» duela, besterik ez. Iazko uztailetik ari da berriz lehiatzen.
«Nahi duzu nire sexua ikusi?»
Semenya kasuak berpiztu zuen 2009an sexu kontrolari buruzko eztabaida. Gutxi izan dira horren baldar eta errespetu gutxirekin tratatutako kasuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu