«Nahi nuen taldea daukat»

«Bihotzeko taldearen» deiari erantzunda, grina handiarekin ari da lanean Joseba Agirre, Athleticeko entrenatzaile berria. Erronka gogorra dauka gaur, Bartzelonaren aurka.

unai zubeldia
2015eko irailaren 27a
00:00
Entzun
Ilusioz eta motibazioz gainezka aurkitu dut taldea; lanerako gogoz daude jokalariak. Ezinegona, gosea eta amorrua daukate. Hori gustatu zait gehien». Enpresako lanak ahaztu. «Multinazional batean aritu naiz lanean azken urteotan». Eta Athleticen lehen taldearen ardura hartu berri du Joseba Agirrek (Ortuella, Bizkaia, 1964), hainbat urtez Athleticeko jokalari izandakoak. «Zure bihotzeko taldetik deitzen dizutenean, ezinezkoa da ezetz esatea». Dezenteko esperientzia dauka, gainera, emakumezkoen futbolean. «11 urte igaro ditut Pauldarrak Barakaldoko taldean». Maila apalagoan. «Eta ilusioz gainezka nago Athleticen proiektuari neurea den zerbait eskaintzeko».

Bizkaitarrak dotore ekin dio bideari. Ligako lehen bi partidak jokatuta, sei punturekin dago Athletic, Bartzelona eta Transportes Alcainerekin berdinduta. Lehen jardunaldian 0-2 irabazi zion Levanteri, eta joan den astean 3-2 Valentziari. «Hazten ari gara partidaz partida, eta hori gustatu zait gehien. Valentziaren aurkako partida ixtea falta izan zitzaigun, agian, baina sufritzen jakin izan dugu, eta den-denok elkarren ondoan egon gara momenturik zailenetan». Zuri-gorriek are erronka zailagoa izango dute gaur Lezaman, 11:30ean, Bartzelonaren aurka —Realak 2-0 irabazi zion atzo Espanyoli, Nahikari Garcia (70. min.) eta Maialen Zelaiaren (74. min.) golekin, eta Oiartzunek gaur jokatuko du etxean, 11:00etan, Collerenseren aurka—. Baina gainerako partiden parean jarri du Agirrek gaurkoa. «Titulu bat irabazi nahi duenarentzat, partida guztiak dira funtsezkoak; bidean ezin da utzi punturik».

Eta titulu bat nahi du Athleticek. «Ligakoa edo Kopakoa». Zentzuari leku txiki bat eginda, ordea, zuri-gorrien entrenatzaileak onartu du Bartzelona «talde puska» dela. «Nazioartean jokatzen duten jokalari asko dauzkate taldean, eta kalitate handiko multzoa da». Baina ziur dago Athletic «oso aurkari gogorra» izango dela Lezaman. «Ea gai garen geure buruei eta jarraitzaileei pozen bat emateko». Baina ziur dago «aste guztiko lanarekin eta zorte apur batekin» denboraldi guztian goiko postuetan borrokan ibiliko direla. «Bartzelona, Atletico Madril eta Valentziarekin batera».

Aldagelan dago indarra

Gogoan dauka zer esan zien jokalariei lehen aldiz aldagelan sartu zenean. «Nahi nuen taldea neukala eta zoratzen nengoela esan nien. Egon behar dugunak gaude, eta talde honekin gauza asko egin ditzakegu». Athleticek sei hutsune izan zituen joan den udan, eta Joana Flavianok eta Ainhoa Vicentek indartu dute taldea. Juan Luis Fuentesi hartu dio lekukoa Agirrek, baina koordinatzaile lanetan jarraitzen du Fuentesek. «Harreman estua daukagu, eta bat eginda gaude denok. Familia baten gisakoa da Athletic». Harro azaldu du aldagelaren indarraren sekretua. «Lehen urtea balitz bezala ari dira lanean beteranoenak, eta ikasteko eta ekarpena egiteko gogotsu daude gazteenak. Zoragarria izaten ari da dena».

Esku artean nahi zuen taldea edukita, eskatu ere gogotik eskatuko diote entrenatzaileari. «Hori ez da presioa, ordea. Geure buruengan sinestea da erronka». Eta sentsazio paregabeak dauzka bizkaitarrak. Filosofia batekin lan egin nahi du. «Azkena balitz bezala jokatu behar dugu partida bakoitza. Lehertuta iritsi behar dugu aldagelara. Hori da hazten jarraitzeko bide bakarra».

Denboraldi-aurrean, Realaren eta Oiartzunen aurka jokatu zuen Athleticek, eta Gipuzkoako bi taldeek «talde politak» dauzkatela uste du Agirrek. «Maila nagusira igota, denboraldi guztian ilusioari eustea izango da Oiartzunen helburua». Eta Reala koska bat gorago egongo da, bizkaitarraren hitzetan. «Joan den denboraldikoa hobetu nahiko du ligan, Koparako sailkapena eskuratzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.