Etapa motza izanik, argi zegoen ihesaldia sortzea zaila izango zela. Aubisquen gora ihesaldi saiakerek ez zuten etenik izan, eta horrek oso bizi igotzea ekarri zuen. Jumboko liztorrek eztena atera, eta erritmo itogarria ezarri zuten. Bi ziztada eman zituzten: bat Joao Almeidari (UAE) eta bestea, handiena, Remco Evenepoeli (Soudali). Biak atzean gelditu ziren helmugarako 90 kilometroren faltan. Flandriarrak bere aurkariak baino minutu eta hogei segundo gehiago behar izan zituen maila bereziko mendatea igotzeko.
Aubisque jaisten Mikel Landak eta Damiano Carusok (Bahrain) metro batzuk hartu zituzten Vingegaard eta Kuss liderrarekin batera. UAEk, baina, ez zien alde egiten utzi, eta Spandelles igotzen hasi bezain pronto harrapatu zituen. Une horretan hartu zuen berriro Jumbok aginte makila, eta Robert Gesinkek onenen multzoa Tourmaleten magaleraino eraman zuen.
Tourmaletek bakoitza bere tokian jartzen du. Nekeak aurrean zihoazen ziklista guztiei erasan zien, eta, pixkana-pixkana, atzean geldituz joan ziren. Vingegaardek zortzi kilometroren faltan bi eraso jo zituen segidan, eta bakarrik geratu zen. Atzean, Kuss bikain aritu zen zaintza lanetan. Jumbok dena kontrolpean zuen.
Azkenean, Vingegaard nagusitu zen. Bigarren Kuss izan zen, eta Roglic hirugarren. Estatubatuarra da lider oraindik, eta bi taldekide ditu justu atzetik: Roglic eta Vingegaard. Landak egun ona izan zuen, eta zazpigarren izan zen; postu berean dago nagusian. Evenepoelek, berriz, 27 minutu baino gehiago galdu zituen, eta lehiatik kanpo gelditu da.
Gaur, Euskal Herrian
Vuelta Euskal Herritik igaroko da gaur eta bihar. Gaur, Salbaterra Bearnotik aterako dira txirrindulariak. Euskal Herrian sartuko dira Zuberoatik, eta Nafarroan amaituko dute jarduna, Larra Belaguan. Igotzaileentzat etapa aproposa da, hiru mendate gogor igo beharko baitituzte: maila bereziko Hourcere eta Larraine, Hirugarren Mailako Laza, eta, amaitzeko, Lehen Mailako Belagua.
