Nahikoa ez, baina beharrezkoa bai

Euskal selekzioak duen eskarmentuaren eta gaztetasunaren adierazle dira Ainhoa Tirapu eta Maite Oroz Athleticeko jokalariak, hurrenez hurren. «Zaila» izan arren, ofizialtasuna «pazientziaz eta irmotasunez» lor daitekeela uste dute.

ainara arratibel gascon
2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Eskarmentua duenaren ilusioa du batek; hasiberriarenak besteak. Ainhoa Tirapu (Iruñea, 1984) eta Maite Oroz (Uharte, Nafarroa, 1989) gogoz daude gaur euskal selekzioaren elastikoa janzteko. Bosgarren aldiz egingo du Tirapuk, eta estreinakoz Orozek. Biek «zail» ikusten dute ofizialtasuna, eta Tirapuk argi djokalarekinu lagunarteko partidak jokatzeko ohiturari «buelta bat» ere eman beharko litzaiokeela. Baina, aldi berean, «erakusleiho paregabetzat» dituzte nazioartean euskal futbolak duen maila erakusteko. Ofizialtasuna lortzeko bidean, gainera, «beste urrats bat» direla diote. Emakumeen futbolean ohituta daude trabak eta oztopoak gainditzen, mantso baina irmo. Ofizialtasuna lortzeko bidea ere hortik joan daitekeela iritzi diote.

Joan den asteartean jakinarazi zuen Iñigo Juaristi hautatzaileak selekzioaren deialdia. Bertan egotea «ezustea» izan zen Orozentzat. Denboraldi hasiera ez zen erraza izan harentzat: min hartu zuen lehenbizi orkatilan, eta ondoren haustura izan zuen bizepsean. Baina orain ondo ari da. «Lehia handia dago, eta, gaztea izanda, ez nuen espero. Baina ohore eta sari bat da niretzat zerrendan egotea. Asko eskertzen diot Iñigo Juaristiri aukera hau ematea». Pixka bat urduri ere badago. «Baina espero dut Athleticeko hainbeste taldekide egonda azkar egokitzea. Gainera, Realeko jokalariekin ere harreman handia dugu. Polita da haiekin batera jokatzea».

Bosgarren aldia izan arren, Tirapuk ere «saritzat» du euskal selekzioaren deia. «Gure futbolean oso atezain onak daude, eta ilusioa egiten dit hamar urteren ondoren deitzen jarraitzeak. Selekzioarekin jokatzea beti da berezia». Hain zuzen ere, euskal selekzioak jokatutako lehen partidan izan zen Tirapu, duela hamar urte. Ez du sekulako ahaztuko zerrendan zegoela jakin zuen unea. «Denentzat lehen aldia zen, eta ez genuen aukera galdu nahi. Ez genekien berriz ere jokatzeko aukera izango genuen, eta nik, behintzat, izugarri disfrutatu nuen».

Argentinaren aurka izan zen. Bi partida jokatu zituzten, bat Irunen (Gipuzkoa) eta bestea Buenos Airesen. 4-2 galdu zituzten bi partidak. Baina oroitzapen ahaztezinak ditu Tirapuk. Batez ere, Argentinako bidaiaz.«Futbol tradizio handia dago han, eta oso berezia izan zen han jokatzea. Gainera, harrera egin ziguten euskal etxean. Giroa paregabea izan zen, eta oso polita». Galtzea gutxienekoa izan zen. «Inportanteena zen lehen aldiz emakumeen euskal selekzioak jokatzeko aukera zuela nazioartean».

Hamar urte hauetan «gauzak aldatu» egin direla nabarmendu du. «Orain, urtero jokatzen dugu, eta gure maila hobetu da. Gainera, gero eta zale gehiago datoz. Gure partidetan aurrera egin dugu. Dena den, ez gara horrekin konformatzen». Orozek «beharrezkoak» ikusten ditu halako partidak: «Nik uste du urrats txiki bat direla ofizialtasunaren bidean. Ea egunen batean lortzen den»

Tirapu errealista da, eta «zail» ikusten du. «Azken urteetan urrats gutxi egin dira», onartu du. Hala, kezka azaldu du gizonezkoek Eguberritan jokatzen zuten partidarekin gertatukoarekin. «Garai batean oso zaila izaten zen sarrerak lortzea, eta iaz San Mames hutsik ikustea kolpea izan zen». Ilusioa galdu dute zaleek? «Haiei galdetu beharko litzaieke. Baina, agian, ikusi dute ez direla urrats asko egin. Futbolarion aldetik dena ematen dugu ahalik eta partida onenak eta erakargarrienak jokatzeko».

Hala, neurketa horiei «beste buelta bat» ematearen alde azaldu da Tirapu. Nazioarteko Futbol Federazioaren (FIFA) datetan jokatzea, adibidez, «aurrerapausoa» izango zela dio: «Nahiz eta horren erruz hainbat jokalari ezin etorri, maila hobeagoko selekzioen aurka jokatzeko aukera ematen digu. Txekiaren aurka adibidez. Ez da aurkari samurra. Alemaniaren eta Islandiaren aurka erakutsi du zertarako gai den. Horri esker, ofizialtasunaren bidean indar handiagoa egin dezakegu. Halako aurkarien kontra maila ona eman dezakegula erakusteko balio du».

Txekia, aurkari indartsua

Partida «parekatua, gogorra eta lehiatua» espero dute biek «Fisikoki oso indartsuak dira», azpimarratu du Orozek. Tirapuk izan du haiekin kontra jokatzeko aukera. «Baloiarekin, beharbada, ez dira horren abilak. Baina defentsan oso talde ordenatua da, eta zaila da gol aukerak egitea, baina, ditugunak aprobetxatuz gero, aukera izan dezakegu irabazteko». Biek garbi dute euskal selekzioak nazioarteko txapelketetan jokatzeko maila duela. «Multzo honek kalitate handia du, eta gure futbola gero eta hobea da».

Ipuruan jokatzeari ere garrantzia eman nahi izan dio Orozek: «Lehen Mailako zelai bat. Polita litzateke egunen batean San Mamesen jokatzea». Gainera, baikortasun mezu bat eman nahi izan du.«Emakumeen futbolean badakigu zer den trabak izatea, baina ikusi dugu noraino iristeko gai izan garen. Beraz, pazientziaz lanean jarraitu behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.