Europa ligako taldekako faseko zozketak ez du tokatu zitekeena baino urrutirago bidali Reala. Txuri-urdinei F multzoa egokitu zaie, eta Napoli, AZ Alkmaar eta HNK Rijeka izango dira aurkariak taldekako fasean. Hain zuzen, Italiara, Herbehereetara eta Kroaziara bidaiatuko dute. Hori bai, lehen bi postuetan amaitzeko lana gogor egin beharko du Imanol Alguacilen taldeak.
Zalantzarik gabe, aurkaririk indartsuena eta gaiztoena Gennaro Gattusok zuzentzen duen Napoli izango du Realak. Aurreko sasoian Txapeldunen ligan aritu zen, eta final zortzirenetaraino egin zuen bidea; Bartzelonak kanporatu baitzuen. Italiako kopan, ordea, ez zuten hutsik egin; penaltieta Juventusi garaitu zion. Kalitate handiko jokalariak ditu talde italiarrak defentsako lerroan zein erasoan. Besteak beste, Dries Mertens, Lorenzo Insigne, Hirving Lozano, Matteo Politano, Kalidou Koulibaly...
AZ Alkmaar taldea, berriz, gaztetasunez dago josia, eta Herbehereetako liga apalean, bigarren amaitu zuen iaz. Sasoiko errebelazioa izan zen talde da AZ Alkmaar, erasoko jokoari ateratzen dio zukurik gehien. Txapeldunen ligako multzoen fasean aritzeko aukerari ihes egin zion Dinamo Kieven aurka galdu ostean. HNK Rijeka dagokionez, azkenik, Kroaziako ligan hirugarren postuan geratu zen, eta herrialdeko kopako azken irabazlea izan da.
Lehiaketako lehen jardunaldia hemendik hiru astera jokatuko da. UEFAk neurketen data zehatzik eta ordurik ez ditu eman oraindik. Finala maiatzaren 26an jokatuko da, Gdansk estadioan, Polonian.