«Ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat PPk eta PSOEk Espainiako Vuelta eta euskal zaleak euren estrategia politikoaren arabera erabiltzeko daukaten inposizio nahia. Gainera, Euskal Txirrindularitza Federazioa eta herri hau osatzen dugun eragileen iritzia kontuan hartu gabe hartutako erabakia izan da». Hastear den Espainiako Vuelta Euskal Herritik igaroko dela salatzeko, Martxel Toledo ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko koordinatzaileak atzo egindako adierazpenak dira horiek.
Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatzeaz gain, gisa horretan erantzuteko aldarria egin zuen atzo Igone Lamarain Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kideak. Era berean, Espainiako Vueltaren inguruan hedabideetan azaldu den «boikot» hitza tokiz kanpo dagoela erantsi zuen Toledok. «Gure hitzak gaizki ulertuak izan dira», adierazi zuen ESAITeko koordinatzaileak. «Guk inoiz ez dugu erabili boikot hitza, txirrindularitza maite dugulako. Baina ez direla eskuak gurutzatuta geldituko argitu zuten eragileek. Hori dela eta, Txirrindularitzari bai, inposizioari ez, Euskal Herria nazioa gara lelopean hainbat ekimen egingo dituztela jakinarazi zuten.
Lamarainek esan zuenez, hiru arlotan bereiziko dituzte ekarpenak. «Erakundeen arloan, kirol arloan eta herri mailan». Erakundeei dagokienez, Espainiako Vuelta igarotzen den udalek mozio politikoak eztabaidatuko dituztela esan zuen. Kirol mailan, berriz, Euskal Pedalkadak izeneko bizikleta martxa egingo dute; Gasteizen hasi eta Bilbon bukatuko da. Irailaren 3an jai giroan eta lekukoa elkarri pasatuz osatuko da zikloturismo ibilaldi aldarrikatzaile hori.
Hirugarrenik, eta herri mailari dagokionez, irailaren 9an eta 10ean izango diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin zuen Lamarainek. «Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatu behar dugu guztiok». Hori dela eta, hainbat bilkura egingo dituztela nabarmendu zuen Lamarainek. Txirrindulariak Kantabriatik Euskal Herrira igarotzean, Ilsoganan egongo dira ESAITeko kideak. Hori irailaren 9an izango da, 14:00 aldera. Horrez gain, Bilbon ere bilduko dira, 16:00etan, han amaituko delako etapa. Hurrengo egunean, irailaren 10ean, 11:00etan, etapa hasieran, Bilbon elkartuko dira ESAITeko ordezkariak. Baita Gasteizko helmugan ere.
Parte hartzeko eskatu dute
Antolatutako ekitaldi guztietan herritarren parte hartzea eskatu dute eragileek. Etapa ikustera Elosua, Karabieta, Urkiola eta Kanpazar mendateetara joango direnei 15.000 publizitate zerrenda banatuko zaizkiela azaldu zuen Toledok. Zerrenda horietan egitasmoaren leloa egongo da irakurgai: Txirrindularitzari bai, inposizioari ez, Euskal Herria nazioa. Labarain argi mintzatu zen: «Gure aldarrikapena lau haizeetara zabaltzeko eskaera egin nahi diegu euskal zale guztiei. Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatu behar dugu».
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Nazioaren aldarrikapena, Espainiako Vueltaraino
Irailaren 9an eta 10ean Euskal Herritik igaroko da itzulia, eta protestan parte hartzeko deia egin du ESAITek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu