Pilota

Nazioarteko Pilota Federazioak ez du Euskadiko Federazioaren ofizialtasunaz bozkatu

Batzorde exekutiboak eguneko lehen puntua erretiratu du, estatutu aldaketaren ingurukoa. Horrenbestez ez dute Euskadiko Federazioaren ofizialtasunaz bozkatu ere egin.

jarraia231296.jpg
ainara arratibel gascon
2023ko uztailaren 29a
20:05
Entzun

Nazioarteko Pilota Federazioko batzorde exekutiboak erretiratu egin du gaur Mexiko Hirian egindako ez ohiko batzarreko lehen puntua, estatutu aldaketarena. Horrenbestez, ez da ezta Euskadiko Pilota Federazioaren ofizialtasunaz bozkatu. Hainbat federaziok babestu dute erabakia, «pilotaren batasunari eusteko asmoz».

Bigarrenez bozkatu behar zuten Euskadiko Pilota Federazioa Nazioartekoaren kide gisa onartu edo ez. Lehen aldiz duzuela 21 urte egin zuten, 2002ko abuztuan, Iruñean jokatu zen Munduko Txapelketaren harira. Venezuelak egin zuen proposamena, baina ezezko nabarmena jaso zuen erantzun gisa. Gaurkoan, ordea, itxaropentsuagoa egoteko arrazoiak zeuden. Izan ere, ezohiko batzarra Nazioarteko Pilota Federazioaren presidente Xavier Cazaubonek berak proposatuta egin da. Gainera, Cazaubonek nazioarteko idazkariaren kargua kendu zion Espainiako Pilota Federazioko buru Julian Garcia Angulori hil honen hasieran, Euskadiko Federazioaren kontrako kanpaina egiteagatik.«Iraintzea eta eraso egitea» egotzi zion Cazaubonek Garcia Angulori, gutun baten bidez. Bestalde, egun berean bi bozketak egitea bera ere beste aurrerapauso bat zen. Berez, gai bakarra izan behar zuen ezohiko batzarrak: Euskadiko Federazioa onartzeko estatutuak aldatu edo ez erabakitzea. Baina, Euskadiko Federazioa onartu edo ez ere bozkatu behar zuyrn. Azkenean, ordea, lehen puntua ere ez aurkeztea erabaki du Nazioarteko Pilota Batzordeko exekutibak.

Batzarra Mexiko Hirian egin dute. Nazioarteko Federazioa 33 herrialdek dute ordezkaritza, eta hamabostek bozkatzen dute; bakoitzak boto kopuru jakin bat du, munduko azken txapelketan parte hartutako diziplinen araberakoa. Esaterako, Espainiak, Frantziak eta Mexikok bederatzina boto dituzte; eta Kubak eta Argentinak, zortzina. Bozketan parte hartu behar zuten beste federazioak hauek ziren: Bolivia, Txile, Costa Rica, El Salvador, Guatemala, Italia, Peru, Uruguai, Venezuela eta Haiti. Guztira 76 boto ziren. Bozketa egiteko, arau batzuk zeuden: botoa presentziala izatea, eta federazio bakoitzean titular batek edo ordezko batek baino ezin zutela botoa eman. Gainera, batzarra egin ahal izateko, batzarkideen erdiek behintzat joan beharko zuten

Enaitz Olaeta izan da Mexikon Euskadiko Pilota Federazioko ordezkari gisa. Bizkaiko Pilota Federazioko presidentea da Olaeta. Euskadiko Pilota Federazioak lau arrazoi nabarmendu zituen atzo nazioartekoan onartua izateko. Ekonomiari, nortasunari, lehiari eta marko legalari erreparatu zien. Pilota euskal herritarrek «odolean» daramaten kirol bat dela defendatu zuen, eta «eskubide osokoa» zela «euskal gizartea osoa» ordezkatua izatea Nazioarteko Pilota Federazioan. Bestalde, ohartarazi zuen Euskadiko Federazioa nazioartekoaren kide izango balitz lehia nabar handituko litzatekeela. Izan ere, 200 klub eta 6.200 kirolari baino gehiago daude Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta denek izango lukete aukera nazioartean jokatuko diren txapelketetan parte hartzeko. «Ikusleentzat erakargarriagoak izango lirateke».

Ekonomikoki Euskal Herria lurralde «aurreratua, modernoa eta ahalmen ekonomiko handikoa» zela azpimarratu zuen federazioak. «Euskadiko Federazioa nazioartekoaren kide izanez gero, pilota nazioartean zabaltzeko aukera bat egongo litzateke, eta horren onurak Nazioarteko Federazioaren kide guztiek jasoko lituzkete: Gure inklusioarekin Euskal Pilotako Munduko Txapelketak orain arte ikusi ez den maila hartuko luke». Lege ikuspegitik, Euskadiko Federazioa oinarritu da Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan onartu zuen kirolaren 39/2022 legeak hala bermatzen baitu. Hartan, nazioartean ofizialki lehiatu ahal izateko selekzioek bete beharreko baldintzak zehaztu zituzten. Horren arabera, «autonomia erkidego bateko selekzioak» nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu, eta «autonomia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.