Negu gorrian, hondartzara

Gaur-biharretan jokatuko da Ziklo-kroseko Munduko Txapelketa, Koksijden, hondarrez betetako zirkuitu zail eta arriskutsu bateanEgoitz Murgoitio, Javier Ruiz de Larrinaga eta Aitor Hernandez ariko dira elite mailan

unai zubeldia
Donostia
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Gehienak opor giroan joaten dira hondartza aldera, baina Munduko Txapelketa bat ere joka daiteke opor lekuan. Eguzkitarako kremarik ez da beharko gaur-biharretan Koksijdeko zirkuitu traketsean, Belgikan; baina, pare bat graduko hozberoarekin ere, giro beroa izango da Ziklo-kroseko Munduko Txapelketan. Ziklo-krosa berez da beroa Belgikan, eta denboraldi honetan punta-puntan dabiltza bertako bi txirrindulari: Kevin Pauwels, Munduko Kopa irabazi berri duena, eta Sven Nys nekaezina. Hori bai, hondarretan inor gutxi ibiltzen da Niels Albert bezain fin eta eroso, eta erne Belgikako hirugarren artista horrekin. Zdenek Stybar txekiarrak sortu beharko du bakandua Belgikako oilarren artean.

Garaipenak eta podiumak ahaztuta, bigarren edo hirugarren multzoan borrokan aritzeko gogo biziz joan dira sei euskal herritar Koksijdera. Horietako hiru elite mailakoak dira: Egoitz Murgoitio, Aitor Hernandezeta Javier Ruiz de Larrinaga. Sasoi honetan hamahiru garaipen pilatu ditu Murgoitiok —tartean Euskadiko Txapelketa—; sei lasterketa irabazi ditu Hernandezek —beste 11 probatan izan da bigarren, gehienetan Murgoitioren atzetik—; eta aurreko denboraldietako mailatik pare bat koska behera eginda, bi besterik ez du eskuratu Ruiz de Larrinagak. Hori bai, bosgarren aldiz jarraian ariko da arabarra Munduko Txapelketan.

Denboraldi honetan proba gehien irabazi duen euskal ziklo-kroslaria da abilena hondar kontuetan. Izan ere, bizkaitarra 16. sailkatu zen azaroan 26an zirkuitu horretan bertan jokatu zen Munduko Kopako lasterketan. Hura izan zen denboraldi honetan parte hartu duen Munduko Kopako zazpi probetan lortutako emaitzarik onena. «Aurreko denboraldian ere eroso sentitu nintzen han. Baina, azken itzulian erorita, 21. postuan amaitu nuen».

Bizkaitarrak badaki onenekin alderatuta teknikoki apalxeago ibiliko dela. «Baina sei, zazpi, zortzigarren postutik atzera, teknika aldetik, ez dago alde handirik. Ondo nago, eta lehen itzulietan huts gutxi eginda, gainerakoen nekea baliatu beharra daukat postu ona lortzeko». Hitzetatik zenbakietara igaro da berehala. «Munduko Koparako ona izan zen 16. postua, eta Munduko Txapelketarako ere ez da txarra. Baina hortik gora begiratu beharra daukat. Denboraldi guztian lehen hamabosten artean ibiltzea zen helburua, eta Koksijden ere hori da asmoa, lehen hamabosten artean sartzea. Eta egun ona izanez gero, ea ahalik eta gehien gerturatzen garen lehen hamarren artera».

«Belgikako ohiko zirkuitua da». Horrela hasi da Murgoitio Koksijdeko barrutia azaltzen. «Ia-ia ez dauka belazerik eta lur zatirik. Hondarra dago ia ibilbide guztian». Zati batzuk «oso azkarrak» direla argitu du. «Eta horietan oso erraz galtzen da bizikletaren kontrola». Irteerako zuzengunea igaro eta berehala dago duna zati bat. «Bunkerren antzekoak dira zati batzuk, eta bizikleta hondoratu egiten da bertan. Hor nabarmentzen dira onenak: Nys, Albert, Stybar... Horrelako zati zailak bizikleta gainean pasatzeko gai dira». Hor egiten dute herren gainerakoek. «Teknika aldetik mugatuagoak gara gu, eta askotan bizikletatik jaitsi eta korrika ibili behar izaten dugu». Itzuliz itzuli, denbora asko galtzen da korrikako zati horietan. «Hamar segundo orain, beste hamar gero...».

Aurrekoen arrastoari segika

Mutur banatan daude hondarra, lurra, belarra eta asfaltoa. «Hondarretan, aurreko lasterketetatik arrastoa eginda egoten da, eta abiadura galdu gabe, bide horretan sartzen ahalegindu beharra dago. Izan ere, abiadura pixka bat galtzea nahikoa da bide horretatik atera eta komeriak izateko». Korrikako zatietan denbora galtzen den modu berean, hondarretan egindako bidetik ateratzea bezalakorik ez dago segundo mordoa galtzeko. «Itzuli batean bost-sei segundoan egin daitezke 150 metro, eta hurrengoan, arrastotik ateraz gero, bizikletatik jaitsi eta 30 segundo behar izaten dira».

Murgoitiok argi zehaztu ditu biharko dauzkan helburuak, eta garaipenerako apustua ere egin du. «Powels eta Nys aurrean ibiliko dira, baina niretzat Albert da faboritoa. Ez dabil erregular, baina Belgikako Txapelketa ere hondar gainean izan zen, eta berak irabazi zuen. Ez da urruti ibiliko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.