Txirrindularien, taldeen, zaleen topagunea da Paris-Niza. Bizikleta gainean ibiltzea lanbide duten askok hilabeteak daramatzate elkar ikusi gabe, eta Paris-Nizan kontatzen dizkiote kontuak elkarri. Taldeekin ere antzera. Iskanbilak iskanbila, Parisen dute hitzordua goizean, munduko talde onenek. Den-denek ez, 18 taldek, baina ia denek. Zaleen topagune ere bada , aurrez Mediterraneoko Tourra, eta Kalifornia edo Murtziako Itzuliak izan badira ere, Paris-Niza delako benetako lehen itzulia. Onenak biltzen dituen proba, gogorra ibilbidez, eguraldi petralekoa, garaipena salgai garestia duen plaza.
Neguko giro hotzean gogotik saiatu diren txirrindularien lehen dema da Paris-Niza. Paris-Nizan aurrean dabilenarentzat ez delako negurik. Tira, izan, bada, baina txirrindulariak izango ez balitz bezala zigortu ditu giharrak, eta berotu du hauspoa. Paris-Nizan ez dago zortearentzako lekurik. Dabilena aurrean dabil, eta ez dabilena ez. Hura atzean ibiliko da, hortzak estu-estu eginda, estu eta larri.
ASO erakunde antolatzaileak eurentzat tropeleko 18 talde onenak direnak aukeratu ditu, eta bi talde soilik gonbidatu, nahiz etalau aukeratzeko ahalmena izan. 18 horietatik kanpo daude UCIk Pro-Tour Ligako kide egin zituen Astana eta Unibet.com. Astanari gonbita egin dio baina Unibet.com taldeak ez du Paris-Niza korrituko. Hasiera txarra, elitean zailtzea nahi zuen talde berriarentzat.
Unibet.com taldea gabe ere partaidetza ikusgarria izango da, Paris-Niza lasterketa egutegiko ezagunenetakoa delako. Patxi Vilak eramango du 1 zenbakia normalean. Berakoa bigarren postuan sailkatu zen nagusian iaz, Landisen atzetik, baina aurten hor lehiatzea baino ardura garrantzitsuagoak ditu estatubatuarrak. Vilak Euskal Herriko Itzulia du buruan, eta Valentziako Itzulian ere bera baino indartsuago dagoela erakutsi du Tadej Valjavec esloveniarrak.
Caisse d'Epargnek ere bikain hasi du denboraldia. Itxuraz Luis Leon Sanchez izango da taldeburua. Euskaltel-Euskadi taldean Valentziako biko berak izango du emaitza ona lortzeko erantzukizuna, Samuel Sanchezek eta Mikel Astarlozak. CSC taldean Frank Schleck da nagusia, eta Paris-Niza irabazteko faborito nagusietako bat Discovery Channel taldeko Alberto Contadorrekin batera. Nabarmentzeko modukoa da Discoveryk Paris-Nizara eramango duen talde sendoa: Leipheimer, Danielson, Popovitx, Paulinho eta Devolder izango dira Contadorren laguntzaile, edo batek daki, nagusi.
Izen horiei beste batzuk gehituko zaizkie, eta horietako batzuk Frantziako taldeetako ordezkariak izango dira, ziur. Paris-Niza lasterketa da egutegiko garrantzitsuenetakoa haientzat, Dauphine-Libere eta Tourrarekin batera, eta oso lehiakorrak izaten dira. Credit Agricole (Anthony Charteau eta Alexandre Botxarov), La Française des Jeux (Philippe Gilbert eta Sandy Casar), Cofidis (Sylvain Chavanel), Ag2r (Cyril Dessel, Sylvain Calzati eta Jean-Patrick Nazon) eta Agritubel etapa garaipenak bilatzen saiatuko dira egoskor.
17 EUSKALDUN. Azken uneko aldaketarik ez badago, 17 euskal txirrindularik korrituko dute Paris-Niza. Horietako zortzi Euskaltel-Euskadi taldekoak dira: Mikel Astarloza, Gorka Verdugo, Ivan Velasco, Ruben eta Alan Perez, Markel Irizar eta Andoni Aranaga. Jose Luis Arrieta (Ag2r), Iban Mayo eta Iker Camaño (Saunier Duval), Igor Astarloa (Milram), Mikel Gaztañaga (Agritubel), Patxi Vila (Lampre) eta Caisse d'Epargneko Aitor Perez Arrieta, David Lopez eta Txente Garcia-Acosta hirukoak osatzen dute zerrenda.
Zerrenda horretatik Igor Astarloa eta Iban Mayo nabarmentzen dira. Astarloa Pro-Tour Ligako talde batekin arituko da Pro-Tour Ligako proba batean berriro, aspaldiko partez. Mayok Mallorcan eta Andaluzian korritu du, baina Paris-Nizan maila txukuna ematen hasteko itxaropena dauka Matxin bere kirol zuzendariak. Astarloak Tom Boonen eta Daniele Bennati izanen ditu aurkari. Bennatik Petacchi garaitu dezakeela erakutsi du dagoeneko, eta Paris-Nizak Boonenekin ere antzekoa egin dezakeen erakutsiko du.
Ibilbidea aurreko urtekoen antzekoa da. 4,7 kilometroko aitzin-etapa laburra gaur, esprintean bukatzeko aproposak diren bizpahiru etapa ondoren, eta Erdialdeko Mendigunea eta Itsas Alpeetako mendateak itzuliko bigarren erdian. Mendeko aerodromoan bukatuko da etapa gogorrena, ostegunean, eta Col De Port, Turbie eta Col d'Eze ezagunak azken bi egunetan.
Neguan bero
Gaur hasiko da Paris-Niza, egutegiko lehen proba garrantzitsua; tropeleko talde onenak lehiatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu