Arrauna

Neguko lan isil eta gogorra

Bederatzi hilabete pasatzen dira arraun denboraldia amaitu eta hurrengoa hasten den arte. Lan handiko bederatzi hilabete, udako txapelketetara berriro punta-puntan iristeko.

IMG 5760
Arraun Lagunak-eko arraunlarien entrenamendua.
pettan uralde
Donostia
2023ko abenduaren 23a
05:05
Entzun

Bada udatik kanpo arraunlarientzat funtsezkoa den garai bat: negua. Hain ezaguna ez izan arren, erabakigarria da, orduan lantzen baitira sendotze fisikoa, teknika, koordinazioa eta erresistentzia mentala. Neguan, besteak beste, arraunlarien ardatz bilakatzen dira lehorreko entrenamenduak, udan zaleen aurrean punta-puntan aritzeko beharrezkoak. Baina sakrifizio handia eskatzen dute hilabete hotzetako prestaketek, eta ongi baino hobeto dakite hori Xubane Uribarrena arraunlariak (Trintxerpe, Donostia, 1999) eta Juan Mari Etxabe entrenatzaileak (Oiartzun, 1966ko abenduaren 13a). Biak Arraun Lagunak elkarteko kideak dira, eta bi Kontxako Bandera eta bi Euskotren liga irabazi dituzte elkarrekin. Bien iritziak bat datoz, eta neguaren «gogortasuna» aipatu dute, baina baita haren garrantzia ere.

Aurten «normalean baino goizago» hasi direla aitortu du Uribarrenak. «Normalean, azaroko bigarren astean hasten gara, baina bi aste lehenago hasi gara. Entrenamendu horiek, derrigorrezkoak izan gabe, pixkanaka erritmoa hartuz joateko dira». Etxabek ere aipatu du egokitzea izaten dela lehen bi aste horietako helburua. «Gimnasioan lan fisikoa egiten hasten gara, eta asteburu batzuetan, uretan. Lehen bi asteetan agujetak kendu, eta gero intentsitatea handituz joaten gara».

Neguan, lehorreko entrenamenduei «garrantzi handia» ematen diete. Hala azaldu du Uribarrenak. «Erritmoa pixka bat hartu arte ez gara uretara joaten. Azken finean, gorputza berriro prestatu behar da, eta hasierako lesioak saihestu. Arraunlariak beti nahi du uretara atera, baina pausoz pauso joan behar dugu». Korrika, ergometroa, pisuak... denetik egiten dute hasiera horretan. Taldeka egiten saiatzen dira. Baina batzuek lana dutela, besteek ikasketak, zaila izaten dute batera entrenatzea, Etxabek azaldu duenez. «Denak batera ezin izaten gara entrenatu, eta taldeak egiten ditugu, goizez eta arratsaldez. Astelehenean, korrika eta ergometroa; asteartean, jai; asteazkenean, pisuak; ostegunean, korrika eta ergometroa; eta ostiralean, pisuak. Larunbatean eta igandean uretara joaten gara. Hori izaten da pixka bat asteroko plangintza».

«Garbi daukate helburu handiak lortzeko autoexijentzia handia izan behar dutela, eta alde horretatik oso pozik nago»

Hori izaten da neguko arazoetako bat: taldekide asko batera entrenatzea. Uribarrenak dio zaila egiten zaiela elkartzea, baina antolatzeko gai direla. «Normalean, bi talde egiten ditugu, bat goizean eta beste bat arratsaldean, horrela denen ordutegi eta beharretara moldatu ahal izateko. Baina, askotan, bakoitzak bere erritmoan joan behar du, lana eta ikasketak ere hor baitaude. Azken finean, arraunetik at beste mila kontu ditugu». Etxabe asko arduratzen du horrek; izan ere, garrantzi handia ematen dio arraunlariek taldean entrenatzeari. «Taldea sendo daukagu, eta denek badakite nola entrenatu behar duten. Baina nik eskatzen diet bakarka ez entrenatzeko, eta taldea bila dezatela, 4-5 pertsonakoa bada ere. Bakoitzak baditu bere mugak ordutegiarekin, baina entrenamenduak beti dira hobeak taldean egiten badira». Uribarrenak gehitu du egun zailetan asko laguntzen duela ondoan beste bat sentitzeak. «Askotan pentsatzen da koordinazioa traineruan bakarrik behar dela, baina ergometroan talde handietan aritzeak ere batasun handia ematen dio taldeari».

Entrenamenduetan hainbat arlo lantzen dituzte Arraun Lagunak-eko kideek. Denak du garrantzia, bai alderdi fisikoak, baina baita teknikak ere. Uribarrenak dio biak lantzen dituztela, eta hasieratik. Teknikari dagokionez,  «tostan jartzeko modua» hobetzen eta «ohitura txarrak» kentzen saiatzen dira. Hori landuta hasten dira abiadura sartzen, baina azpimarratu du gauza bakoitzak «bere garaia» duela. Etxabek ere bi alderdi horiek kontuan izaten ditu, noski. Baina, azken urteetan, fisikoari ari zaio garrantzia ematen, neguan batez ere. «Talde fisikoa baldin baduzu, lehenago edo beranduago harrapatuko duzu itsasoan ongi aritzeko teknika. Motorra edukitzeak lana errazten du itsasoan».

«Negukoa udakoaren ispilu da. Neguan lan onik ez bada egiten, ez da emaitzarik etorriko»

Lehorreko lan hori guztia kolektibora igarotzea da helburua, eta horretan asmatu egiten dute Arraun Lagunak-en. «Azkenean, talde konfiantza dago, eta badakigu bakoitza bere hoberena ematen ari dela bakarkako momentu horietan ere. Bakarrik entrenatzen denak asko eskertzen ditu talde saioak, eta gehigarri batekin entrenatzen dira une horietan. Ergometroan ez da desberdintasun nabarmenik nabaritzen, baina itsasoan bai, arraunketari dagokionez batez ere. Galiziarrekin pasatzen zaigu, ekainean datozenean. Talde arraunketa hartu behar dute, eta hilabete soil bat izaten dute horretarako. Baina, azkenean, denen artean, lortzen dugu», azaldu du Uribarrenak. Diskurtso berbera du Etxabek ere, eta konfiantza oso handia du taldean. «Taldeak oso dinamika ona dauka aspalditik, eta alde horretatik oso harro nago entrenatzaile moduan. Ohitura onak dituzte, badakite ongi entrenatu behar dutela, eta horrela egiten dute beti. Ni edo prestatzaile fisikoa gainean egon gabe, oso lan ona egiteko gai dira. Azkenean, garbi daukate helburu handiak lortzeko autoexijentzia handia izan behar dutela, eta alde horretatik oso pozik nago».

Badaude asko estutzen duten entrenatzaileak, eta badaude lasaiagoak ere. Etxabek lasaitzat dauka bere burua: estutu baino gehiago, arraunlariak lasaitzen saiatzen da. «Aste honetan taldearekin izan naiz, eta horren inguruan hitz egin dugu. Uretara atera nahi dute, eta esaten dute erritmo txikian aterako direla. Nik, ordea, esaten diet ez direla gai horretarako, elkarren artean lehian ibiliko direlako. Askotan, frenatzea izaten da nire lana, gehiegi estutzea baino gehiago. Haien dinamika oso ona da, eta nahikoa estutzen dute beraiek. Ez dut haien gainean gehiegi egon behar. Dena ematen duen pertsona bati, ezin zaio gehiago eskatu: lagundu, eta oreka bilatu behar da». Uribarrenak berretsi egin du hori, eta azken urteetako dinamika hori aipatu du. «Ohituta gaude eskatzen digutenera, bereziki talde teknikoa aldatzen ez denean. Gu ezagutzen gaituzte, eta badakite nola lan egin gurekin. Horrela errazagoa da, baina hasiera beti kostatzen da. Gero, pixkanaka, gorputzak erritmoa hartzen du, eta errazagoa izaten da entrenamendua bakoitzaren beharretara moldatzea».

Luze egiten zaie

Bada arraunlari eta entrenatzaile guztiak bat egiten duten esaldi bat: «Negua luze egiten da». Uribarrenaren ustez, denboraldiaurrea «oso luzea» delako eta entrenamenduen bolumena «handia eta errepikakorra» delako gertatzen da hori. Lehiaketa gutxi izaten dituztela ere esan du. Etxabe bera, urteen poderioz, ohitu egin da arrauneko negura, baina luze egiten zaio oraindik. «Negua gogorra egiten da, eta entrenamenduetan monotonia hausten saiatzen gara; garbi edukita nora joan behar dugun. Batzuek nahiago izaten dute jaitsietara joan; ni, normalki, hirutara joaten naiz. Baina aurten ez zitzaidan axolako batera ere ez joatea. Taldeari esan nion, eta haiei ere ez zaie askorik inporta. Eguraldiak eragiten digu gehien. Eguraldi txarra segidan egiten duenean, hor bai izaten dela monotonoa eta gogorra».

Negu luzean, monotonia haustea izaten dute helburu arraunlari eta entrenatzaileek. Baina ez dira askorik erotzen, eta giro ona izatearekin konformatzen dira. «Zaila da, baina, azken finean, taldean sortzen diren eguneroko gauzekin puskatzen da monotonia. Bakoitzak kontu desberdin bat eramaten du entrenamendura egunero, eta horrek ematen dio bizitasuna aldagelari», adierazi du Uribarrenak. Entrenatzaile den aldetik, Etxabek era egiten du bere ekarpena. «Lasaitasuna bilatzen dugu. Askotan ematen du emaitzaren bila joaten garela jaitsieretara, baina monotonia horrekin hausteko besterik ez dugu egiten. Neguan emaitza bila aritzeak ez du ezertarako balio. Giroa alaitzeko badaude batelak, adibidez, edo mendian buelta bat ematea bestela».

Argi dago, beraz, neguko lanak garrantzi handia duela udan egiten denarekin. Arraunlaria eta entrenatzailea bat datoz horretan, eta bi urtaroen arteko lotura azpimarratu dute. Uribarrenak berretsi du «neguan lan egiten duenak bakarrik» jasoko duela fruitua. «Negukoa udakoaren ispilu da. Neguan lan onik ez bada egiten, ez da emaitzarik etorriko. Gerta liteke lana ondo egitea, eta emaitzarik ez iristea. Baina, normalean, hori arrazoi desberdinengatik gertatzen da». Etxabek ere bide beretik jo du. «Neguan taldea psikologikoki buruz gogortzea oso garrantzitsua da. Neguan ez bada lan ona egiten, udan emaitzak kaskarrak izango dira. Arraunlariek gogor egin behar dute, eta entrenatzaileek ahalegina egin behar dute haiek motibatuta jarrai dezaten. Hori dagoen bitartean, badakigu bide onean goazela. Neguan badira oso egun gogorrak, eguraldi txarrekoak, umore txarrekoak... baina umorea sartzen saiatzen gara, arraunlariak animatzeko. Niretzat hor dago gakoetako bat. Pertsona batek beheraka egiten duenean, hor egon behar da, lehenbailehen zuzentzeko eta martxan jartzeko. Neguan horri ematen diogu garrantzia».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.