Nekean topatu du indarra

Julen Amezketa maila ona erakusten ari da Espainiako Vueltan. Lehen bi asteetan, hainbat ihesalditan sartu da, eta birritan jaso du eguneko txirrindularirik lehiakorrenaren saria.

Julen Amezketak laugarren itzuli handia du aurtengo Espainiako Vuelta. PHOTOGOMEZSPORT.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Edozein tokitatik atera daiteke indarra. Txirrindulariek hanketan topatzen dute normalean. Baina horiek huts egiten hasten direnean, ziklistek beste erregai bat hartu behar dute motorra martxan jartzeko. Aurrera egitea helburu, nekean ere topatzen dute batzuetan pedalei ekiteko nahiko indar eta motibazio, bereziki onenen aurka lehiatzen ari direnean. Horixe bera gertatzen ari zaio Julen Amezketa (Lizarra, Nafarroa, 1993) Caja Ruraleko txirrindulariari. Espainiako Vueltan lehiatzen ari da, eta munduko ziklistarik indartsuenak tropelkide baditu ere, bi aste hauetan behin baino gehiagotan erakutsi du ez duela ezer oparitzeko asmorik.

Aurreneko hamabost etapa hauetan ez du lortu irabaztea, baina egun batzuetan lasterketaren buruan izan da, eguneko ihesaldian sartuta, eta jarrera oldarkorra erakutsiz. Horri esker, gainera, txirrindularirik lehiakorrenaren saria irabazi du, bi aldiz. Ez da gauza gutxi: «Horrelako itzuli handi batean, edozein sari jasotzea da pozgarria. Denok irabazi nahi dugu etapa bat, hori baita sari potoloa. Baina asko pozten nau ziklistarik lehiakorrenaren saria birritan jasotzeak».

Hura ez ezik, Juan Manuel Hernandezek zuzendutako beste txirrindulariak ere bikain ari dira itzuli honetan. Aritz Baguesek, Oier Lazkanok, Jonathan Lastrak eta Jon Aberasturik lan txukuna egin dute etapa askotan. Lizarrako txirrindularia gustura da taldea ematen ari den itxurarekin: «Multzo modura ondo moldatzen ari gara. Taldeari ikusgaitasuna ematen ari gatzaizkio, eta hori da garrantzitsuena. Ihesaldi askotan sartu gara, maila handiko ihesaldiak sortu direnean ere hor egon gara, eta hori ez da erraza. Txirrindulari bakoitzak bere eginkizuna du etapa bakoitzean, eta, oraingoz, ondo ari gara lanean».

Hau laugarren itzuli handia du Amezketak: bi Girotan lehiatu da, eta oraingoa haren bigarren Vuelta da. Aurtengo ekitaldian inoizko sentsaziorik onenak izaten ari da: «Aurreko urteko Vuelta oso gogorra izan zen, lehiatu zen moduagatik gehienbat. Oso azkar ibili ginen. Honetan, beste modu batera ari gara, eta ni hobe sentitzen naiz. Egia da bi Giroetan ere ondo aritu nintzela».

Itzuli handi gehienetan hirugarren astea izan ohi da gogorrena. Etapa ikusgarrienak orduan izaten dira, eta aurreko egunetan pilatutako nekea oso agerian geratzen da. Oraingoan, nekea beste batzuetan baino gehiago antzemango delakoan da: «Normalean hirugarren asteak gogorrak egiten dira, ziklista guztiak nekatuta gaudelako. Kasu honetan, gainera, bero handia egin du hainbat etapatan, eta horrek nekea are gehiago handitzen du. Hirugarren aste honetan, mendate gogorrak eta errepide malkartsuak igaro beharko ditugu egun gehienetan. Biharkoa [gaurkoa], esaterako, baliteke esprintean amaitzea, baina ibilbidea sasi-ordekatsua da, aldapa askorekin, eta hori kontrolatzen zaila izango da. Ez da erraza izango hori dena ondo eramatea eta kudeatzea».

Sei etapa geratzen dira Espainiako Vuelta bukatzeko. Primoz Roglic (Jumbo) eta Enric Mas (Movistar) dira sailkapen orokorra irabazteko hautagai nagusiak, baina, gaur-gaurkoz, beste bi ziklista dituzte aurretik: Guillame Martin (Cofidis) eta Christian Eiking (Wanty) liderra. Faboritoek maillot gorria ez izateak lasterketa «are gehiago» gogortuko duela uste du: «Jumbok erritmo bizia jarriko du Roglic gorriz janzteko; Movistar, berriz, urrutitik eraso egiten hasiko delakoan nago. Ez da erraza izango, baina guk adi ibili beharko dugu, mugimenduei erantzun eta sortu litezkeen ihesaldietan sartzeko. Ea hankek erantzuten diguten». Zail ikusten badu ere, argi du zer nahi duen: «Helburua garbia da: etapa bat irabaztea. Azken astean, gauzak asko zailtzen dira. Nekeaz gain, izen handiko txirrindulari asko ere etaparen lehian sartzen dira, baina gure xede gorena helmugan lehenak izatea da».

Helmugan besoak jasotzea ez da lan makala, baina, horretarako aukera edukiko balu, Amezketak Asturiasko Gamoniteiru mendate beldurgarrian (14,6 km eta %9,8ko pendiza) amaitzen den etapa du begiz jota: «Aukeran, Altu d'El Gamoniteiruko etapa hautatuko nuke. Hori da aurtengo amaierarik erakargarriena, eta hor gailentzen denak garaipen prestigiotsu bat eskuratuko du. Maila handiko ziklista askok irabazi nahiko dute han. Horrelako mendate batean, nahiz eta ez irabazi, pozik nengoke izen handiko txirrindularien inguruan ibiltzearekin».

Fruituak jasoz

Amezketak bolada zailak pasatu ditu. Hainbat urte eman ditu nahi zuen sasoitik urrun. Postu txukunak lortu ditu sasoi honetan, eta sentsazio onak ditu. «Aurtengoa, azkenaldiko denboraldirik txukunena izaten ari da, emaitzen aldetik. Ni beti saiatzen naiz, baina aurten lasterketetan postu hobeak lortzen eta ezarritako helburuak betetzen ari naiz. Aurreko sasoietan egindako lanaren fruituak jasotzen ari naiz orain. Ea luzaroan horrela jarraitzerik dudan». Nekeak, indarra ez ezik, fruituak ere ematen baititu. Amezketa, behintzat, hori erakusten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.