ESKUBALOIA

Nerea Penak erretiroa hartu du

Ezker belauneko lesio batengatik azkeneko hiru sasoietan apenas jokatu eta gero, erretiroa hartu du, 34 urterekin. «Dena eman dut, baina ezin izan dut», aitortu du eskubaloi jokalari ohiak.

Nerea Pena, erretiroaren berri ematen, gaur, Nafarroa Arenako Kirolaren Etxean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Nerea Pena, erretiroaren berri ematen, gaur, Nafarroa Arenako Kirolaren Etxean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko martxoaren 26a
15:12
Entzun

Nahi eta ezin ibili da Nerea Pena denbora luzez. Ezker belaunean duen lesio kroniko batek gurutze bide bilakatu du haren kirol ibilbidea azkeneko bi urte eta erdi pasatxoan. Lesio horrek ez dio utzi gehien gustatzen zaiona egiten: eskubaloian jokatzen. Kirol jardunean ez ezik, egunerokoan ere eragin dio. Ez du berehalakoan etsi, eta bere esku zegoen guztia egiten saiatu da. Bazuen eskarmentua, bitan hautsi baitzuen eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua duela hamar urte pasatxo. Baina alferrik. Ez du lortu indarberritzea, eta amore ematea beste aukerarik ez zaio geratu. 

Penak gaur jakinarazi du erretiroa hartu duela, 34 urterekin, eta hemezortzi urtez gorenean aritu eta gero. Etxean eman du erabakiaren berri, Iruñean, Nafarroa Arenako Kirolaren Etxean. Etxean, eta etxekoekin. Han izan dira haren gertukoenak, kirolari batek bizi dezakeen unerik zailenetako batean babesa ematen.

Hunkituta egon da une oro. «Oso zoriontsu izan naiz. Eskubaloiak oparitu dizkit nire bizitzako pertsonarik garrantzitsuenak», esan du lehenbizi. Barruak hustu ditu jarraian. «Indartsu izaten saiatu naiz, eta dena eman dut, baina ezin izan dut. Nire kasuan ez da bete esamoldeak dioena: nahi baduzu, lor dezakezu. Triste nago, ez dudalako ezagutzen bizitza eskubaloia gabe. Ez da erraza izan erabakia hartzea, zoritxarrez ezin izan baitut aukeratu ez unea, ez egiteko modua, ezta buruan nuen erretiroa ere. Baina berandu baino lehen iritsi beharra zuen».

«Triste nago, ez dudalako ezagutzen bizitza eskubaloia gabe. Ez da erraza izan erabakia hartzea, zoritxarrez ezin izan baitut aukeratu ez unea, ez egiteko modua, ezta buruan nuen erretiroa ere».

NEREA PENAEskubaloi jokalari ohia

Ez daki zer egingo duen aurrerantzean. «Budapesten bizi naiz, eta ez dakit zer egingo dudan nire bizitzan: edozein gauzatan egin nahi dut lan. Entrenatzeko titulua dut, eta probatzeko prest nengoke. Edozer egiteko prest nago. Benetako bizitza hasiko da orain».

Ibilbide oparoa

Erdizka geratu izanaren sentipena badu ere, ibilbide oparoa egin du 2006an, 16 urterekin Itxakon debuta egin zuenetik. Iruñeko Loyola taldetik egin zuen jauzi Lizarrako taldera (Nafarroa), Espainiako Ohorezko Mailan jokatzeko. Sei urtez jokatu zuen Itxakon, klub horren garairik loriatsuenean: Penak lau aldiz irabazi zuen Espainiako liga, hirutan kopa, behin EHF kopa, eta Txapeldunen Ligako txapeldunorde izan zen.

Euskal Herritik Hungariara joan zen 2012ko udan, Europako ligarik onenetako batera. Zortzi urtez jokatu zuen han, zazpi urtez Ferencvarosin, eta urtebetez Siofoken. Danimarkara joan zen gero, eta urtebete eskas egin zuen Esbjergen. Norvegiara abiatu zen ondoren, Europako talderik onenetako batera: Vipers Kristiansandera. Han jo zuen goia, bitan izan baitzen Europako txapeldun. Hala ere, arantza du, gutxi jokatu baitzuen. Iazko udan utzi zuen taldea.

Espainiako selekzioarekin ere nabarmendu zen: 176 aldiz jokatu zuen. Haren lanari esker, Espainiak oso emaitza onak lortu zituen: zilarra eta brontzea Munduko Txapelketan, eta zilarra Europako Txapelketan. Bi Olinpiar Jokotan ere lehiatu zen: 2016an, Rio de Janeiron (Brasil), eta 2021ean, Tokion. Rio de Janeiron diploma olinpikoa lortu zuen.

Haren ibilbide oparoari aitortza egin zion Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroan: Kirol Merituaren Urrezko Domina eman zion. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.