Neska futbolari baten eskultura jarri dute Bilbon, Txapeldunen Ligako finalaren atariko

San Mamesen jokatuko da finala, maiatzaren 25ean. Ikusleen marka gainditu nahi dute, eta finala baliatu nahi dute emakumezkoen futbolaren ikusgarritasuna bultzatzen jarraitzeko.

(ID_13673824) ESPAÑA FÚTBOL LIGA CAMPEONES
Nahia izeneko neskato futbolariaren eskultura, San Mames atarian. LUIS TEJIDO / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko martxoaren 6a
17:30
Entzun

Maiatzaren 25ean jokatuko da San Mamesen emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala, eta gaur abiatu dituzte horri begira egingo diren ekitaldiak. Asko dago jokoan kanpainaren aurkezpena izan da lehena. Izan ere, emakumezkoen futbolaren ikusgarritasuna bultzatzeko ere baliatu nahi dute finala. Horri lotuta, Nahia izeneko neska futbolari baten eskultura jarri dute, San Mames atarian, Jose Angel Iribarrenaren parean. Ekitaldian izan da eskulturan irudikatu duten neskatoa, eta argi aldarrikatu du: «Nik ahal dut; guk ahal dugu». Berdintasunaren ikur izan nahi du eskulturak, eta emakumezkoen futbolak aldarrikatu nahi dituen balioena: inklusioa, aniztasuna...

Bideo baten bidez mintzatu da Irene Paredes, Realeko eta Athleticeko jokalari ohia. Egun Bartzelonan jokatzen du, eta bat egin zuen aldarriarekin. «Harro nago gauzak aldatzen ari den belaunaldi baten parte izateagatik, baina are gehiago aurreko belaunaldiek egindakoagatik. Haiek modua eman dute gu hemen egoteko». UEFAko emakumezkoen futbolaren arduradunak ere hartu du parte ekitaldian. «Bilbon bete-betean bizi dute futbola, eta Euskal Herrian goi mailako futbolari asko daude. Hiri eta estadio paregabeak dira finala jokatzeko».

Helburua da emakumezkoen Txapeldunen Ligako final batean izan den zale kopurua gainditzea. Egungo marka 50.221 ikuslek ezarri zuten, 2012an, Municheko olinpiar estadioan, Lyonek eta Frankfurtek jokatutako finalean. Garaikur gehien duten bi taldeak dira. Frantziarrek zortzi dituzte, eta alemaniarrek, lau. San Mamesen 53.331 ikusle kabitzen dira, eta 2018an izan zen sarrerarik onena. 52.282 zale bildu ziren errugbiko Txapeldunen Ligako eta Europako Ligako finalak ikustera. 

Ostiralean jarriko dira salgai finalerako sarrerak. Internetez eskuratu daitezke, Final20224bilbao.com atarian. Sarrerak 15, 20 edo 25 eurokoak izango dira. Premium kategoriako sarrerak 25 eurokoak izango dira. Futbol taldeek, zaleen taldeek eta erakundeek aukera izango dute sarrera eskari bereziak egiteko, 30 pertsona baino gehiago badira.

Final-laurdenetan dago egun txapelketa, eta hauek dira kanporaketak: Brann Kvinner-Bartzelona, Ajax-Chelsea, Hackken-PSG eta Benfica-Lyongo Olympique. Bi aste barru jokatuko dituzte joaneko partidak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.