Hauteskunde egunaren bezperan erantzun ditu Josu Urrutiak (Lekeitio, Bizkaia, 1968) BERRIAren irakurleek egindako galderak.
Muniain eta Javi Martinez salduko dituzu talde on bat egiteko? Sergio Cormenzana.
Talde on bat edukitzeko, Javi eta Muniain behar ditugu.
Zer asmo duzu Athleticen emakumezkoen taldearekin? Athleticzale.
Indartzeko asmoa daukagu, eta, beste arloetan bezala, lehenbizi jakin nahi dugu orain arte zer egin den, hausnartu eta hortik hobekuntza bilatu.
Zergatik erabaki duzu hauteskundeetan aurkeztea? Pentsatu duzu prestatuta zaudela lanpostu hau ondo egiteko? Krismon.
Nire ustez, bazkideen artean beste sentsibilitate bat ere bazegoelako, eta sentsibilitate hori ordezkatzeko aurkeztu naiz. Bai, neure burua prestatuta ikusten dut, bestela ez nintzateke aurkeztuko.
Lekeitiarra eta euskalduna zara. Zer-nolako konpromisoa daukazu euskararekiko? Uste duzu ona litzatekeela jokalari batzuek (Muniain, Javi Martinez...) euskarazko eskolak jasotzea?Lander.
Egun, nik uste dut euskara, eta estatutuek ere hala diote, Athleticen bizitzan sartuta dagoela. Euskara ikastea edo ez ikastea erabaki pertsonala dela uste dut, norberaren konpromisoaren araberakoa. Halere, euskara ikasteko erraztasunak ipiniko ditu Athleticek.
Caparrosek lan itzela egin duela iruditzen zait, ez al du errespetu handiagoa merezi? Zergatik ez duzue nahi Athleticen jarraitzea? Jon.
Caparrosek bere erabakia hartu zuen, hau da, beste hautagaitzarekin joatea. Guk kanpaina errespetu osoz egin dugu. Bielsa entrenatzaile egokiena dela uste dugu.
Irabaziz gero, Euskal Herriko futbol selekzioa bultzatuko duzu? Izoztegi.
Bai, zergatik ez? Beste erakunde eta jendearen laguntzagaz.
Josu Urrutia. Athleticeko presidentegaia
«Neure burua prestatuta ikusten dut»
Bazkideen artean «beste sentsibilitate» bat dagoelako eta hori ordezkatu nahi duelako aurkeztu da Josu Urrutia hauteskundeetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu