RIO16 

«NI EZ NOA LUR JOTA HEMENDIK»

Beroak lehertu zuen Estela Navascues igandeko maratoian. Urik onartzen ez eta gorputzari bueltarik eman ezinda, erretiratu egin zen. Jokoen balorazio «ikusgarria» egiten du, hala ere, eta dio lanerako sekula baino gogotsuago doala.

enekoitz telleria sarriegi
Rio de Janeiro
2016ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Salda, eta sekulakoa, gainera, Rio de Janeiroko Sanbodromoan igandean egiten zuena. Atletak txikituta. Beroak pasatuta. Asko negarrez, beste askota jota eta bakar bat sanba doinuak dantzatzen helmugako arrastoan pasatu berritan. Gogorrak, oso gogorrak, helmugaren atzean atletak artatzeko jarritako gunean ikusitako irudiak. Han itxaron zion BERRIAk Estela Navascues maratoilari nafarrari. Beroak pasatu zuen hura ere, eta 23. kilometroan erretiratu zen, gorputzari bueltarik eman ezinda. Estu besarkatu ostean, lehenengo esandakoak: «Olinpiar Joko batzuk ziren, eta gogoz irten naiz. Burua erabiliz hasi naiz, tentuz. Aldez aurretik pentsatuta neukan erritmora joan naiz hasieran, jendea harrapatzen eta pasatzen hasi naiz, motibatuz joan naiz... baina, bat-batean, tripetako mina hasi naiz sentitzen. Anoa postuetan hartutako urak ez zidan onik egiten, eta tripako mina ematen zidan. Oso sentsazio arraroa izan da, egarria neukalako, ura edaten nuelako, baina gorputzak ez zidalako onartzen».

Eta saiatu zela gertatzen ari zitzaionari neurria hartzen, erritmo apur bat moteltzen, baina alferrik. «Eguraldi horrekin eta gorputzari urik ez badiozu sartzen... hori da gertatu zaidana: hamabosgarren kilometrotik aurrera zorabiatzen hasi naizela. Saiatu naiz eusten, joan naiz apur batean horrela, baina ezin izan dut. Errepidea lauso ikusten hasi naiz, balantzaka... eta gelditu beharra izan dut», onartzen du Navascuesek, senarra eta Abel Anton entrenatzailea alboan dituela.

Aurreneko Olinpiar Jokoak izan dira Navascuesentzat, joan aurretik esana zeukan esperientzia bizi nahi zuela, eta horrekin gustura dago. «Honen guztiarenbalorazioa, dena dela, ikusgarria da. Nik beti esan dut hemen aritzea sari bat zela niretzat. Ederragoa litzateke maratoia bukatu izan banu, sentsazio hobeagoarekin joango nintzen, baina helburua beteta zegoen».

Osorik dago, ez lur jota. Are gehiago, «indartsuago» ikusten du orain bere burua. «Jarraitu egin behar da. Atsedena behar dut orain eta, zergatik ez, Tokion pentsatzen hasi. Nik neure burua gai ikusten dut horretarako. Ni ez noa lur jota hemendik. Inoiz baino borrokalariago noa hemendik. Entrenatzen jarraitzeko gogoz. Gertatu den hau maratoiaren parte da. Lehiaketako egunean denak irten behar du ondo, eta oraingoan ez da hala gertatu».

Abel Anton entrenatzailea ere iritzi berekoa zen, eta nabarmendu zuen «beroak baldintzatutako» lasterketa izan zela. Navascuesek eta biek hausnartu zuten ordutegiaren inguruan ere, eta aurrera begira horrelakoetan irteera ordua aurreratzeko aukera aztertu beharra aipatu zuten. «Egia da eguraldia ezin dela guztiz iragarri. Baina egia da, halaber, horrelako triskantza saihestu zitekeela irteera ordua nabarmen aurreratuta eta askoz ere goizago hasita», esan zuen Tuterakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.