Markel Alberdi. Igerilaria

«Nigan sinetsi dutenek harro egoteko moduko lana egitea espero dut»

Beste edozein bezala hasi zen igeriketan, berezko gaitasunik gabe. Apurka-apurka, ordea, ahalegina bere fruituak ematen hasi zen, Bartzelonako Munduko Txapelketan onenekin egotera iritsi arte.

BERRIA.
2013ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Markel Alberdiren (Eibar, Gipuzkoa, 1991) ametsa egia bihurtu da. Duela pare bat urte pentsatu ere ez zuen egingo Munduko Txapelketan parte har zezakeenik, eta orain Bartzelonan dago, munduko igerilari onenekin batera. Igandean ariko da 4x100 metro txandakakoan.

Espero zenuen Munduko Txapelketan aritzea?

Banekien aurtengo Munduko Txapelketara joatea ez zela hain zaila izango, eta ilusio handia nuen. Egunero entrenatzen nintzen horretan pentsatzen. Espainiako Irekian bigarren gelditu nintzen, eta hurrengo astean Espainiako Kopa jokatzen ari nintzela eman zidaten albistea. Izugarrizko poza hartu nuen, konfiantza asko eman zidan. Nagoen lekura iristeko entrenatzaileen laguntza eta familiaren babesa ezinbestekoak izan dira.

Zure bizitza aldatu al da ordutik?

Nire egunerokoarekin jarraitu dut: unibertsitatera joan, eta berdin entrenatzen jarraitu dut; hori bai, gogo handiagoarekin. Aldatu dena ingurua izan da; pentsa, kalean jendeak zorionak ematen dizkit...

Nolakoa da zure egunerokoa?

Goizeko seietan jaiki, eta zazpietan igerilekura joaten naiz, bi orduz entrenatzera. Korrika unibertsitatera joan, eta bazkaldu eta siesta egin ondoren, berriz ere entrenatzera, gimnasiora. Ongi deskantsatu ondoren, ohera goiz joaten saiatzen naiz.

Zeri egin behar izan diozu muzin?

Batez ere bizitza sozialari. Goiz oheratu behar dut, eta parrandan ateratzen banaiz ere, ez dut edaten. Oporrik egiteko aukerarik ere ez dut.

Non egongo da Markel Alberdi hemendik hiru urtera?

Olinpiar Jokoetan egotea gustatuko litzaidake, baina nahiago dut helbururik ez jarri eta pixkanaka-pixkanaka joan.

Eta hamarrera?

Zorte pixka batekin, lanean, igeriketa utzita edukiko baitut ordurako.

Zer asmo duzu hurrengo urterako?

Madrilera joango naiz, goi errendimendurako Joaquin Blume gunera. Hobetzeko aukera dudala esan didate, eta horretarako aukera ezin hobea da.

Orain Bartzelonan zaude.

Etorri ginenetik, hilaren hamazazpitik, kontzentratuta gaude Bartzelonan, eta entrenamendua deskantsuarekin tartekatzen dugu. Bihar Munduko Txapelketan egongo garen hotelera joango gara, igerilekuak ezagutuko ditugu, eta iganderako gutxi geldituko da jada.Gogotsu nago, eta tentsioa gero eta nabariagoa da.

Zer moduz taldekideekin?

Berria naiz selekzioan. Hasieran beldur pixka bat nuen, ea nola egokitzen nintzen. Hasieratik oso giro ona izan da, entrenatzaileetatik hasi eta igerilarienganaino.

Zer gomendio ematen dizkizute?

Igerilekua berdina dela esaten didate, aldatzen den bakarra harmaila dela eta hortik alde ona soilik atera behar dudala; animoak, alegia.

Nola sentitzen zara?

Nire bizitzako sasoirik onenean nago. Azkenaldian oso gustura entrenatu naiz, baita lehiatu ere. Fisikoki ongi nago, eta mentalki nola egongo naizen neuk ere ez dakit.

Zein da zure helburua?

Egia esan, finalera iristeko oso aukera gutxi dugu. Ni ahalik eta hoberena egiten saiatuko naiz, eta nigan sinetsi dutenek harro egoteko moduko lana egin nahi dut.

Nolakoak dira proba aurreko orduak?

Bakoitzak bere ohitura du. Nik lasterketa irudikatzen dut. Goizean goiz gosaldu, igerilekura joan, beroketak egin eta sentsazioak baloratuko ditut. Normalean bakartu egiten naiz, izkina batean jarri, eta lasterketa irudikatzen dut.

Nolakoa litzake zure bizitza igeriketarik gabe?

Bizitza guztia daramat igeriketan, eta, horregatik, nire bizitzaren parte da. Bizitza igeriketaren baitan eraiki dut. Dena markatu dit: lagunekiko harremana, oporraldiak, helburuak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.