Beñat Rezusta. Aspeko pilotaria

«Nik badakit pilota bukatzen denean tailerrera joan beharko dudala»

Binakako finala jokatuko du gaur zortzi, eta, 23 urte bakarrik dituen arren, ez zaio harrokeriarik sumatzen. Ezustean egin zuen debuta, eta oinak lurrean ditu. Barneratua du gozatzeko urteak direla pilotari profesional ibilbidekoak.

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bergara
2016ko apirilaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Elkarrizketa eguna du Bergarako pilotalekuan Beñat Rezustak (Bergara, Gipuzkoa, 1993). Gaur zortzi binakako finala jokatuko du, eta hedabideei kasu egin behar. «Irujok aholkatu zidan denak egun batean egiteko», eta hark esanari kasu. Pilotalekuko kafetegian Reyes Azkoitia, Joxe Mari Zezeaga eta Jokin Etxanizen argazkiak ikus daitezke, Bergarako pilotako izen handiak, baina Rezustarena ez. «Oraindik ez didate eskatu. Horiek asko egin dute nire aldean», esan du umoreko.

Bergara inguruan pilota afizio handia dago, nola hartu du herriak zu finalean sartu izana?

Lagunena dakit, batez ere. Ari dira, ea Bilbora autobusen bat antolatzen den. Kuadrillakoek txapelketa guztian jarraitu naute. Bateren bat badago, partida bakarrean egin duena kale, eta gero batzuk edo besteak beti daude. Bospasei daude partida askotara etorri direnak, finkoak. Ahalegin handia egin dute. Afariren bat edo ordaindu beharko diet...

Gaur zortzi duzu aukera ona.

Egun horretan ez dakit afalduko duten. Nik, bai, afalduko dut, baina eurek esaten dute bazkarian hasiko direla, eta ez dakit afarira ailegatuko diren.

Patxada handia transmititzen duzula esan al dizute noizbait?

Bai, baina aurrekoan, esaterako, gora eta behera ibili ziren «Rezustaren kirioekin». Artola eta haien aurkako partidan agian pixka bat nabaritu nuen urduritasuna, beldur hori sartu zitzaidan. Aldiz, finalerdietako azken partidan ondo ikusi nuen neure burua. Ondo entrenatu nintzen,eta nik asko begiratzen diot horri.

«Rezustaren kirioak» aipatu dituzu. Inporta al dizu jendearen edo kazetarien usteak?

Ezetz esaten duzu, baina entzun, entzun eta entzun bazabiltza azkenean zuk ere sinetsi dezakezu. Baina, tira, nik neure buruari begiratzen diot, eta badakit ondo entrenatzen banaiz konfiantzarekin iristen naizela partidetara.

Arreta zure gainean zegoela sumatu duzu txapelketan?

Pixka bat, bai, baina nire bikotekidearengatik. Irujo, Olaizola.... horiek tartean badaude kazetariak gehiago mugitzen dira inguruan. Gero, normala den moduan, aurrera eginez gero ikusmina handitu egiten da.

Pozik nabaritzen zaizu.

Hala nago-eta! Final batera ez da egunero ailegatzen, eta aurten aukera hori izan dut. Aurtengoa ahalik eta gehien gozatu, eta ea txapela irabazten dugun.

Handia izango da gustuko duzun hori egiten bizi ahal izatea...

Zalantzarik gabe. Hori bai, lagunek eta ingurukoek askotan pentsatzen duten bizitza honek dena ona duela, baina ez da horrela.Jendeak uste du: «pixka bat entrenatu, jokatu...» eta ez da hori bakarrik, baina ez dut inongo kexarik. Txikitatik gustatu zaidan kirola egitetik bizi naiz, ederra da. Beste edonor goizean jaiki eta fabrikara doan bitartean ni entrenatzera noa. Ea luza dezakedan.

«Ez da dena ona» diozu; non du,bada, arazoa?

Askotan alde polita ikusten da bakarrik, baina badu bestea ere. Gaizki zabiltzanean, edo eskuko minarekin, edo lagunak parrandan irten eta zu etxean gelditzen zarenean... Baina ez naiz kexatzen.

Zure kasua bitxia da gainera, ia kasualitatez egin zenuelako debuta—2013ko ekainean—. Fernando Bidarte Bergara Hiria torneoan Xabi Tolosa ikustera etorri, eta zuk harritu zenuen.

Beste pilotari batzuekin alderatuta, ezberdina izan zen. Beste batzuek aurreakordioak izaten dituzte, eta denbora pila bat egiten dute enpresekin entrenatzen. Nik, berriz, ez nuen horrelako ezer. Asperekin eta Asegarcerekin entrenamendu bana egina nintzen, debuta baino urtebete lehenago, eta ez ninduten berriz deitu. Eta partida hartatik gutxira, Etxanizekin deitu ninduen debutatzeko. Kolpetik etorri zen, espero gabe.

Itxaropena galduta al zeunden?

Galduta ez, baina ez ninduen itsutzen. Gustura nenbilen afizionatuetan. Gaztea bazara, partida mordoa jokatzeko aukera duzu.

Eta debutik egin ez bazenu?

Jokatzen nengoke, ziur, afizionatuetan, eta nonbaiten lanean edo beste zerbait ikasten. Anaia zaharra eta biok batera ikasi genuen [Mekanizatu modulu bat] eta hura lanean dago.

Kirolariak burbuila batean bizi zaretela esaten dute.

Beste batzuk izango dira, ez dut uste pilotarion kasua denik. Futbolariekin ezin gara alderatu. Gurea kirol txikia da. Espero dut urte asko barru izatea, baina nik badakit pilota bukatzen denean tailerrera joan beharko dudala edo beste zerbait ikasten hasi.

Lanaz ari garenez. Zertan gastatu zenuen lehen pilotari soldata?

Badago jendea gutiziaren bat bete izan duena, nik ez. Handik gutxira autoz aldatu nuen, eta kito.

Amari eman zenion?

Ez, bada; hori ere ez.

Nori esker zara pilotari? Etxean afiziorik ba al zenuten?

Bai, ibilitakoak badaude. Amaren aldetik bi osaba ditut afizionatuetan ibilitakoak, lehengusu bat ere bai. Aitaren aldetik jokaturikoak ez, baina aitona beti partidak ikusten dabil. Aritz anaia eta biok txikitatik ibili izan gara, eta berak ere jarraitzen du pixka bat.

Zeinek irabazten zuen txikitan?

Berak, bi urte zaharragoa delako. Gero, urteekin, ni hasi nintzen irabazten, eta, askotan, haserre etxera. Galtzeak min ematen du, eta anaiaren aurka gehiago. Gero etxean entzun behar, badakizu.

Galtzaile txarra al zara?

Gaizki jokatu badut, bai, lehen unean bereziki. Galdu eta ondo jokatu badut, tira, baina batzuetan petraldu ere bai. Bikotekideari tokatu izan zaio ni aguantatzea. Galtzean min hartu behar dela uste dut. Baina, tira, gero buelta ematen diot.

Asko zor al diozu Reyes Azkoitiari?

Bai, asko. Txikitatik, Bergarako klubean hasi nintzenetik hark ez zuen hamar entrenamendutan kale egingo. Beti, asteroastero, bera egon da. Partida banuen, bera etortzen zen nirekin, bere autoan ere bai, botilero ere bera nuen. Profesionaletan ez du nahi izan, urduri jartzen delako. Klubean jarraitzen du, sekulako lana egin du herrian pilotaren alde.

Atentzioa ematen al zuen entrenatzailea emakumea izatea?

Besteei agian bai, baina, gu txikitatik harekin ibili ginenez, ohituta geunden. Guretzat, munduko gauza normalena zen. 5 urterekin sartu nintzen hemen lehenbizikoz ,eta bera ordurako hemen zegoen, eta beti egon da.

Pilota zorretan al dago emakumeekin?

Ez da erraza eurentzat, behin adin batera iritsita aurkaririk ez dute. Palaren bidea dute, baina... emakumeentzat zailagoa da kirola egitea, eta pilotan, berdin.

Finalera gonbidatuko duzu, ala?

Finalerdietako partida irabazi eta ordubetera mezua bidali zidan ordurako finaleko sarrera enkargatuta zuela esanez. Azkar ibili zen!

Idolorik edo izan duzu?

Atzelari izan arren, betidanik Titin. Jokatzeko modu hori...

Autograforik eskatu al zenion?

Behin bakarrik, eta ez Titini, Aitor Elkorori baizik, elastikoa eta guzti nuen. Ez naiz izan eskatu zalea.

Eliteko kirolean beste lagunik?

Mikel Aristi [Delko Marseille] eta Eneko Lizarralde [Murias] txirrindulariak koadrilakoak dira. Gutxi egoten gara, asko ibiltzen direlako hortik. Aristi ere ibili zen debutatu edo ez. Eurak ere partidaren batera etorri izan dira, baina gutxi, bizitza zorrotza da eurena.

Horiek ez dute parrandarik egingo finalaren ondoren.

Ez dut uste. Euren kirola askoz gogorragoa da, aldearekin gainera. Askotan esaten dute ordu asko entrenatzen direla, eta gu gutxi. Hori ere kirolarengatik da. Pilotalekuan sei ordu ezin dira entrenatu, eskuek ez dutelako ahalbidetzen. Zaindu eta bai, baina ezin da alderatu. Nik larunbatean partida jokatu eta lagunekin irten naiteke afaltzera edo. Hori eurentzat, denboraldian zehar, ezinezkoa.

Ez zaizu damutu futbola utzi izana? Zure gurasoak Fran Garagarza Eibarko kirol zuzendariarekin ere hitz egin zuten.

Aurrelari jokatzen nuen, eta ez. Pilotan jarraitu badut, ez da izan profesionaletara iritsi nahi nuelako, ni entrenamendua noiz hasiko desiratzen egoten nintzen. Futbolean egin nuen azken urtean gainera ez genuen entrenamendu giro zorrotzik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.