Nik berarekin jokatzen nuen!

David Zurutuza (Rochefort, Frantzia, 1986) eta Ane Bergara (Bera, Nafarroa, 1987) Realeko jokalarien kirol ibilbidea herri berean hasi zen, Hendaian. Aitor Laskurain masajistaren ideiari tiraka askatu dute barrua.

Ana Bergara eta David Zurutuza, Realeko jokalariak, aste honetan, Hendaian, euren kirol ibilbidea hasi zen herrian. NICOLAS MOLLO.
Amets Arzallus Antia.
Hendaia
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Joxemiel ez zen bere benetako izena, irrati lokuzioetarako hartua zuen, baina jendeak hala ezagutzen zuen, Joxemiel bezala, lehenengoetakoa izan baitzen irratiari euskaraz erakusten. Baserritarren pasadizoak kontatzen zituen, txisteak bestela, La voz Guipuzcoa-n. Sukalde askotara iristen zen haren ahotsa, eta belarri gehiagotara, eltzeek ere ikasiko zituzten ipuinak buruz. Baita bilobak ere, nola ez, «makina bat aldiz» entzun zizkiolako haurra zenean. Baina, agian, aitona, bilobak kontatu nahi zuen ipuina entzun gabe joango zen...

Pertsona baten bizitza tren bat bezala doa bere destinurantz, paisaiak atrezzo-ak bezala aldatzen dira, eta bidean sartzen da jendea bagoietara, atera ere egiten da gero, eta bere lekutxoa hutsik uzten du. Baina trena, bere barruan ibili den jende horretaz, gogoratzen ote da destinura heltzen denean? «Ni asko, eta saiatzen naiz memoria hori zaintzen, estazio bakoitzean jaso dut nik zerbait, lagunak. Kontra jokatu dudalako, edo taldean izan dudalako, lagunak eman dizkit futbolak, eta ibili naizen leku guztietatik gogoratzen dut jendea». David Zurutuzak esana.

David iritsi egin zen, Hendaian futbolean hasi, eta destinu goren batera, Realera, baina oroitzapenak ez dira beti iristen, oroituak ez du jakiten bera besteren burutan bizi denik. Inoiz bai, ordea, eta oroituak poz hartzen du orduan: «Bera nitaz gogoratzea berezia da niretzat. Haur asko ginen eta urte batzuk pasa dira, pentsatzen duzu 'hemendik urte batzuetara nor gogoratuko da besteetaz?'. David gogoratzen zela jakin nuen eta ilusio handia eragin zidan, biek daramagu akordu hori, eta polita da memoria reziprokoa izatea». Ane Bergarak esana.

Ane ere Hendaian hasi zen futbolean, Beratik etorri zen han ikastolan eta kalean besterik ez zezakeelako jolastu. Eta berak jokatu egin nahi, larre motz batean. Hendaian, beste neskarik ez, eta mutil artean hasi zen, Eglantinsen, federazioaren fitxarekin. Lasai kontatzen du bere historia berezia: «Nik ile motza eraman dut beti, eta nik uste beste taldeetako asko ez zirela jabetu ere egiten neska nintzenik. Beraz, ez nuen sufritu mutil arteko neska izateagatik, izatekotan ere, hizkuntzarena egin zitzaidan zailena, edo partidetan aldagela bat lortzea. Gogoan dut beti arbitroaren aldagelatxoa eskatzen genuela niretzat, eta ahal zenean hantxe aldatzen nintzen. Aldatu eta gero mutilengana joaten nintzen partida aurreko hitzak entzutera. Eta partida ostean ere berdin, mutilak euren aldagelara sartzen ziren, eta arbitroaren aldagelatxoan dutxatzen nintzen ni». Malapartatuena, arbitroa, dutxatu gabe joango zen etxera.

Aldagela apartekoetan baina zelai berean jokatu zuten Davidek eta Anek, biek elkarrekin, Hendaiako gaztetxoen taldean. «Nahiko neska introspektiboa zen —oroitzen da David—, zelaitik kanpo lotsati antza zuen, baina partida hasten zenean azkar eranzten zituen lotsak. Defentsa moduan jokatzen zuen eta oso jokalari gogorra zen, mutilen artean ere nabarmendu egiten zen. Gure aitak asko maite zuen, eta beti ziria sartzen aritzen zitzaion: «Berako txuleta horiek bai indarra!». David nolako mutikoa zen gogoratzen da Ane: «Oso mutil jatorra iruditu zitzaidan hasieratik, gainera euskaraz egiten zuen beti, eta horrek are gehiago bildu gintuen. Jokalari bezala, berriz, zer esango dut ba nik... taldeko onenetariko bat zen, teknikoki aurreratua, besteok ikusten ez genituen gauzak ikusten zituen, eta ez zen fisiko handikoa, goputzez txikia eta iharra zen, baina orain erakusten duen grina ordurako bazuen».

Bakoitza, bere bideari helduta

Joxemielek izango zituen bere errekurtsoak kontakizunetan denbora jauzi handi bat egin behar zuenetarako, bere bilobaren ipuinean trenarenak balio dezake: Anek eta Davidek bagoi berean egoteari utzi zioten, bakoitzaren bideak alde banatatik joan ziren. David Lengokoak taldera aldatu zen, eta Ane herrira itzuli, Berako Gure Txokoa taldera. Handik maletak egin eta Iruñeko Lagunak-era joan zen, eta Bartzelonako geltokian jaitsi zen gero, Espanyolek deitu baitzion.

Urte batzuk pasa zituzten elkarren berri izan gabe. Agian, iritsi ezin eta bagoitik jaistea erabaki izan balute hantxe galduko zen betiko elkarren pista. Baina biak ere etsi errazak ez direlako, edo biek begi urdinak dituztelako, edo auskalo zergatik, destinuak bestelako erabakia hartu zuen, eta egun batean Zubietako parkinean egin zuten topo. Davidek dozena erdi bat urte bazeramatzan han ostatu harturik, Ane maletak eskuetan zituela zetorren Bartzelonatik bueltan. Orduan aitortu zioten elkarri ez zirela bata bestearekin ahaztuta bizi izan: «Nonbaitetik iritsi zitzaidan Espanyolen zebilela —hasi da David—, eta Euskadirekin jokatu zuen partida batean ikusi nuen, ile motzarekin beti bezala, ikusi orduko konturatu nintzen, 'ostra, hori Ane da!'».

Anek markaje zehatzagoa egin zion Davidi, komunikabideek ere gehiago laguntzen dute eta mutilen futbolaren berri izaten: «Entzun nuen David Reala B-n zebilela, gero Eibarren ere bai, eta saiatzen nintzen ahal zen moduan jarraitzen. Gainera nik nahi nuen berak ahalik eta minutu gehien jokatzea, eta gora iristea. Orain gola sartzen duenean ilusio berezia sentitzen dut, eta beti kontatuko dut: nik berarekin jokatzen nuen!».

Davidek ere berdina pentsatzen du. Baita Hendaiako Eglantinsek ere. Eman baititu munduko txapeldun izan diren jokalariak. Eta izan ez direnak. Asko. Baina ehun urteko historiak utzi dion istoriorik politena goi mailarako bidea egin duten bi neska-mutiko horiena da; «hemen Davidek eta Anek elkarrekin jokatzen zuten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500