Aritz Lasa. Aspeko pilotaria

«Nik bezala, beste askok ere izan dezakete tokia txapelketan»

Ibilbide gazi-gozoa izan du txapelketan, partida bikainak eta kaskarrak jokatu dituelako. Dena den, gustura gelditu da.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Asteburuan ez du jokatuko, baina uste du binakako ligaxkako azken partidarako sendatuko zaiola zuntz haustura. «Segur asko Urretxun izango da, eta egon nahi nuke». Han bukatuko da Aritz Lasak (Urretxu, Gipuzkoa 1983) binakakoan egindako ibili gazi-gozoa.

Nola sentitzen zara? Lehen binakako txapelketa izan duzu, baina partida gutxi rabazi dituzu.

Banekien hala izan zitekeela. Ilusioz hasi ginen, Xala-Laskuraini irabazita, baina lehen itzulian ez genuen beste partidarik irabazi. Arazo asko: Zubieta eskuetatik justu, ni joko gutxirekin… eta gauzak ez ziren irteten. Gero, bigarren itzulirako, hobeto sentitzen hasi nintzen.

Zorte handirik ez duzue izan.

Batere ez. Dena guri tokatu zaigu. Ea hurrengo urte baterako zorte txar guztia kendu dugun.

Zer moduz ikusi duzu zeure burua? Txapelketan tokirik ba al duzu?

Bai, zergatik ez? Baina, nik bezala, beste askok izan dezakete. Une onean nengoen, eta nik opari bat bezala ikusten nuen, nire maila erakusteko aukera on bat, eta denetarik egon da. Olaizola II.aren aurkako lehen itzuliko partidatik aurrera gauzak hobeto joan dira; partida bikainak jokatu ditut.

Hasi aurretik, eta zuk ezer egin gabe, Gonzalezen iskanbilaren erdian ikusi zenuen zeure burua. Eragin al zizun?

Hauts asko harrotu zen, eta jendeak hitz egiten zuen. Baina, tira, azken finean, beroaldi bat izan zen, eta halako gauzak neurtu egin behar dira, besteak ere nahasten dituelako. Baina nik ez diot bueltarik eman. Eragitekotan lehen partidan eragin beharko zidan, eta lasai irten nintzen.

Txapelketako zein partidarekin gelditu zara gusturen?

Urretxukoa oso ona izan zen nire aldetik, Zubietak asko sufritu bazuen ere. Laguntzea tokatu zitzaidan, sotamanoka, eta hor egon ginen, 18-20. Ia bakarrik jokatzen, hor izan genituen. Peñarekin jokaturikoa ere polita izan zen. Txarrak ere egon dira. Esaterako, Titinen aurkako lehen itzulikoa. Hor ikusi nuen ezin nuela hala jokatu, hainbeste errespeturekin, hain serio… Alaiago jokatu behar dela ikusi nuen, gehiago sartuz.

Azken urtean gora egin duzu, txapelketan sartu arte. Estelarretakoa al zara?

Aspen lehia handia dago. Batzuek postua ziurtatua dute, eta beste batzuek lanean jarraitu behar dute, eta nik uste nire kasua hori dela. Nik lan egin behar dut estelarretan egoteko. Jartzen dizkidaten partidak jokatuko ditut nik; ez dut inolako arazorik. Ea udan ze partida jokatzen ditudan. Ez naiz estelarretakoa bakarrik, baina zuloren bat baldin badago, saiatuko naiz sartzen.

Pilotari ibilbide luzea duzu: urteak afizionatuetan, gero Frontis, Aspe… Eta orain? Zer moduz enpresan? Noiz arteko kontratua duzu?

Urtea bukatu artekoa. Hiru urte daramatzat, eta oso gustura nago.

Enpresaren konfiantza baduzu.

Aukerak eman dizkit, eta harremana ona da. Behar izan nauenean hor egon naiz beti; konplitu behar izan denean konplitu dut. Normalean, asko jokatzekoa naiz, partida gutxi utzi ditut bertan behera. Eskuak pixka bat minduta izanda ere jokatzen badakit.

Iturgin izateari uzteko ematen dizu behintzat.

Aspaldi utzi nuen hori! Frontisen nengoenean ibili nintzen pixka bat, obra jakin bat egiteko edo.

Garai batean iturginek pilotariek baino gehiago irabazten zuten.

Ez zen, bada, hori nire kasua. Baina garai hartan ondo zetorren beste lantxo bat izatea. Dena den, hobeto bizi naiz orain.

28 urte dituzu, eta orain gutxi iristen dira adin horietara profesionaletan izar handiak izan gabe.

Egoera pixka bat finkatu da. Konfiantza eman dieten gazteak hor daude: Apezetxeak, Ongaik... kontratua berritu dute. Aurretik egon zen garai bat jende asko kaleratu zutena. Pilotariek oso gazte debutatzen dute, eta modu jarraituan jokatzea behar dute. Ez badiezu ematen, agian motz gelditzen dira, eta 18 urterekin debutatu zuena 22rekin oraindik egiteke dago. Nik 25ekin debutatu nuen.

Bide luzea izan da zurea.

Eta gogorra. Garai batean frustragarria izan zen. Jende asko ikusten zenuen goraka, Asegarcera eta Aspera, eta zaila egiten zen haiekin jokatu arren aukera hori ez nuela jasotzen ikustea. Baina jarraitu egin behar da.

Frontis desagertu zenean atsekabea hartuko zenuen.

Bai, han tenplea hartu eta lagun asko egin nituelako. Horregatik behar da jende heldua enpresetan, gazteek ikas dezaten, eta nik asko ikasi nuen.

Perspektiba zabal hori izanda, nola ikusten duzu pilota profesionala?

Orain gazte asko lotzen da, agian gazteegi. Afizionatu maila ezagutu egin behar dela uste dut, hor baino gehiago ez duzulako inon ikasiko. Hala ez bada, profesionaletan egurra ematen dizute. Bestalde, 15-16 urterekin kontratu aurreko bat egiten duten pilotariek ez badute gora egiten, non bukatzen dute? Afizionatu mailatik pasatzea beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.