Baikoko pilotaria

Iker Larrazabal: «Nik ere badut zerbait galtzeko: nik finala jokatu nahi dut»

Gauza handia egin du Larrazabalek: lehen aldiz ari da buruz buruko nagusia jokatzen, eta finalerdietara iritsi da. Baina gehiago nahi du: Artolari irabazi nahi dio igandean, eta finala jokatu.

Iker Larrazabal. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iker Larrazabal. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Etxera iritsi berri da Iker Larrazabal (Amurrio, Araba, 2002). Hark eta Iñaki Artolak igandeko finalerdirako pilotak aukeratu dituzte goizean, Ogeta frontoian. «Gustatu zaizkit, bai nireak, bai harenak», azaldu du. Hain zuzen, Ogetak duela 65 urte egin zuena egin nahi du berak: finala jokatu. Ordutik ez da aritu beste arabarrik finalean. «Askotan esan didate hori azken egunetan. Ea bolada luze hori eten dezakedan».  

Lehen aldiz ari zara buruz buruko nagusian, eta, finalerdietan ariko zara. Espero zenuen?

Inondik inora ez. Egia esan, ez nuen espero ezta lehen partida irabaztea ere. Oso itxura gogorra zuen: Josebak [Ezkurdiak] binakakoa irabazi berri zuen. Baina lasai jokatu nuen, eta irabazi. Gero, partidaz partida aritu naiz, lasai, eta asko gozatu dut. Oso pozik nago. Txikitako ametsa bete dut.

Jokin Altunari eta Dario Gomezi ere irabazi diezu. Sekulakoa da hori.

Partida oso zailak jokatu behar izan ditut, guztiak aurkari oso gogorren kontra. Halaxe da Artolaren aurkako neurketa ere: gogorra. Baina lasai eta ondo jokatzen badut, irabaz diezaioket. 

B Serieko buruz buruko txapeldun eta lau eta erdiko txapeldunorde ere bazara. Non dago banaka lehen hamar partidak galdu zituen pilotari hura?

Hementxe! Lehengo bera naiz: pilotari gogor jotzen diot oraindik, eta batetik bestera darabilt. Baina hobetu egin dut fisikoki eta mentalki.  

Kantxan sufritzen ikasi duzulako ari zara horren ondo. Ados zaude iritzi horrekin?

Erabat. Bosgarren urtea dut profesionaletan, eta urtero ahalegindu naiz horretan. Pilotari hauen aurka jokatzeko, asko sufritu beharra dago.

Nola entrenatzen da hori?

Partidak jokatu ahala ikasten duzu sufritzen, baita urteen poderioz ere. Funtsezkoa da argi izatea non egiten duzun huts.  

Adin kontua dela diozu. Zuk oso gazte egin zenuen estreinakoa: 18 urte egin berritan. 23 urte betetzear zaude orain. Aldea dago? 

Bai, noski. Nik neuk nabari dut beste pilotari bat naizela: txikitan bezala jokatzen dut pilotan, baina hobea naiz zenbait esparrutan. Hor dago aldea.

Zer da bost urteotan ikasi duzun gauzarik garrantzitsuena?

Frontoian egoten jakitea: nola jokatu tanto guztiak. Lasaiago nabil orain, eta badakit zer egin tanto bakoitzean. Buruz askoz indartsuagoa naiz: lehen, neure burua atzetik ikusten nuenean, haserretu egiten nintzen, eta partida botatzen nuen. Orain, ordea, lanean jarraitzen dut.

«Ez nuen espero ezta lehen partida irabaztea ere. Oso pozik nago; txikitako ametsa bete dut»

Bestela, botileroa duzu, akuiluarekin.

Koldok [Iriartek] asko laguntzen dit, gomendioak emanez eta gogor jarraitu behar dudala esanez. Hari esker, garai zailetan, heldu egiten diet partidei.  

Gabeziak landu dituzu, eta indarguneak sendotu: sekulako abiadura ematen diozu pilotari.

Berezkoa dut abilezia hori. Abiadura handia ematen diot pilotari, eta asko bukatzen dut aurrean. Ahal dudanean saiatzen naiz hori egiten.

Lehen Mailako pilotek mesede egiten dizute?

Bai. Biziago irteten dira, eta aproposak dira nire jokamolderako.

Zortekoa zara: eskuek ondo eusten dizute.

Orain arte, bai. Partidaren batean okerxeago izan ditut eskuak, baina ez dut askorik sufritu. Takoak ondo egitea, masaje emailearengana joatea eta asko entrenatzea da garrantzitsuena.

Hain zuzen, eskuin eskuko minez bukatu zenuen azken partida, Javier Zabalaren aurkakoa. Osatu zaizu?

Bai. Minduta bukatu nuen, baina, masaje emailearengana joanda eta pixka bat entrenatuta, sendatu zait. Bete-betean dut eskua. 

Kontrako eztarritik joan zitzaizun lehia hura: 22-7 galdu zenuen. Zein hausnarketa egin duzue gertatu zitzaizunaz?

Partida zaila zen. Zabala pilotari ikaragarri ona da; edozeini irabaz diezaioke. Nik partida txarra jokatu nuen, eta hark merezita irabazi zuen. 

Sailkatua zinen. Horrek zerikusia izan zuen?

Halakoetan beti zaude lasaiago. Baina ni bete-betean irten nintzen, irabazteko asmoz, baina galdu egin nuen. Pena izan zen. 

Partida horrek zalantzak eragin dizkizu?

Ez, baina zera pentsarazi dit: edozeini irabaz diezaioket, baina, aldi berean, edozeinek irabaz diezadake niri. 

«Artolak ere abiadura handia ematen dio pilotari. Lehia polita izango delakoan nago. Biak sasoiko gaude»

Igandean Artolaren aurka jokatuko duzu. Zer itxura hartzen diozu neurketa horri?

Partida zaila da. Igandean ikusi nuen nola irabazi zion Peio Etxeberriari; asko jokatzen du. Nire antzeko jokamoldea du, hark ere abiadura handia ematen baitio pilotari. Lehia polita izango delakoan nago. Biak sasoiko gaude.

Aimar Olaizola Baikoko kirol zuzendariak esan du zuk ez duzula presiorik, ez duzula ezer galtzeko, eta partida guztiak «saritzat» hartu behar dituzula. Zuk iritzi bera duzu?

Pixka bat urduri nago, baina, ondo jokatzeko, Aimarrek dioena pentsatu beharra dut: lasai aritu behar dut, eta saiatu nire jokoa egiten. 

Ez al da sari handia finala jokatzea galtzeko ezer ez duzula pentsatzeko?

Nik ere badut zerbait galtzeko: nik finala jokatu nahi dut. Ardura apur bat badut, baina espero dut ondo aritzea, eta jendeak gozatzea.  

Gasteizen jokatuko duzu, etxe ondoan. Pozik, ezta?

Oso. Txikitatik jokatu dut Ogetan; frontoi polita da, eta aproposa niretzat. Gainera, etxe ondoan izanda, gertuko asko joango dira. Hori beste pizgarri bat da. 

Jada jarri dira salgai sarrerak finalerako. Gertuko norbaitek erosi du baten bat?

[Barrez hasi da]. Inork ez dit ezer esan. Uste dut inork ez duela oraindik sarrerarik erosi.

ARTOLARI «ANTZEKOAK» IRUDITU ZAIZKIO PILOTA GUZTIAK

Artolak zalantza egin zuen atzo zein pilota aukeratu, haren ustez, «antzekoak» baitziren denak. Azkenean, aukeratu zituen. «Nireak harenak baino bizixeagoak dira», esan zuen. 

Alegiarrak hirugarrenez jokatuko du buruz buruko finalerdia: duela lau urte, 22-16 irabazi zion Beñat Rezustari, Labriten, baina min hartu zuen, eta uko egin zion finala jokatzeari. Iaz, 22-10 galdu zuen Altuna III.aren aurka Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.