Toch Sarr. IDK Gipuzkoako jokalaria

«Nire ametsa amarentzako etxe bat egitea zen, eta lortu dut»

Saskibaloi jokalari profesionala, Afrikan jaiotako donostiarra, hiru alaben ama, eta 33 urterekin inoiz baino hobeto ari da. Toch Sarr ez da ohiko kirolaria, ezta haren ibilbide oparoa ere.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Alaba eskolan utzi, eta garaiz iritsi da hitzordura. Oumul Khayri du izena (Dakar, 1984), baina mundu guztiak Toch deitzen dio, «izenaren laburdura da, eta esanahi bera du», azaldu du. Ebaki deskafeinatua eskatu du, eta bukatu aurretik hoztu zaio. Hiztuna da, pertsona oso atsegina.

Oso ondo hasi duzu liga. 33 urterekin ia inoiz baino hobeto.

Ni ere konturatu naiz, nabaritzen dut. Oso pozik nago, batez ere minik ez dudalako. Lesiorik gabe edozeinek egiten du denboraldi ona. Udan ere selekzioarekin aritu naiz, eta lagundu egin dit.

Taldea ere ondo dago, 4-1 hasita. Horrek ere lagunduko du.

Guk ere ez genuen espero hain ondo hasterik. Dena oso ondo doa, baina lanarengatik da, bai taldearena, bai Azurena [Muguruzarena]; zoragarria da Azu. Inoiz ez gara hain ondo hasi, eta gozatzen ari gara.

Zer transmititzen dizu taldeak?

Sentsazio oso ona, defentsan batez ere. Gogor defendatzen dugu. Ellen Nystrom militar bat bezalakoa da atzean. Defendatzen baduzu, ondo egingo duzu erasoa. Gure indarra da. Oso ondo elkar ulertzen dugu, eta kanpoko jokalariak oso ondo egokitu dira.

Taldeko beteranoetako bat zara. Rol hori jokatzea dagokizu.

Nik pazientzia handia dut. Oso gazte irten nintzen nire herrialdetik, eta denetarik ikusi dut. Nik jokalari berri bat ikusten badut, nire ardura da ondo egon dadila, eroso... Laguntzen saiatzen naiz, kantxan eta kanpoan.

Zer moduz Azu Muguruzarekin? Zazpi urte egin dituzue jokalari eta entrenatzaile gisa.

Elkar oso ondo ezagutzen dugu, eta errespetu handia diogu elkarri. Nire herrian errespetuan hezten gaituzte, eta nik beti entzuten diot entrenatzaileari. Azu pertsona bikaina da. Zer esango dut? Nire ama adina errespetatzen dut. Oso pertsona ona da; hunkitu egiten naiz hari buruz hitz egitean. Entrenatzaile oso ona da, pazientzia du kanpokoekin, eta lan handia egiten du etxeko gazteekin.

Zazpi urte Donostian ere bai?

Donostiar bat gehiago naiz. Nire alaba nagusiak bizitza osoa egin du hemen, hemen ditu lagunak, eta bikiak hemen jaio ziren.

Ez da ohikoa atzerritar batek hainbeste denbora egitea talde berean.

Eskaintzak beti daude. Lehen, asko mugitu nintzen, merezi zuen toki bat aurkitu ez nuelako. Baina, hona iritsi, eta bi sasoi egin nituen Bigarren Mailan, eta Gironara joan nintzen Lehen Mailan jokatzeko. Gero, IDK Ohorezko Mailara itzuli zenean, berriz etorri nintzen. Ez dituzu maletak egiten beste nonbaiten 300 edo 500 euro gehiago ematen dizkizutelako, bizitzan gauza garrantzitsuagoak badaude, eta dena ez da dirua. Jendeak asko maite zaituen toki batean egoteak diruak baino askoz gehiago balio du. Nahiago dut gustuko tokian egon; ni etxekoa sentitzen naiz, eta behar dudan guztia hemen dut.

Oroitzen al duzu lehen eguna Donostian?

Bai, 2009an. Eguraldi txarra egin zuen! Baina Donostia, euriarekin ere, ederra da. Hiri askotan egondakoa nintzen aurretik, eta hura beste aldaketa bat zen. Ez nuen uste zazpi urte egingo nituenik hemen. Ferrolen [Galizia] nengoela jaso nuen eskaintza: «Donostia? Non dago hori? Euskal Herrira? Ni?». Argazkietan polita zela ikusten zen, eta entrenatzen berehala sentitu nintzen gustura.

Nolakoa izan zen Donostiara arteko bidaia?

Maguette alaba nagusia jaio ondoren etorri nintzen, 23 urterekin. Ni bide luzea egindakoa nintzen. Umetatik asko bidaiatu nuen selekzioarekin. Lehen aukera AEBetara joatea zen, ikastera, baina, ingeles maila zela eta, ez zidaten baimena eman. 16 urte nituen, eta Austriara joan nintzen, Welsera:elurra baino ez... Taldean Maliko jokalari bat zegoen, eta asko lagundu ninduen. Hiru hilabetez jokatu, eta hurrengo urtean eskaintza egin zidaten. Handik, Frantziara. Austrian hotz handia egiten zuen, beltzik ez kalean, goiz eta arratsalde entrenatu, bidaia asko... Nora noa? Nire hizkuntza hitz egiten duten nonbaitera behintzat. Sasoi ona egin nuen. Han senegaldar bat zegoen, eta harekin Espainiara joatea erabaki nuen.

Granadara joan nintzen, osaba nuen han. Frantziatik etorri, eta bisa bukatu zitzaidan, eta Senegalera itzuli behar nuen berritzeko. Ezta inondik ere. Lehen proba egin, eta talde batek hartu ninduen. Baina paperekin arazoak nituen. Osabak esan zidan: «Utzi saskibaloia urtebetez, lan egin, eta paperak lortuko dituzu». Zerbitzari aritu nintzen, jatetxe batean, irlandar taberna zen. Hamalau hilabete. Bitartean, saskibaloi talde pila batekin harremanetan jarri nintzen, «jokalaria naiz, hau da nire ibilbidea...». Ordezkaririk gabe, ni ibili nintzen deiak egiten eta mezu elektronikoak bidaltzen.

Nola hartu zuten gurasoek 16 urterekin Europara zindoazela esan zenienean?

Zorte on opa zidan amak. Aurretik nire ahizpa Frantziara etorria zen lanagatik. Etxean bazekiten saskibaloiarekin atzerrira bidaiatu egin behar zela. Aita hilda zegoen, eta amak ulertu zuen.

Zure alabetako batek 16 urterekin beste kontinente batera jokatzera doala esango balizu?

Hil egingo nintzateke [barrez]. Berarekin noa! Azkenean ondo joan da, baina hasieran amak etengabe hots egiten ninduen.

Emakumea izanda, nolakoa da saskibaloian hastea Senegalen?

Erraza da, gainera, emakumeok bakarrik irabazten ditugu tituluak! Hasi nintzenean Afrika Kopa irabazi zuen Senegalek, eta nire auzoan selekzioko bi jokalari zeuden. Eredua ziren niretzat.

Aurreiritzi asko daude Afrikako kirolaren inguruan.

Bai, baina erraza da saskibaloian hastea. Han musulmanei egozten zaien matxismoa ez da bizi kalean, guk gure errealitatea dugu, gure erlijioa. Inork ez dizu eragozten kirola egitea emakumea zarelako, nik ez dut halakorik sentitu. Ez gaztetan, ezta orain ere.

Musulmana zara, beraz, eta kirolaria. Ramadana egiten al duzu?

Bai, partida egunetan izan ezik. Entrenamendu egunetan egiten dut. Azuk zoratuta banengo bezala begiratzen nau. Jendea harritu egiten da, baina ohitu egiten zara. Egun horietan kontzentratuago zaude, eta hobeto aritzen zara. Gauza gutxiago egiten dira, ez duzu ez gosarian ez bazkarian pentsatu behar, afarian soilik. Ramadanean zeure buruari begiratzen diozu, otoitz egin, atsedena hartu eta entrenatu. Hilabete polita da.

Azu Muguruzak esaten du: «Toch gogorra da». Askotan entzun al duzu hori?

Egia esan, bai. Bizitza kontuak dira. Amaren ereduak egin ninduen gogor. Bederatzi anai-arreba ginen, eta nik 14 urte nituenean hil zitzaigun aita [imana zen meskita batean]. Nire ama ez zen ikasketaduna. Erroskillak eta antzekoak saltzen zituen, eta jendeari asko gustatzen zitzaizkion, mundu guztiaren gosaria ziren. Nik gutxi laguntzen nion, ikasketak eta entrenamendua nituen. Ahizpa nagusiak, aldiz, ikasketak utzi zituen laguntzeko. Halakoak ikusita gogortu egiten zara. Nik ametsa nuen: profesionala izango naiz amari etxe bat erosteko, aitak erosi ezin izan zuena... Eta lortu nuen. Etxe bat egin nion, duela sei urte bukatu nuen.

Harro egoteko modukoa da.

Ni eta nire ahizpak beti amari begira bizi izan gara. Senegalen ama sakratua da. Hark dena eman digu. Kaleko gazteek esaten dute: «Nik norbait izan nahi dut nire amari laguntzeko», ez hainbeste aitari, ama da figura. Nire bizitzan pentsamendu hori izan dut, amarengatik borrokatuko naiz, ez niregatik, amarengatik baizik. Asko lagundu nau. Baita lesioarekin ere; hemen egon zen nirekin.

Zure izena ere halakoa da?

Bai, Oumul Khayrik Ama ona esan nahi du.

Zuk hiru alaba dituzu. Ez da ohikoa kirol profesionalean.

Oso gutxi gara. Pozik bizi naiz. Ezingo nuela uste nuen, eta, azkenean, bai. Baina zaila da ama eta kirolaria izatea, eta norbera nolakoa den ere garrantzitsua da. Emakumeok guztiarekin ahal dugula uste dut, hau jasan dezakegu eta gehiago. Oroitzen naiz haurdunaldi klausularen albistea irten zenean [talde batzuek, kontratuetan, jokalaria haurdun geldituz gero hura kaleratzeko klausulak jartzen zituztela zabaldu zen] hainbat kazetarik deitu nindutela. Nik, hemen, inoiz ez nuen sentitu kontratua etengo zidatenik. Harremana oso ona da klubeko jendearekin, Azu zein Carmen presidentearekin.

Biak emakumeak izateak agian lagunduko zuen.

Agian, garrantzitsua da hori. Ziur hobeto ulertzen dutela egoera.

Erditu ondoren itzultzea nolakoa izan zen?

Aurreneko alabarekin errazagoa izan zen. Urte osoa geldirik egin, eta erraz itzuli nintzen [2007-08ko sasoian ez zuen jokatu]. Bikiekin, Diarra eta Khodia, ezberdina izan zen [2014ko irailean jaio ziren]. Haurdunaldia oso bizkor pasatu nuen, baina, gero, kosta egin zitzaidan hastea. Langilea bazara berreskuratzen duzu sasoia.

38 egunetara jokatzen ari zinen.

Hain handia zen nuen saskibaloi mina... Haurdunaldia saskibaloia etengabe ikusten pasatu nuen. Oroitzen naiz Azuri esan niola: «Tira, jaurtiketa batzuk egitera noa, ea hankatxoak nola dauden...». Zesareak hustuta utzi ninduen, baina egunez egun hobeto nengoen, eta suspertu egin nintzen. Pibot bat lesionatu zitzaigun, eta... Medikuak neure burua nola ikusten nuenaren arabera erabakitzeko esan zidan. Eta ni, gustura, eta horrela. Azuk bazekien zer zen ama izatea. Orain, gogoratzen dugunean, erokeria iruditzen zaigu... Baina hori saskibaloiarekiko maitasuna da.

Haurdun ere luze jokatu zenuen, bost hilabeteko egon arte.

Hala da. Hemen denboraldia bukatu eta Ekuadorko talde batean kanporaketak jokatzeko aukera izan nuen. Horregatik pasatu zitzaidan bizkor. Denboraldiko zati txiki bat bakarrik galdu izan banu bezala izan zen. Ez nuen ez bizkarreko minik ez ezer. Medikuak esan zidan haurdun nengoela.

Ama izan berri den taldekide bat duzu orain.

Bai, Iva Brkic, urtebete egon da geldirik. Asko hitz egin dugu. Galdetu izan dit:, «Zenbat behar da sasoian jartzeko?». Oso langilea da, beti lehenago etortzen da entrenatzera.

Belauneko lesio oso larria pasatutakoa zara; 2016ko martxoan izan zen.

Askoz okerragoa da. Nahiago ditut lau erditze lesio hura bainoago. Belaun osoa txikitu nuen. Orain zer egingo dut?, pentsatu nuen. Ez dut gehiago jokatuko. Indartsua izan nintzen. Esan bezala, eskertu nuen ama alboan izatea berrindartze prozesuan.

Taldeak itxaron zintuen.

Bai, eta ez da batere ohikoa. Urte askotako lanaren fruitu da hori. Nik kontratua nuen, eta eten zezaketen diru pixka baten truke. Azuk eta nik bagenekien itzuliko nintzela. Olinpiar Jokoetara ez nintzen joan, ametsa zen. Uda gogorra izan zen, min handikoa.

Maiz aipatu duzu selekzioa.

Bai, asko; polita da Senegalekin aritzea, eta irabaztea. Ikustekoa da nola bizi duen jendeak selekzioa! Nik ez dut beste herrialderik ikusi hala bizi duenik. Pentsa, nik lehen Afrobasketa irabazi nuenean, jokalari bakoitzari etxe bat oparitu ziguten! Herrialdeko presidentea hain zegoen harro... Hura zen jendetza, kalean, aireportuan... Munduko futbol kopa irabazi genuela zirudien. Eta hori Azuri esker. Txapelketako lehen bi partidetan liga genuen, eta horietan ez jokatzeko prest banengoen, Azuk ez zuen arazorik jarriko gero ni hara joateko.

Senegalen hutsunea nabaritzen duzu.

Bai, noski. Urtero joaten naiz. Han bi ahizpa dauzkat. Baina familia asko dut kanpoan: ahizpa bat Frantzian, anaia eta arreba bana Italian, eta anai bat, medikua dena, Washingtonen.

Arrazakeriarik nabaritu al duzu Euskal Herrian?

Donostian, inoiz ez. Hemen, nire altuerak sortzen du ikusmina [1,87 metro luze da, pibot jokatzen du]. Europan, bai, batez ere Frantzian. Eta Austrian, ezetz esango nuke, baina oso gaztea nintzen. Nik arrazakeriaren fenomenoa gehiago ezagutu dut hedabideetatik bizitzan baino: bateko arazoak nonbaiten, AEBetakoa... Donostian inoiz ez. Adibidez, nire alabak ere ez, urteak daramatza eskolan, eta inoiz ez naute deitu borrokaren bategatik edo.

Zenbat hizkuntza dakizkizu?

Lau: frantsesa, ingelesa, gaztelania eta wolofa, nire ama hizkuntza. Alabekin euskara pixka bat ikasten ari naiz. Gogoratzen dut haurtzaindegian gaztelania gutxi eta euskara asko hitz egiten zutela. Niretzat polita da wolofa eta euskara jakin dezatela.

Harremanik ba al duzu hemengo komunitate afrikarrarekin?

Senegaldar asko daude. Egia esan, ez dut jende asko ezagutzen, bizitza sozial oso gutxi dudalako. Lagun bat dut abokatua, eta hark hobeto ezagutzen du egoera. Senegaldarra, oro har, oso langilea da, familiari ahalik eta gehien laguntzeko egiten du lan.

Noiz arte jokatzen?

Gorputzak eusten didan eta taldean nahi nauten bitartean. Oroitzen naiz nola esaten nuen: «Nik31-32 urterekin hartuko dut erretiroa», eta orain urrun dagoen zerbait bezala ikusten dut. Inoiz baino hobeto nago.

Eta etorkizuna? Donostian?

Bai, noski. Gustura nago hemen, gainera, alabengan ere pentsatu behar dut. Nagusia hasia da saskibaloian jokatzen, Bera Beran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.