Kantxan jokalari gogorra da, baina mikrofonoen aurrean apal-apal mintzatzen da Lamont Hamilton (New York, AEB, 1984). Uxue Bilbo Basketeko jokalari onena da zenbakiei erreparatuz gero, baina Kopa jokatu aurretik egin duten taldeko argazkian bistakoa da ez dagoela inor bestearen gainetik.
Faboritoak zarete Kanaria Handiaren aurka?
Ez dut uste pentsatu behar dugunik bagaren edo ez. Partida bakarrera edozer gauza gerta daiteke, hori esan didate kideek, eta emaitzek esango dute faborito garen edo ez, noraino irits gaitezkeen.
Itxuraz, zuen bidea bestea baino samurragoa da. Konfiantza gehiago ematen al dizue zozketak utzitako kanporaketak?
Ez nuke esango gure adarra samurragoa denik. Nor ausartzen da esatera guk Kanaria Handia menderatuko dugunik, edo Kanaria Handiak ez duela Kopa irabaziko? Lehen itzuliko zortzi talde onenak daude Kopan, eta talde guztiak dira zailak.
Helburua finala jokatzea al da?
Ez, ez delako erraza izango. Goazen pausoz pauso, egunez egun, igandean gerta litezkeen gauzei buruz hitz egin gabe.
Real Madrilen aurka ligan galdu izanak Valentziaren aurkako bi garaipenek ekarri zuten konfiantza kaltetu al du?
Ez du zertan. Egia da gu baino hobeto jokatu zutela, eta merezita lortu zutela irabaztea, baina guk jokatzeko modu bat dugu, eta ez dugu aldatuko Real Madrilen aurka galdu dugulako.
Mundu guztiak dio Real Madril dela faboritoa, batez ere joan den igandean Miribillan eman zuen erakustaldia gogoan. Ados?
Ez; zergatik? Partida bat baino ez da. Zer esatea nahi duzu? Nik gure taldea ikusten dut faborito gisa. Hala pentsatuko ez banu, zertarako jokatu Kopa, ezta?
Gerta liteke, zuek finala jokatuz gero, aurkari Baskonia izatea. Bi zale taldeek elkarri dioten ezinikusia ezagututa, polita litzateke. Gustatuko al litzaizuke, edo ez dizu axola?
Nire ustez, finalera heltzea arrakasta handia litzateke, eta behin finalean, parean zein dagoen ez nau gehiegi arduratzen.
Teorian 4-5 posiziotan jokatzeko fitxatu zintuen klubak, baina azken asteetan hiruko jaurtiketetan iaioa zarela erakutsi duzu.
Taldearen beharretara moldatzea da kontua. Saskipean mina egiteko eskatzen badidate, han bilatuko ditut puntuak, baina irekiago jokatzen badugu, eta ni libre geratzen banaiz, ba, jaurtiketa egiten dut. Egia esan, jokalari ireki askorekin jokatzen duen talde bat gara, eta normala da hirukoak egiteko aukera izatea.
Zenbaki onenak dituen jokalaria bilakatu zara taldean (hamasei puntu eta sei errebote partidako). Zu baino ardura, eskarmentu handiagoa duten kideak daude (Hervelle, Mumbru, Raul Lopez), baina zu ari zara ondoen.
Batzuetan, nik jokatzen dut ondo; besteetan, beste batzuek. Hau talde bat da, eta talde gisa lan egitea da arrakastaren gakoa. Nik zenbaki hobeak egin edo ez, ez da garrantzitsua niretzat.
Kantxan jarrera gogorrekoa zara, eta taldea ere bide horretatik saiatzen da irabazten. Ondo moldatzen zarete elkarrekin?
Nik modu bakarrean jokatzen dakit, eta pentsatzen dut klubak bazekiela hori ni fitxatzeko asmoa erakutsi zutenean; beraz, denak pozik.
Nahiko keinu bitxiak egiten dituzu saskiratze onak egiterakoan… Zergatik?
Aurkaria menderatzen duzunean, amorrua, energia askatzeko halako behar bat sentitzen da, eta nik keinu horiek eginez askatzen dut. Ez da errespetu falta bat, aurkariari hor nagoela esateko modu bat baizik, kontuz ibiltzeko nirekin. Bide batez, taldeak keinu horiekin indar dosi bat hartzen duela esango nuke.
Europara etorri zinen lehen aldian, Urrezko LEB Ligako Basquet Inca taldera, hango kirol arduradunak zera esan zuen zutaz: «Ez da jokalari aparta alor jakin batean, baina ondo moldatzen da alor askotan». Ados?
Nire ezaugarriekin bat datorren definizioa izan daiteke, bai.
Badirudi Bilbon gustura zaudela. Paris-Levalloisen ere hiru urte eman zenituen, ez zara taldez berehalakoan aldatzen duen jokalaria. Kontent zaude Bilbon?
Bai, oso gustura. Garbi dago hiri eta talde berean denbora dezente pasatzen baduzu zerbaitegatik dela, eta nik orain arte Bilbon eta Uxue Bilbo Basketen bizi izan dudana aintzat hartuko banu, hemen geratuko nintzateke zalantzarik gabe.
Gaztetan janari azkarraren zalea izan omen zinen, baina elikadura zaintzen ere ikasi zenuen. Arazorik izan al duzu Bilbon? Tentazio asko dago hirian.
Badakit, bai, baina tentazio horretan eroriz gero, horrek kalte egingo lioke nire egoera fisikoari, eta hori da egingo nukeen azken gauza. Gosea, sabelkeria kontrolatzen ikasi behar izan nuen, egin izan ez banu ez nintzelako iritsiko heldu naizen tokira.
Alicia Keys abeslariaren Empire State of Mind kanta duzu gustuko, eta partidetako atarian entzuten duzu. Zergatik?
Tira, ni Brooklyngoa naiz, New Yorkekoa, eta abesti horrek hiri horri buruz hitz egiten du. Ez daukat arrazoi jakin bat, baina ondo jokatzen laguntzen didala esango nuke; pizgarri bat da niretzat.
Udan, Fotis Katsikarisek BERRIAn esan zuen Frantziako Ligako hamasei puntu eta zortzi erreboteko batez bestekoa ACB ligan 10-11 puntu eta bost errebote izan zitezkeela. Goitik zabiltza. Kontent?
Egia esaten badizut, egiten ari naizen joko onak ez nau harritzen, jakin bai baitakit lan eginez gero ia-ia nahi dudana egiteko gai naizela. Oraindik nire goia ez dudala jo pentsatzen dut, eta horra iristeko lanean jarraituko dut.
Nahiko gaztaro zaila izan zenuen. Aita kartzelan, drogaren tentazioa gertu, iskanbilak unibertsitatean akusazio faltsu batzuengatik, aita izan artean unibertsitatean zinela… Bizitza zail horrek zerikusirik izan al du zure egungo jarrera gogorrean?
Bai, egia da nire haurtzaroa eta gaztaroa ez zela samurra izan eta horrek halako bultzada eman didala gauzak ondo egiten saiatzeko. Ondo barneratua dut gauzak beti okerragoak izan daitezkeela baina, hori hala izan edo ez, norberaren baitan, norberak lanerako duen gogoaren baitan dagoela.
Saskibaloia. Espainiako Kopa Gasteizen. Lamont Hamilton. Uxue Bilbo Basketeko jokalaria
«Nire joko onak ez nau harritzen»
Ez adar errazik, ez faboritoen izenik. Ziurtasun bat du Lamont Hamiltonek: berak direla hautagai nagusiak. «Zertarako jokatu bestela?». Taldeko nagusi egin da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu