Efren Vazquez. Moto gidaria

«Nire kirol ibilbidean ondoen prestatu naizen urtea da»

Bihar hasiko da, Qatarren, Munduko Motoziklismo Txapelketa, eta, Alex Mariñelarena osatu bitartean, Efren Vazquez izango da euskal gidari bakarra. Bilbotarrak zortzigarren denboraldia du, eta, aurrenekoz, Alemaniako Saxoprint-RTG taldearekin ariko da.

BERRIA.
Olaia Juaristi.
2014ko martxoaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Dohako Rataj al Rayyan hotelean atseden hartzen harrapatu du BERRIAk Efren Vazquez (Bilbo, 1986). Azken urteetan «negozioak zikindutako kirola» bihurtu dela aitortu badu ere, duela zazpi urte zuen ilusio berarekin lehiatuko da sasoi honetan ere. Bi helburu ditu: Hondako gidarien artean azkarrena izatea eta podiumera igotzea.

Saxoprint-RTG taldearekin ariko zara estreinakoz. Gustura al zaude?

Bai. Alemaniarren ezaugarri berberak ditu taldeak: seriotasuna, diziplina eta sistema militarra. Oso talde profesionala da. Pilotuari eman ahal zaion maitasuna eta babesa eman didate; horri esker, emaitza onak lortu ditugu neguan. Txapelketako debutean nire aurkari izan zen Dirk Heidolf da taldeko burua, eta oso harreman ona daukagu; begiradarekin elkar ulertzen dugu. Talde sendoa osatzen dugu, eta urte polita egin dezakegu.

Nola dago gidatuko duzun motoa?

Ez dago bete-betean. Aldaketa batzuk egin nahi dizkiogu, eta hamarren bat irabazi. Hamarren aldearekin, lauzpabost postu aurrera ditzaket; ikaragarria da.

2010eko Munduko Txapelketan, bosgarren amaitu zenuen. Hura da orain arteko zure markarik onena.

Bai, baina urte hartan konturatu nintzen lehiatzen hasi aurretik dena erabakita dagoela. Motoziklismoan, %96 negozioa da, eta kirola %4 besterik ez. Euskadiko erakundeek asko lagundu didaten arren, txapelketaren antolatzaileek ez lukete ondo ikusiko Euskadiko pilotu batek proba irabaztea eta ikurrinarekin paseatzea, guri bihotzetik aterako litzaigukeen moduan. Oso ona eta azkarra izanagatik, antolatzaileek ez badute nahi zu txapeldun izatea, ez zara izango. Diruak erabakitzen du dena.

Hasierako ilusio eta gogo berarekin al zaude oraindik?

Bai, noski; hori da garrantzitsuena. Txapelketa hasteko irrikan nago. Agian, pentsaera aldatu zait. Duela hiru urte, oraindik munduko txapeldun izatearekin amesten nuen. Oraindik ere bai, jakina, baina jada ez nago horrekin itsututa.

2007an debutatu zenuen Munduko Txapelketan. Ordutik, zertan aldatu zara?

Pertsona moduan, asko aldatu naiz: helduagoa naiz, eta gauzak beste modu batera ikusten ditut. Ez dut zerikusirik duela zazpi urte iritsi zen Efrenekin. Pentsaera eta jarrera beste modu batekoak ditut; askoz ere zentzudunagoa, formalagoa eta hotzagoa naiz.

Nolakoa da Efren moto gidaria?

Pertsona konstantea, langilea, eta oso burugogorra. Moto gainean gozatzen saiatzen naiz, aurkariak errespetatuz eta inor arriskuan jarri gabe. Gidari fina, oldarkorra eta lehiakorra naiz.

Gustura zaude zure kirol ibilbidean lortutakoarekin?

Bai, oso gustura nago zazpi urte hauetan egindakoarekin: azken lau urtez jarraian, hamar lehenen artean sailkatzea lortu dut, zazpi denboraldietan osorik lehiatu naiz, eta ehun sari nagusitan baino gehiagotan lehiatu naiz. Nire zaletasuna lana izatea lortu dut. Aita iturgina dut, baina ahal izan duen guztian lagundu nau. Harro nago Euskadi ordezkatzeaz, eta saiatuko naiz herritarrak nitaz harro sentiarazten.

Bi urte geratzen zaizkizu Moto3n lehiatzeko. Zein helburu dituzu?

Podiumera itzultzea gustatuko litzaidake, eta hurrengo urtean titulua irabaztetik gertu ibiltzea. Hori bai, berdin zait zein mailatan. Eskaintza asko egin izan dizkidate Moto2n lehiatzeko, baina niri aurreko postuetan lehiatzea gustatzen zait, eta maila horretan ezinezkoa dut. Lehiakorrena izan nintekeen mailan aritzea nahi dut; berdin zait non. Nire lehentasuna emaitza onak lortzea da, ez maila jakin batzuetan aritzea.

Taldeko beteranoa zara, baita mailakoa ere. Ona al da hori?

Ona eta txarra. Ausardiak gehiago balio du teknikak baino, eta gazteak askoz gehiago arriskatzen dira. Nik askotan pentsatzen dut eror naitekeela. Pisua ere ez da bera. Nik ez dut ume baten gorputza; 16 urtekoak ez du giharrik. Niretzat, ahalegin handia da 57 kilo azpitik mantentzea. Baina, bestalde, esperientzia izateak laguntzen du. Garrantzitsua da lasterketa gogorrak eginda egotea eta egoera zailetan pazientzia izaten jakitea .

Sasoiko al zaude?

27 urte ditut, eta nire kirol ibilbidean ondoen prestatu naizen urtea da. Denboraldi-aurre oso serioa egin nuen. Azaroan, gogor entrenatzen hasi nintzen azken lasterketa bukatutakoan, eta, ordutik, oso hilabete gogorrak izan dira. Zazpi kilo galdu behar izan ditut, Hondak hala eskatzen zidalako. Gogorra da Eguberrietan jendea denetik jaten egotea eta zu entsalada jaten egotea.

Asko aldatu al da motoziklismoa duela 25 urte Herri Torrontegi podiumera igo zenetik?

Bai. Hura lehiatzen zenean, moto lasterketak %100 ziren kirola. Orain, berriz, kontrol ekonomikoa izugarria da. Asko entrenatzen naiz, baina eguneko ordu gehienak sakelakoaren menpe igarotzen ditut. Badakit oso azkarra izanagatik ezinezkoa zaidala aurreneko postuetan lehiatzea ez badaukat talde on baten eskaintzarik. Adibidez, Repsolek babestuko banindu, nire egoera asko aldatuko litzateke, baina, tamalez, hark ez luke inoiz babestuko Euskadiko pilotu bat, ez litzaiokeelako errentagarria aterako. Dena oso kontrolatua dago; dagoeneko badakite zein izango den aurrean eta zein ez.

Zaila izango da, orduan, aurten ikurrina podiumean ikustea?

Bada, bai. Irabaztea beti da polita, baina nik uste orain gure lehia ez dela hori. Ez gara irabazteko moduan egongo. Puntuak lortu behar ditugu. Lehen lasterketa da, eta gure helburua Honda azkarrena izatea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.