Egun Pro Tour liga barruan egon arren, garai bateko Munduko Kopak hainbat klasiko zeuzkan denboraldian sakabanatuak. Egun bakarreko lasterketa horien artean bi aste daude beste guztien artean nabarmentzen direnak. Astea diot, egun bakarreko klasikoak izan arren aste batean jokatzen direlako hiru klasiko, eta tropelean lehenengo eta bigarren klasikoak esaten diegu.
Txirrindulariok lasterketa bezperan egiten ditugu bidaiak. Inoiz aipatu izan dizuet helmuga pasa ostean beste lasterketa bat izaten dugula, autoan egiten duguna, helmugatik aireportura, etxerako bueltako bidaia egunean bertan egin ahal izateko.
Klasikoen bi aste horietan igande, asteazken eta hurrengo igandean izaten dira hiru lasterketak, eta ez du merezi etxera itzultzea. Aste osoa bertan gelditzen gara, entrenamendu saio lasaiak eginez hurrengo klasikoa heldu bitartean. Taldeei euren txirrindularien aste osoko hotela ordaintzea eta joan-etorriko hegazkina merkeagoa izatea ere aintzat hartzeko moduko abantailak dira, gu han astebete geratzeko.
Lehenengo aste horretan Flandesko itzulia, Gante-Wevelgem eta Paris-Roubaix klasiko ezagu- nak dauzkagu. Lasterketa lauak edo aldapa motzekoak dira, etaharbidez jositako bide estuak dituzte. Bertan txirrindulari handi, indartsu eta pisutsuak ibiltzen dira ondoen. Teknikoki abi-lezia handia behar da bizikletagainean mantendu eta ez eror-tzeko. Harbideak oso gaizki egoten dira, eta kokapena hain da garrantzitsua, non txirrindulariak tropel buruan ukalondoka aritzen baitira norberaren lekua ez galtzeko.
Europa iparraldeko lasterkariak nagusitzen dira, gazte mailetatik ezagutu dituzten lasterketak direlako, eta hegoaldeko txirrindulariok, berriz, lasterketa bat erabakitzeko garaian malda gogorrak besterik ez ditugulako ezagutu betidanik.
Harbideak geure herriko kale zaharretako elementutzat dauzkagu, oinezkoek soilik zapaltzen dituztenak, eta bizikleta gainean harbidean aritzea zeharo arrotza da guretzat.
Bigarren aste horretan, bihar jokatuko da Amstel-Gold-Race. Asteazkenean, Fleche-Wallonne, eta hurrengo igandean, Lieja-Bastogne-Lieja. Hiru klasiko hauetan maldak ez dira luzeak izaten (hiruzpalau kilometro), baina lautada ere gutxi izaten da. Lasterketako kilometro gehienetan malda gogorrak igo behar dira, eta bata bestearen segidan. Nekea areagotzen doan heinean maldak gogorragoak bihurtzen dira txirrindulariontzat.
Lasterketa hauetan igotzaileak nagusitzen dira. Euskaldunok gazte mailetatik ezagutu izan dugun lasterketa eredua da, eta horregatik ikusi izan ohi ditugu Unai eta David Etxebarria, Aitor Osa, Igor Astarloa... garaipena lortzeko borrokan. Lasterketak Belgikan izan arren, geure herrikoekin geografikoki antzekotasun handiak dituzte.
Lehenengo eta bigarren klasikoak, oso lasterketa ezberdinak, oso txirrindulari ezberdinentzat.
NIRE TXOKOA. 'Lehenengo' eta 'bigarren' klasikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu