NIRE VUELTA Telekomek ezezkoa eman zion hordagoari

2003ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Etapa garaipen batean taldea zein garrantzitsua den ikusi genuen atzo. Fassa Bortoloko txirrindulari asko tropel nagusitik kanpo geratu eta tropel nagusira bueltatzeko lanean ikusi genituen, baina azken mozketan, Fassako txirrindulari gehienak, jazarpen lana egin behar dutenak, geratu ziren atzean. 25 kilometro falta ziren eta Dario Frigo eta Aitor Gonzalez jarri behar zituen lanean Petacchik aurreko zortziak harrapatzeko eta hori egitea ere gehiegizkoa dela esango nuke, aurreko zortziak ere azkar zihoazelako.

Fassak hordagoa bota zion Telekomi. Lanik ez zuela egingo garbi utzi eta Zabelen Telekomek zer egin zain geratu ziren, baina Telekomek uko egin zion ardurari, ez zuen hordagoa onartu eta aurrekoen artean erabaki zen etapa. Petacchik garaipen bat du jada eta badaki gaur beste bat lor dezakeela eta lasaitasun horregatik ez zuen ardurarik hartu. Telekomek, bitartean, garaipenik lortu gabe segitzen du.

Haize-babesak ziren etapako beste arriskua, baina haizeak ez zuen indartsuegi jotzen. Gainera, El Escudo igaro eta gero Vicioso eta Azevedo (ONCE-Eroski) 14 txirrindulariko multzo batean sartu ziren eta horrek beste taldeak beldurtu zituela esango nuke.

Euskaltel-Euskadik lan ona egin zuen eta horri esker irabazi zuen etapa Unai Etxebarriak. Lan polita egin zuten, baina egin behar zutena egin zutela uste dut. David zen taldetxoko azkarrena eta Unaik jo zuen aurrera. Davidek arazorik gabe kontrolatu zuen taldetxoa, baina ez ziren eraso asko egon, Gutierrezen bakar bat. Txirrindulariak ez daude indarrez soberan.

Gaurko etapa nahiko ezberdina izango dela uste dut, beheraka egiten duelako lehen zatian eta oso laua delako bukaeran, esprinterren taldeentzako egokia. Beraz, abiadura handian irtengo direla pentsatzen dut eta ez da batere erraza izango tropelaren zaintza saihestea. Petacchik atzodanik du gaurko etapa buruan eta horrelakoetan ez du barkatzen.>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.