Nolako eskuak, halako pilota

Gizonezkoen eta emakumezkoen eskuak ez dira berdinak, baina pilota egokia diseinatuz gero, arazorik gabe jardun daitezke esku-huska.

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Gizonaren eta emakumearen gorputzek euren berezitasunak dituzte, eta eskuek ere bai». Ander Letamendiak esan da da. Pilotari ohi eta kirurgialari kardiobaskularra goren mailako aditu bat da pilotarien eskuen zaintza eta ezagutzan. Pilotari profesional guztiak eta afizionatu asko pasatuko ziren noizbait haren kontsultatik, eta ehun ebakuntzatik gora eginiko da, «baina emakume pilotariren bati ez, inoiz ez». Halere, ondo ezagutzen ditu emakumeen eskuak: «Egitura antzekoa da; ez da hainbeste tamaina kontua, baina ezberdinak dira. Estuagoa da, lirainagoa, hatzak leunagoak, meharragoak, azkazal luzea eta almendra itxurakoa da...». Baina, bigunagoa da? «Elastikotasun handiagoa du; lotailuek aukera gehiago ematen dituzte, zehaztasun handiagoa; baina pilota jotzean hatzek atzera errazago egiten dute». Hezurretan ere aldeabadago: «Neurria, zabalera, gogortasuna...».

Eskuak bilakaera bat du bizitzan, dena ez da matematika, eta lan gogorrak, adibidez, zaildu egiten ditu. Azala aldatuz doa, baina berez, emakumezkoena finagoa da: «Zain finak, esaterako, hobeto ikusten dira. Sentikortasun handiago dute ukipenean». Orduan emakumeek ezin dute esku pilotan egin? Bai noski, pilota egokitu behar da: «11 urteko mutiko batek ahal badu, emakume batek ere bai. Kontua da trapuzko pilotei hotsa falta zaiela, grazia. Adibidez, latexa erabili beharrean, kortxoa erabilita, eta setazko haria... Pilota finagoa izan dadin eta hots polita izan dezan». Pilotarien babesik onena, dena den, eskuetako giharreria indartzea da, Letamendiak bere hitzaldietan beti nabarmendu du, baita ariketa liburua argitaratu ere. «Entrenamendu» hori berdin egin dezakete gizon zen emakumek.

Pilota bat «asmatu»

Eta pilota hori egin daiteke? Noski. «Emakume multzo bart hartu eta pilota egokituz joatea litzateke kontua. Pilota goxoa eta alaia lortzeraino». Baieztapena Ander Ugarterena da, Punpa pilota etxeko arduraduna. Bera da pilota enpresen pilota hornitzaile nagusia. «One Wall-ean hori egin genuen, probatuz joan egokia lortu arte. Han hasieran gomazkoak erabiltzen zituzten, eta orain larruzkoak gustatzen zaizkie, indarrari hobeto erantzuten diotelako. Baita emakumeei ere».

Pilota mota bat «asmatu» egin behar da: materiala, tamaina... eta horrek «ez du arazorik», Ugarteren iritziz. «Eta ez bakarrik eskurako, zergatik ezin dira emakumeak, adibidez, pala larruz aritu?», galdegin du. Pilota egileak garbi du pilotaren etorkizuna emakumeengan dagoela, eta bide horretan sendotu behar dela beste kirolen aurrean. «Nola jo daiteke moderno eta garatutzat populazioaren %50i bizkarra ematen dion kirol bat? Ama den pilotariak pilota transmitituko die bere seme-alabei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.