Celta 3. Eibar 2

Non zegoen jakin gabe

Celtak astindua eman dio Eibarri jokoan, eta emaitza azken unean itxuratu du.Aspaldiko partidarik txarrena jokatu dute armaginek

SALVADOR SAS / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2016ko otsailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Celta. Sergio; Hugo Mallo, Cabral, Sergi Gomez, Jonny; Marcelo Diaz, Wass (Radoja, 84. min.), Pablo Hernandez; Iago Aspas, Guidetti (Beauvue, 78. min), eta Bongonda (Nolito, 70. min.).

Eibar. Riesgo; Lillo (Capa, 46. min.), Mauro, Ansotegi, Junca; Escalante, Radosevic (Saul,Berjon, 65. min.); Jota Peleteiro, Adrian, Inui; eta Borja (Enrich, 70. min.).

Golak. 1-0. Guidettik (31. min.); 2-0. Jonnyk (39 min.). 3-0. Guidettik (70. min.). 3-1. Saul Berjonek, penaltiz (83. min.). Inuik (86. min).

Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Celtako Pablo Hernandez, Sergi Gomez eta Nolitori; eta Eibarreko Lillo eta Capari.

Bestelakoak. 15.000 ikusle inguru Balaidos futbol zelaian. Eibartik joandako hainbat zale ere izan ziren bertan.

Eibar asmo onekin joan zen Celtaren aurka jokatzera, mailari eusteko helburuari beste pusketa bat kendu nahian, baina jokoak zapuztu zizkion burutazio on guztiak. Celtaren joko onak, zehatz esanda

Ezinean eta baloiaren atzetik korrika mordoa egiten ibili zen Eibar lehen zatian. Ez zen gai izan hiru pase baino gehiago segidan emateko, eta horrek bi ondorio ekarri zizkion: batetik, erasoan ezin izan zuen ezer egin, eta bestetik, defentsako lanean nahi baino denbora gehiago igaro behar izan zuen; gainera, bere atetik gertuegi, goian presioa egin ezinda. Celtak aukera garbi askoak sortu zituen, baina ez zuen ate aurrean asmatu, eta asmatu izan zuenean, Riesgo azaldu zen. Eibarri bere area barrutik erremateak egitea ez da batere ohikoa, ez diolako uzten aurkariari hain gora joaten; bada, atzo, Celtaren erremate asko area barrutik egindakoak izan ziren.

Eibarrek aukera bakarra zeukan erasoan zerbait egiteko. Etxekoen opari bat zen itxaropena, eta eman zion aukera galanta Marcelo Diazek. Escalanteren aurrean baloia bere areatik gertu galdu zuen, eta area barruan, argentinarrak Borjari eman zion, baloia bultza zezan barrura. Baina Cabralek penalti garbia egin zion; ez zuen halakorik ikusi epaileak.

Handik hamar minutura, 31.ean, Maurok egin zion oparia Celtari. Buruz albo batera urrundu zuen, eta han zen Iago Aspas. Atera bizi joan zen, eta Guidettiri eman zion pasea. Ez zuen barkatu Riesgoren aurrean aurrelariak. Zortzi minutu geroago egin zuen bigarrena Celtak. Jonnyk, ezker hegaleko atzelariak, jaurtiketa bikaina egin zuen, eta zitaltasuna Radosevicen oinak eman zion. Riesgoren jauzia alferrik izan zen. 2-0ekoak ondo islatzen zuen zer izan zen aurreneko zatia. Celtak ito egin zuen Eibar defentsako lanean; ez gehiegi ere, baina bai nahikoa armaginak deseroso ibiltzeko baloiarekin. Beste gauza txar guztiak horren ondorio izan zen.

Bigarren zatiaren hasierak ez zuen ezer aldatu partidaren bilakaeran. Eibar pare bat aldiz azaldu zen Celtaren area inguruan, baina aukera garbirik sortu gabe. Celtak bereari eutsi zion bitartean. Baloira erabiliz, zelaia zabaldu zuen, eta sakon jokatu. Eroso ibili zen. Aukeren jarioa ez zen izan lehen zatikoa bezain handia bigarren zatiko hasieran, baina beharririk ere ez. Alde zeukan partida. Lehen zatian izandako bizitasuna jaitsi egin zen, eta lotuagoa izan zen partida. Eibar itzalita bezala ari zen. Gol bat behar zuen itxaropenaren argia ikusten hasteko, baina gol hori berandu heldu zen.

Bukaerako erreakzioa

Zazpi minutu falta zirela sartu zuen aurrenekoa Eibarrek, Saulek penaltiz. 87.ean, Inuik sartu zuen bigarrena. Ezer egin gabe, emaitza ona ateratzeko aukerekin zen taldea, baina gehiegizkoa izan zen hain partida txikia egin eta punturen bat ateratzea. Gaizki aritu zen atzo Eibar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.