Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Nondik azaldu da?

Contadorrek eskura eduki du garaipena La Gallinako gainean, baina atzetik aurrera ziztu bizian eginda irabazi dio ValverdekJoaquim Rodriguezek jarraitzen du lider, eta Anton zortzigarrena da sailkapen nagusian

Nondik azaldu da?.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ederra. Bikaina. Berriz ikusteko modukoa izan zen atzo jokaturiko Espainiako Vueltako zortzigarren etapa. Frantziako Tourrak eman ez duen ikuskizuna eskaintzen ari da Vuelta. Oilar asko daude oilategi berean: Chistopher Froome (Sky), Alberto Contador (Saxo Bank), Joaquim Rodriguez (Katuxa), Alejandro Valverde (Movistar)... Bada, denak ari dira daukaten guztia ematen, eta nola gainera. Atzo ere lau horiek elkartu ziren La Gallinako maldaren azken kilometroetan, eta haien sufrimendua ikusleen gozagarri bihurtu zuten. Gozagarri baino zerbait gehiago ere bai.

Erritmo aldaketa ugari egin zituzten azken mendatean gora, eta saiatu ezaren damurik ez dute izango behintzat. Lehenik, Valverdek jo zuen, eta, ondoren, Froomek, bi aldiz gainera. Benetako erasoa, hori bai, Contadorrek jo zuen, helmugarako kilometro baten faltan. Eraso bortitza izan zen, barru-barrutik jotakoa. Arantza guztiak ateratzeko asmoz jotakoa. Eta ongi bideratu zuen guztia helburua lortzeko, dena zeukan irabazita, inor ez baitzen gai izan madrildarrari jarraitzeko. Baina ustekabean Valverde azaldu zitzaion atzetik, Purito gurpilean zuela. Hegazkin baten moduan iritsi zen Contadorren parera Valverde. Eta iritsi bakarrik ez, gainditu ere aise egin zuen. Telebistako kamerek ere ez zuten betarik izan dena ongi grabatzeko. Nondik azaldu da?, galdetu zioten euren buruari. Atzetik aurrera indartsu egin, eta Vueltako bigarren garaipena lortu zuen Movistarreko txirrindulariak.

Gogorra eta lehiatua izan zen etapa. Epaileak baimena eman orduko, hiru ziklistek egin zuten aurrera: Javier Ramirezek (Andalucia), Cameron Meyerrek (Omega) eta Amael Moinardek (BMC). Ez zuten erabaki txarra hartu, lan ona osatu ostean ezustea emateko aukerarekin iritsi baitziren bukaerara. Ordea, Skyk ez zuen errukirik izan, eta jarritako erritmoak faktura pasatu zion bati baino gehiagori. Iheslariak harrapatu ez ezik, hainbat txirrindulari utzi zituen atzean Skyk. Azkenean, baina, betikoak izan ziren aurrean geratu zirenak.

Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) bera ere ez zen faborito nagusietatik urrun ibili. Soilik minutu erdia galdu zuen helmugan, eta orain zortzigarrena da sailkapen nagusian. Beroak alde egitearekin batera, badirudi bere onera etortzen ari dela bizkaitarra. Oraindik bi aste falta dira Vuelta amaitzeko, eta, aurrekoren batek huts eginez gero, gertu behar du egon Antonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.