Nork, zer eta nola

Orain urtebete Vila-realen kontra hasieratik aritu zen taldearen aldean, bost aldaketa izan ziren Molinonen. Dena dela, sistema da berrikuntza nagusia, Mikel Etxarrik BERRIAri azaldu dionez.

Donostia
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Irabazi ostean, txaloak. Hala izaten da gehienetan, eta horixe gertatu zaie txuri-urdinei Ligako lehen partidan Molinonen irabazi ostean. Emaitzen aginpideak hondar erauntsiaren antzeko ondorioak dauzka: inguruko gauza guztiak estalita geratzen dira. Eta egon badaude berreskuratzeko hainbat eta hainbat. Esaterako, berritasunek zer eman zioten taldeari, bai izenez, bai jokoz. Euskal selekzioko hautatzaile Mikel Etxarrik hezurmamitu ditu kontu horiek BERRIArako. Jokalariengandik hasita, jokamoldean bukatuz.

1 eta 2. Iñigo Martinez eta Vadim Demidov

Mikel Gonzalezen eta Ion Ansotegiren lekua hartu dute Philippe Montanierrekin hasierako txanpan. Lehen azterketa egunean, ondarroarrak berretsi egin zuen denboraldi-aurrean erakutsitakoa. «Oso ondo aritu zen. Ez zirudien hasiberria zenik. Taktikoki eta teknikoki atzelari trebea da. Ez du tokia berehalakoan galtzen, eta ederki astintzen du baloia ezker oinarekin; edozein egoeratan, gainera. Arazotxo bat izan dezake: altuera, eta ez moteltasuna, beste nonbait irakurri dudanez. Jokaldi jakin batean makal samar ibili arren, Barral tartean zegoen batean, ez du esan nahi bizkorra ez denik. Hori bai: batzuetan gehiegi berotzen da aurkariarekin. Baretu beharra dauka txartel inozoak saihesteko, eztabaidetatik aldendu. Erditik ez ezik, hegalean jokatzeko ere gai da, taldeak zer behar duen arabera», dio Etxarrik.

Kontrako aldean norvegiarrak jokatu zuen. Beteranoagoa da, eta zailduago dago. Neguko azokan iritsi zen Donostiara, Rosenborg taldetik, eta, lurreratu bezain pronto, hamaikakoan tokia egin zion Martin Lasartek. Taldeak bezala, goitik behera egin zuen. Gehiago eman dezake. «Aurrez aurreko baloi eta jokaldietan, ez zuen arazorik txikiena ere izan. Hegaletatik zetozenetan, larri antzean ikusi nuen, nora ezean bezala, bizkarra erraz galduz; horretan hobetu beharra dauka. Bestela, benetan jokatzen duten horietakoa da, erabakitasunez. Horrek autoritatea ematen dio atzeko lerroan. Erdiko atzelari postua behar bezala beteta dauka Realak».

3. Asier Illarramendi

Txuri-urdinen iparrorratza izan zen Molinonen, eta beste erdilari guztien gainetik nabarmendu zen. Gauza handiak egingo dituela ematen du aspalditik, Zubietako arduradunen besoetakoa izan baita. «Gazteen mailara igaro zenean eman zuen benetako jauzia. Ikustekoa zen zer-nolako ibilera zuen zelaian, nola mugitzen zen batera eta bestera. Jokoa neurtzen badaki, noiz bizkortu, noiz moteldu, eta hori taldeak asko estimatzen du. Hegaletako jokaldietan euskarria erdiko atzelarien artean sar dadin gustatzen zait niri, eta horretan fin aritu zen. Sergio Busquets Bartzelonakoak egiten du hori maisuki».

4. Imanol Agirretxe

Usurbildarra izan da asteko protagonista nagusia, Molinonen sartu zituen bi golei esker. Biak erremate zoragarriak izan ziren, bikaiana: bata, zehatza; bestea, zorrotza. Etxarri ez zuen ezustean harrapatu. «Edozer egiteko gai da. Trebezia harrigarria du, batik bat ekintza teknikoak egiteko garaian. Horretan jeinuzko aurrelaria da. Hamargarren minutuan nabarmendu nuen haren izena irratiko kontaketan, hegaletik barruraka egin zituen mugimenduengatik. Griezmannek egiten ditu halakoak, ez hainbeste Prietok. Egonean baino arriskutsuagoa da era horretara Agirretxe. Gehiago eman dezake. Amaitze jokaldietan erabakia falta zaio, nortasuna, benetan joatea. Aldizka baino ez du egiten. Hori hobetzen duenean garrantzitsua izango da Realarentzat, zalantzarik gabe».

5. Carlos Vela

McDonald Marigarekin batera, kirol zuzendaritzak zehaztu duen fitxaketa bakarra. Koska bat gorago ibiltzera datoz biak, bata zelai erdian, bestea erasoan. Mexikarrak Salamancan eta Osasunan erakutsi zuen badakiela erabakigarria izaten. Erregulartasuna falta izan zaio, ordea, eta horren bila etorri da Donostiara. Zein izan liteke haren ekarpena? «Marquitos-en antzeko ezaugarriak izan arren, Vela indartsuagoa da; diagonalak hobeto marrazten ditu. Fina da, zuzena; bizkor-bizkor eramaten du baloia gora, eta joko ikusmena ere badu. Ezin izan zuen askorik erakutsi, nahiz ongi lehiatu zen atzelariekin. Ez dut ikusten bederatzi moduan, baizik eta atzeragotik sartzen. MIn egingo du hegal batetik zein bestetik, edota aurrelariaren atzetik».

6. Joko sistema: 4-3-3

«Desoreka orekatzea da futbola». Ez da Juanma Lillok esana, Etxarrik esana baizik. Gustuko du taktikaz hitz egitea. Urteak eta urteak daramatza entrenatzaileentzat eskolak ematen, eta aurki eskuliburu bat argitaratuko du, bere ibilbide luzean pilatutako esapideekin. «Sistema bakoitzean zer-nolako aginduak eman. Hori da garrantzitsuena, eta Realak erabili nahi duen sisteman ez da erraza taktika jorratzea. Hasierako kokapenetik hasita, erdiko hiru jokalari eta erasoko beste hiruren artean hutsunea sortzen da. Defentsa lanean ibili ostean, nola iritsiko ote dira Aranburu eta Zurutuza alde hori betetzera? Ezin dute. Hegalekoen lana da hori. Kontua da, goizegi hartzen baldin badute barrurako bidea, aurkariak atzetik datozela, hegala libre geratzen dela orduan, eta kontraerasorako aukera uzten diezula aurkariei. Hortaz, funtsezkoa da defentsa, euskarria eta aldameneko bi jokalarien arteko distantzia zaintzea. Gijonen aurreneko zatian ongi landu zuten hori, eta, gainera, baloia txukun ukitu zuten. Ordenarik gabe ez dago zereginik. Jokalarien berezko balioa ere gutxitu egiten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.