Jokalariak osteguneko eguerdiko hamabietan dira iristekoak Ipuruara. Bideo emanaldia dute, elkarrekin bazkaldu aurretik Ipuruan bertan. 16:00etan da entrenamendua. 11:00etarako heldu da Patxi Ferreira (Saucelle, Espainia, 1967), Athleticeko jokalari ohi eta egun Eibarreko bigarren entrenatzailea. Prentsa aretoan izan da solasa.
Hitz onak baino ez zarete ari entzuten taldearen inguruan.
Hala da, baina hau ez da amaitu oraindik, eta zuhurrak izan behar dugu. Ondo hasi ginen, eta ondo jarraitzen dugu; horra orain artekoa.
Hortaz, orain arteko bide onak ez du ezer ziurtatzen aurrera begira?
Ezin da ezer ziurtatu aurretik. Nik ez behintzat. Talde osoa egitasmo honi eskaintzen ari zaion lana da ziurta dezakedan bakarra orain. Baina lanak ez dizu arrakasta bermatzen, bestalde.
Zergatik dabil Eibar hain ondo?
Banatu egin behar da arlo askoren artean. Etorri aurretik banekien Eibar nolako kluba den: elkartasuna da nagusi, eta borroka da oinarria zelaian. Hortik ateratzeak zaildu egiten du arrakasta. Gaizkaren [Gaizka Garitano entrenatzailea] etorrerak garrantzi handia dauka. Gaztea da, eta lan egiteko gogo handiarekin dago. Gero, harekin teknikari batzuk etorri ginen. Jokalarien ilusioa ere kontuan hartzekoa da, jokalari direla aldarrikatzeko mahaian kolpea eman baitute.
Entrenatzaile modura lehen esperientzia duzu?
Bai. Umeekin-eta ibilia naiz, baina punta-puntako futbolean ez. Beti pentsatu izan dut oinarrizko futbolean izango nintzela entrenatzaile, baina futbolak berak jartzen zaitu edozein lekutan. Eskaini egin zidaten Eibarreko aukera, eta zalantzak izan nituen esperientziarik ez nuelako, baina animatu nintzen azkenean.
Jokalari izan zinen, eta orain entrenatzaile zara. Zer aldatzen da batetik bestera?
Futbol munduan normal egiten den guztiak dauka lekua. Jokalaria nintzenean, saiatzen nintzen normal ibiltzen, betiere nire erantzukizunak hartuz; eta entrenatzaile modura, normala naiz. Ez dut gogoko gauzak era txarrean inposatzea, ez jokalari nintzenean, eta ez orain. Normaltasunean sinesten dut.
Jokalariak ikustean orain zure garaiko egoerak etortzen zaizkizu gogora?
Bai. Asko identifikatzen naiz jokalariekin. Baina gehiago gogoratzen naiz nik izandako entrenatzaileekin. 'Esaten zidan ba halakok gauza hau! Arrazoi zuen bada', oraintxe konturatzen naiz. Futbolak bilakaera izan du, baina gauza batzuk ez dira aldatu.
Zein entrenatzaile duzu gehien gogoan?
Denek ematen dizute zerbait. Onetik duenak onetik duelako, eta txarretik dutenek txarretik dutelako. Denbora gehien Luis Aragonesekin egon nintzen, eta asko gogoratzen naiz harekin oraingo hainbat egoeratan. Luis Fernandez, Javi Clemente, Juande Ramos, Howard Kendall, Jorge Valdano, Alfio Basile Coco, Jose Pastoriza... asko izan ditut, eta nola ahaztu harrobiko entrenatzaileekin.
Aldatu egin al da taldeak kudeatzeko era entrenatzaileen aldetik?
Bai. Lehen, entrenatzaileak dena inposatu egiten zuen. Orain, negoziatu egiten dira hainbat gauza, baina ez denak.
Bigarren entrenatzaileak zergatik izaten du normalean harreman estuagoa jokalariekin?
Gaizkak nik dudan antzeko harremana dauka jokalariekin, eta Iñaki Lafuentek [atezainen entrenatzailea] eta Alain Gandiagak[entrenatzaile fisikoa] ere bai. Ez dut uste niri gauza gehiago kontatzen dizkidatenik. Harreman ona daukat jokalariekin, baina bakoitzaren esparrua ondo zehaztuz. Ni ere haserretzen naiz jokalariekin, eta haiek ere bai nirekin.
Zein dira zure lanak?
Laguntzaile baten lana izaten da iritzia ematea entrenatzaile nagusiak eskatzen duenean. Eibar klub apala izanik, bideoak-eta guk ikusi behar ditugu, egin ere bai; geldikako jokaldiak sortzea ere gure lana da. Zelaiko lanez aparte, beste horiek ere baditugu.
Hau ere gertatu izan da leku batzuetan: talde teknikoaren barruan, bigarren entrenatzaileak ezkutuko lana egitea entrenatzaile nagusi bera jartzeko.
Bai, gertatu izan da, baina hemen ez dago horrelakorik [barrezka]. Nik nire iritzia ematen dut gauza batzuetan, eta badakit zein den nire esparrua.
Garitano jokalari zenean elkarrekin aritu zineten?
Bai, baina gutxi. Ni Athleticen nengoen, eta Garitano Athletic B-n. Goiko taldean ere aritu zen denboraldi hartan, eta sasoi hartan bakarrik aritu ginen batera.
Garitano joan zitzaizun bila Eibarrera etortzeko?
Ez dakit bere aukera izan zen edo klubarena. Izen batzuk aterako ziren, eta ez dakit aurreneko edo azkeneko aukera izan nintzen. Gaizkak berak animatu ninduen etortzeko, eta pozten naiz hala izanaz.
Tentatzen al zaitu entrenatzaile nagusiaren bidea hasteak?
Esperientziarik ez dudanez, arriskutsua da pentsatzea gai zarela. Lan ona egin dugu hemen talde tekniko osoak, eta pozik nago hemen. Ekarpenak egiteko moduan segitzen dudan bitartean, hemen izango naiz.
Zertan aldatu da futbola zu jokalari zinenetik gaurdaino?
Arauak aldatu dira, eta erritmoa ere bai. Aldatu baino gehiago bilakaera izaten ari da. Lehen, postu batzuetan, askoz metro gutxiago egiten zen korrika, adibidez.
Patxi Ferreira. Eibarreko bigarren entrenatzailea
«Normal egiten den guztiak dauka lekua futbolaren munduan»
Ferreirak esana: «Futbolak jartzen zaitu edozein lekutan». Duela sasoi eta erdi, ezustean, Eibarrek deitu zion, Gaizka Garitanoren laguntzaile izateko. Athleticeko jokalari ohia aulkian dago orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu