Paradisua eta infernua. Futbolak bi geltoki baino ez ditu, eta bien arteko ibilbidea oso denbora gutxian egiten da. Reala ez da salbuespena. Argi utzi behar da, edonola ere, zaleen jarreraz haratago, taldeak ere ez duela batere lagundu joera hori arintzen. Izan ere, ondoen dagoenean, edo gauzek hobera egingo dutela dirudienean, partida tamalgarri batekin itxaropenak zapuzteko ohitura kezkagarria hartu du.
Sevillan eta Vigon gertatutakoa da azken adibidea. Iraganaren usaina darie. Taldea norabidea zuzentzen hasi dela pentsatzen hasi... eta danbatekoa. Ez nolanahikoa, gainera. Bi partidetako jokoa txarra izan baita. Realari ez zaio antzeman aurtengo partidarik onenetan izan duen nortasun zeinurik: ez erasoan erakutsitako erraztasuna eta baliabide sorta, ez defentsan erakutsitako oreka eta seriotasuna, ezta partidetan azken minutua arte buru-belarri sartuta egoteko gaitasuna ere. Gaur, talde sena eta lehiakortasuna berriz lortzeko eskatuko zaio. Normaltasunera itzultzea. Gutxienekoa.
Sevillan jokatu eta gero, kazetari batek taldearenprofesionaltasuna zalantzan jartzeko atrebentzia izan zuen. Egoera horren aurrean, jokalariek Balaidosen harrotasunari heltzea espero zitekeen, iragan denboraldian Juan Larzabal presidenteak soldatak ez zituztela jaitsi nahi aditzera eman zuenean bezala, baina ez zen halakorik gertatu. Hala ere, Badiola bota nahi dutela iradokitzeak ez dauka ez hanka ez buru.
Jokalariek ezin diote zalantzari zirrikiturik utzi. Galdu, berdindu edo irabazi, hobeto jokatu behar dute. Dena emateaz gain, dena ematen dutela sinestarazi behar dute. Erronka zaila du taldeak astebururo: trajea handi geratzen ez zaiola frogatzea. Erraza da esatea helburua Lehen Mailara igotzea dela. Nekeza, berriz, erantzukizun horren pare jokatzea. Lillo entrenatzaileak berak autokritika zintzoa egin zuen atzo: «Azken bi partidetako bidea ez da egokia. Galtzea beti da mingarria, baina horrela galtzeak sekulako amorrua ematen digu guztioi. Oso gaizki jokatu dugu, baina badaukagu egoera aldatzeko kasta».
Taldeak jokoan aurrerapausoa eman behar du, aurkariek neurria hartu diotela ematen baitu. Badakite presioa nori egin, eta nori jokatzen utzi, eta hasieratik lehortzen dute joko iturria. Joko zuzena egiteko baliabiderik ez duenez, eta Prieto gabe hegaletik gutxi apurtzen duenez, Realak ez daki egoera hori nola aldatu. Berritasun dezente egongo dira hamaikakoan, seguru asko. Litekeena da Castillo, Diaz Zerio eta Sergio hasieratik aritzea. Markeli bigarren aukera jarraian ematea ezin da baztertu. Bestalde, Lillok garrantzia kendu zien Xerezen hutsuneei, eta jokalari garrantzitsuenen artean hauek aipatu zituen: Calle, Momo, Viqueira eta Antoñito aurrelari txikia.
Normaltasunera itzuli
Vigon eta Sevillan jokatutako partidak ahaztu nahi ditu gaur Realak, Xerez etxean mendean hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu