Nortasuna erakutsi nahi du

Europako Ligan muturrekoa jaso ostean aurrera egiteko gai dela erakutsi gura du Athleticek gaur, Sevilla indartsuaren kontra

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Egoera gaitzetan ikusten da talde batek daukan nortasuna. Txarto egindakoetatik ikasi eta aurrera egiteko gai dena da talde indartsua. Joaquin Caparrosek Athleticen ardura hartu zuenetik erakutsi duen lehiakortasuna izan da taldearen ezaugarri nagusia. Garaipen goseari esker eskuratu ditu azken denboraldi bietako lorpenak. Joan den ostegunean kale egin zuen, ordea. Zerbaitek huts egin zuen. Txarto jokatzeaz gain, ez zuen lehiatzeko gogorik erakutsi. Norgehiagoka hasi bezain laster eman zuen amore. Nortasun gabeko taldea izan zen. Galtzailea, bere buruan sinesten ez duena. Gaixoaren sintomak kezkagarriak izan ziren oso. «Ezin gara horrela zelairatu». Hitz horiekin laburbildu zuen herenegun Gaizka Toquerok Bruselan Athleticek egin zuen partida. Tentsio eta erritmo barik jokatu zuen. Eta bistan da horrela jokatuta erdipurdiko taldea dela.

Horrelako kolpe gogor bat jaso ostean ez da komeni izaten gogorregia izatea. Jokalariek badakite zertan egin zuten huts eta zer egin behar duten bide onera bueltatzeko. Autokritika eta hausnarketa egitea ezinbestekoa da, baina, batez ere, autoestimua berreskuratzen laguntzen duten pausoak eman behar ditu entrenatzaileak. Finean, psikologo lanak egin behar ditu. Aldagelan esandakoak jakiterik ez dago, baina prentsa agerraldian egindako adierazpenak aztertuz gero, argi dago Caparrosek egun duen helburu bakarra futbolarien animoa berreskuratzea dela. Horregatik, neurketa gogor eta gaitz baten bezperan Txapeldunen Ligan sartzeko aukeraren gainean mintzatu da. Txapelketako lau onenek duten kirol maila aintzat hartuta, ezinezkoa dirudi Athletic borroka horretan murgilduta egotea, baina onenengandik gertu dagoenez, jokalariak eta jarraitzaileak suspertzeko argudio modura erabil daiteke. Benetako helburua baino gehiago, motibatzeko egindako adierazpenak dirudite.

Aldaketak hamaikakoan

Sevilla punta-puntako taldea da. Denboraldi asko daramatza lehiaketa guztietan nabarmentzen. Goi mailako jokalariekin talde lehiakorra egitea lortu du. Lana eta talentua uztartu ditu. Manolo Jimenezen beharra oso kritikatua izan arren, inork ezin du ukatu helburuak betetzen ari dela. Txapeldunen Ligan bideratuta dauka final-laurdenetarako sailkapena, Espainiako Kopan finalean dago, eta Ligan laugarren da. Ezin da gehiago eskatu. Real Madrilek eta Bartzelonak duten maila aintzat hartuta, miraria litzateke 38 jardunaldi dituen txapelketa batean bi talde horien aurretik egotea. Zale askok, hala ere, hori eskatzen diote Jimenezi.

Sevilla egiten ari den sasoia ona da, baina horrek ez du esan gura garaiezina denik. Etxean, esaterako, espero baino gehiago ari da huts egiten. Horregatik dago Liga irabazteko hautagaien zerrendatik kanpo. Gorabehera asko izan ditu. Askoz ere maila apalagoa duten taldeen aurka egin du huts. Horregatik, Athleticek izan dezake emaitza ona eskuratzeko aukera. «Sevillak duen joa, eta hegaletatik arriskua sortzeko duen gaitasuna jakinekoak dira. Horri aurre egiteko, gogortu egin behar dugu neurketa», adierazi zuen Toquerok. Ikusteko dago aurkariari aurre egiteko gai izango den Athletic. Lehen minutuetan gauzak ondo egitea ezinbestekoa izango da konfiantza hartzeko.

Caparrosek ez du pistarik eman hasierako hamaikakoaren inguruan. Baina argi dago aldaketak egongo direla. Zelairatzeko aukera izan duten aldiro erakutsi dute gutxi jokatzen ari diren futbolari askoktaldeari laguntzeko gai direla. Horregatik, aldaketak egin eta taldeari freskotasuna emateko aukera izango du entrenatzaileak. Gabilondo, Iturraspe eta Gurpegi dira hasierako hamaikakora bueltatzeko aukera handia dutenak. Ezker gipuzkoarra sasoian dago. Jokatzen duen bakoitzean ari da erakusten lekua merezi duela. Iturraspek, berriz, Orbaizen tokia har dezake. Azkenik, Gurpegi, eskuin hegalera bueltatuko da. Atzealdean Castillok jokatuko du, nahiz eta azkenaldian eskas dabilen. Koikili min hartuta dago. Baita Muniain ere. Yeste, berriz, Caparrosek gura izan duelako geratu da etxean.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.