Nowitzkik alferrikako egin du Oklahoma Cityren ahalegin oro

Alemaniarrak 48 puntu sartu ditu, erdiak puntu bateko jaurtiketetan, eta Dallas 1-0 aurreratu da Mendebaldeko finalean

Andoni Urbistondo.
2011ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Dirk Nowitzkik eraztuna irabazi nahi du, bai edo bai; eta hori lortzeko, egin beharreko guztia egiteko prest dago. Hamabi denboraldi daramatza munduko saskibaloi liga onenean, eta inoiz ez du titulurik irabazi. Finala jokatu zuen 2005-2006 denboraldian, eta Miamiren aurka galdu. Bizpahiru urte geratzen zaizkio elitean, asko jota, eta aurten jo nahi du goia. Lakers 4-0 menderatu ostean, Oklahoma City Thunder da bigarrenez finala jokatzeko geratzen zaion azken koska, eta egurrean hasi da helburu horren bila.

Nowitzkik 48 puntu saskiratu zituen atzo, eta Dallas 1-0 aurreratu da Mendebaldeko finalean. 121-112 irabazi zuten lehen dema Texaskoek, eta alemaniarrak 48 puntu saskiratu zituen. Alferrikako egin zuen Oklahomak bere ekarpena murrizteko prestatutako taktika oro. Oklahomako Scott Brooks entrenatzailea bost jokalari ezberdinekin saiatu zen, baina denak gainditu zituen Nowitzki handiak: Serge Ibaka, Nick Collison, Kendrick Perkins, Kevin Durant bera, James Hardem...

Nowitzkik marka berri bat jarri zuen kanporaketetan, puntu bateko 24 jaurtiketa gauzatu baitzituen jarraian, hutsik egin gabe. Aurreko marka Paul Piercerena zen, 21 jaurtiketarekin. Nowitzkik Oklahomako jokalariak ernegatu zituen, egindako lehen 11 jaurtiketetatik hamar saskiratu baitzituen. Hegalekoak %80an asmatu zuen bikoetan, eta Dallasek une oro eduki zuen kontrolpean norgehiagoka. Oklahoma 104-98 jarri zen partida bukatzeko lau minutu falta zirela, baina hortxe bukatu zen trumoien kemena.

Kevin Durant izan zen Oklahomako saskiratzaile onena. 40 puntu sartu zituen, eta akats bakarra egin puntu bateko jaurtiketetan (hemeretzitik hemezortzi). Taldeko bigarren saskiratzailea, ordea, antzu samar ibili zen. Russell Westbrookek % 20 bakarrik asmatu zuen (hamabostetik hiru).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.