Aurkari guztien emaitzak jakinda jokatuko du Athleticek beste behin. Ez da erraza baloratzea hori ona den ala ez. Batzuek gurago dute kontrarioek egin dutena jakinda jokatzea. Beste batzuentzat, berriz, hobe da aurretik jokatzea. Hirugarren talde batean dago, dena den, Fernando Amorebieta. «Aurkariek izandako emaitzen arabera, positiboa edo negatiboa izan daiteke jardunaldiko azkeneko partida jokatzea». Izan ere, Vila-realek, Getafek eta Sevillak eskuratutako emaitzen arabera ezberdina izango baita zuri-gorriek izango duten presioa. Bistan da, lau jardunaldi falta direla, Europako lehia jokatzeko postuetatik puntu bira dagoen taldeak presio handia eta puntu premia ikaragarria duela. Baina horrelakoetan aurkari zuzenenek egiten dutenari ere erreparatu behar zaio. Beharbada ez litzateke egokiena izango, baina munduan ez dago kirolaririk Athletic dagoen egoeran ondokoari begira egongo ez litzatekeena. Zuzenena, hori bai, norberak jokatu beharreko norgehiagoka behar den moduan prestatzea izango litzateke. Athletic derrigortuta baitago puntu asko eskuratzera.
Denboraldiaren bigarren zatian gertatu den legez, San Mamesen babesarekin egin gura du aurrera talde zuri-gorriak. Bere etxea gotorleku bihurtu du Joaquin Caparrosek entrenatutako taldeak. Aspaldian garaiezina dirudi. Baina esan beharra dago azken jardunaldietan asko ari zaiola kostatzen partidak irabaztea. Eta horrelakoetan gertatzen den legez, era guztietako azterketak eta interpretazioak egin dira zuri-gorriek irabazteko dituzten zailtasunen gainean. Athleticek hiru jardunaldi daramatza golik sartu barik. Eta golik sartzen ez baldin bada jai dago. Lehortearen arrazoiak zeintzuk diren aztertzerakoan agertu dira iritzi ezberdinak. Athleticek 50 partida jokatu ditu sasoia hasi zenetik, eta, aditu askoren iritziz, nekea izan daiteke Athleticen ezinaren arrazoi nagusia. Jokalariek ez dute uste hori denik zuri-gorrien gaitz nagusia. «Geratzen diren lau jardunaldietarako gasolina nahikoa eta ilusio ikaragarria daukagu», adierazi zuen Mikel San Josek.
Iraolak ere ez du taldea txarto ikusten. «Emaitzek laguntzen ez dutenean aipatzen den kontua da», esan zuen usurbildarrak. Ez dirudi, gainera, Athletic aurkariak baino gutxiago izan denik arlo fisikoan. Kontua da Athleticek kontrarioak baino indar gehiago izan behar duela nagusi izateko. Erritmo bizian oinarritutako jokoa dauka Athleticek. Oso talde gutxik euts diezaioketen erritmoa, hain zuzen ere. Beraz, apur bat behera eginez gero, gauzak parekatu egiten dira. Eta jakinekoa da talde askok dutela zuri-gorrien adina talentu. Mallorca da horietako bat. Ikaragarria da egiten ari den denboraldia. Arazo asko izan arren -konkurtso legean sar daiteke aurki-, bikain aritu da. Athleticen antzera, etxeko partidetan oinarritu da Gregorio Manzanok entrenatutako taldearen arrakasta, baina etxetik kanpo ere hobetu egin du azken jardunaldietan. Ligako laugarrena da egun.
Athleticek itxura ona eman beharko du Aduriz buru duen taldea mendean hartzeko. Caparrosek Iraola sartuko du hamaikakoan partida bateko zigorra bete ostean. Beste hegalean Castillok hartu lezake Koikiliren lekua. Otxandiokoak arazoak ditu belaunetako batean, eta, gainera, durangarra egokiagoa izan daiteke erasoan laguntzeko. Zelai erdian litekeena da Susaeta eta Gabilondo hamaikakora bueltatzea. Aurrean Toquerok eta Llorentek izango dute golak sartzeko eta aukerak sortzeko ardura.
Oasiaren bila
Athleticek hiru partida daramatza aurkariaren sarea zulatu barik. Lehortea ezin da gehiago luzatu. Sei onenen artean sailkatzeko, ezinbestekoa da gaur Mallorca mendean hartzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu