Arrauna

Odol-izerdia bota beharko dute

Urdaibaik eta Hondarribiak lehia bizia dute. Lehenak, 99 puntu, eta bigarrenak, 98. Txapelketa erdia geratzen bada ere, argi dago bi horien artetik aterako dela Eusko Label ligako garailea.

Hondarribia eta Urdaibai, aurreko denboraldiko estropada batean. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Label liga film bat izango balitz, Urdaibai eta Hondarribia lirateke protagonista nagusiak. Haiek ibili dira puntu eta bandera gehien lortzen aurten. Bost bandera ditu Bizkaiko taldeak, eta bi ditu Gipuzkoakoak. Alabaina, liga ez du irabazten bandera gehien lortzen dituen ontziak, puntu gehien lortzen dituenak baizik. Lehia horretan, bi taldeak estuago daude; Urdaibaik 99 puntu ditu, eta Hondarribiak, 98. Maila nagusian makina bat bider ikusi da Bou Bizkaia-ren eta Ama Guadalupekoa-ren arteko norgehiagoka, eta historikoki bi talde garaileenak dira. Hondarribiak 93 bandera astindu ditu, eta Urdaibaik, 92. Inork ez daki aurtengo liga nola bukatuko den, baina Alex Udabek (Usurbil, Gipuzkoa, 1983) eta Niko Iurramendik (Donostia, 1991) eman dituzte horri buruzko hainbat argibide eta gako.

Udabe Hondarribiako arraunlari ohia da, eta ongi ezagutzen du Mikel Orbañanosek zuzentzen duen taldea, han ibili baitzen azken zortzi urteetan. Iurramendi, bestalde, Urdaibaiko arraunlari ohia da, eta han eman zituen azken bi urteak. Biek ala biek ondo dakite nola dauden bi taldeak, eta oraingoz ligak utzi duenaz hitz egin dute. «Azken urteetan haien artean izan diren norgehiagoka gehienetan ikusi dugun bezala, amaierara arte arituko dira borrokan. Faboritoak ziren liga hasi baino lehenago, eta hori erakusten ari dira. Nork irabaziko duen ez dakit. Azken estropadetan sendotasun handia erakutsi du Urdaibaik, baina Hondarribia beti hor dabil», dio Iurramendik. Udaberentzat ere ez da ezustea izan bi taldeen arteko borroka.«Ikusita Urdaibaik zer egin zuen lehengo urtean, eta ikusita gainera taldea indartu dutela, espero nuen hor egotea. Hondarribia ere, jakinda barrutik nola funtzionatzen duen, eta nahiz eta arraunlari batzuk joan egin zaizkion, hor egongo zela iruditzen zitzaidan. Pentsatzen nuena ari da gertatzen».

Sailkapenak bi taldeen arteko berdintasuna islatzen badu ere, Udabek azaldu du bi talde oso desberdin direla. Haren ustez, itsasoan olatua oso garbia ez den egoeretan, Urdaibai «oso ondo» dabil, eta ondo aprobetxatzen ditu egoera horiek. Hondarribiari dagokionez, esan du oraindik itsasoan ez dela «hain ondo moldatu», baina uste du azalduko dela. Udabek esan du asteburu honetan Hondarribian eta Lekeition jokatuko diren estropadak «oso garrantzitsu» izango direla Hondarribiaren «benetako maila» ikusteko.

Dagoeneko liga erdia jokatu dute traineruek, eta denbora nahikoa izan dute kartak erakusteko. Iurramendik argi ikusten du «bien arteko kontua» izango dela. «Bederatzi jardunaldi jokatu dira, eta bi taldeen artean zazpi bandera eskuratu dituzte. Elkarri mokoka arituko dira, baina lehia horretatik erortzen den taldeak Zierbena eta Donostiarra izango ditu atzetik. Bi talde horiek banderak irabazteko gai dira, eta, egun ona izaten dutenean, aurre hartuko diete Hondarribiari eta Urdaibairi. Egun horiek garesti ordainduko dituzte buruan dauden bi traineruek».

Txapelketak aurrera egin ahala, agerian geratuko dira bi taldeen estrategiak eta gakoak. Udaberen ustetan, litekeena da abuztuaren erditik aurrera duten fisikoak erabakitzea liga. «Urdaibaik baditu 16-17 arraunlari maila gorenekoak, baina entrenatzailea ez da aldaketa asko egiten ari txalupa barruan. Ez dakit zergatik izan daitekeen, baina badauka gaia horretarako. Hondarribiaren taldea justuagoa da, eta ari dira aldaketak egiten, galera handirik izan gabe. Freskotasun hori abuztu erditik aurrera nabarituko dutela pentsatzen dut. Bermeo da faborito liga irabazteko; nik horrela ikusten dut, baina asko kostatuko zaio garaipena, zalantzarik gabe».

Bukaerara arteko borroka

Iurramendik bi taldeak errepasatu ditu, eta ondorio batera iritsi da: aurtengo txapelketa oso garesti egongo dela. «Hondarribiaren taldea urte askotan izan duenaren antzekoa da, eta oso gustuko dut aspaldian erabat finkatua duten arraunketa luzea. Urdaibaik, berriz, aldaketak izan ditu taldean, eta, izenei begiratuz, oso arraunlari indartsuak dauzka. Arraunketa erabat desberdina egiten dute: motzagoa, baina bortitzagoa. Esango nuke azkenengo estropadara arte ez dela tarte handia izango bi taldeen artean, eta egun edo kale txar batek erabakiko duela txapelketa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.