Ofizialtasuna daukate begiz jota

Gaur egingo dira Euskadiko Futbol Federazioko presidentetzarako hauteskundeak. Hiru hautagai aurkeztuko dira: Iker Goñi, Aritz Hernandez eta Carlos Gomez. Lehen biek aldaketa eta haize freskoa hitzeman dute; hirugarrenak, Landetaren lanari segida ematea.

Euskal selekzioko jokalariak, ofizialtasunaren aldeko pankartarekin, jokatutako azken partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal selekzioko jokalariak, ofizialtasunaren aldeko pankartarekin, jokatutako azken partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2025eko ekainaren 20a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Javier Landetaren aroa amaituta, inoizko kopururik handienarekin egingo dira gaur Euskadiko Futbol Federazioko hauteskundeak. Izan ere, hiru hautagai aurkeztuko dira datozen lau urteetan federazioa gidatzeko: Iker Goñi, Aritz Hernandez eta Carlos Gomez. Hirurak dira euskal hiztunak, eta, bakoitzak bere ikuspegitik, programa betea aurkeztu dute. Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako 84 klubek erabaki beharko dute nori eman botoa. Hiru hautagaiek argi dute zer duten jomugan: euskal selekzioaren ofizialtasuna.

INKESTA

  1. Zergatik aurkeztu zara Euskadiko Futbol Federazioko hauteskundeetara?
  2. Beste hautagaiekin alderatuta, zerk desberdintzen zaitu?

  3. Zeintzuk dira zure taldearen programaren lehentasunezko oinarriak?

  4. Euskal selekzioaren gaiari lotuta, zer dio zuen programak?

  5. Zer egingo duzue emakumeen futbola sustatzeko?
  6. Euskarak zer-nolako tokia izango luke zure agintaldian?

IKER GOÑI.Euskadiko Futbol Federazioko presidentetzarako hautagaia.

«Lehenbiziko lana sinestea da, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak egin duen bezala»

(ID_17503413310115) Iker Goñi.
Iker Goñi. JUAN FLOR

1. «Euskadiko Futbol Federazioa bere potentzialtasunetik urruti dagoela uste dugu, eta, Batzar Nagusia osatzen duten klub guztiak bisitatu ondoren, garbi geratu zaigu federazioak gertukoagoa izan behar duela, gehiago lagundu behar duela. Urtebete daramagu programa lantzen, elkarte guztiekin elkartu gara, eta prest gaude lanerako. Hautagaitza plurala gara».

2. «Benetako aldaketa ordezkatzen duen hautagaitza bakarra gara, eta akordio zehatzak ditugu Repsol, Iberdrola, Vodafone, Allian, Cluber eta beste hainbat enpresarekin. Gainera, hiru lurraldeetan ordezkaritza zabala duen hautagaitza bakarra gara, bai futbolean eta bai areto futbolean. Niri dagokidanez, esperientzia dut behe kategorietako futbolean zein profesionalean, eta Athleticeko zuzendaritzan egona naiz lau urtez, Aitor Elizegirekin batera. Federazioen mundua ere oso gertukoa dugu taldekide guztiok. Hiru hautagaietan gazteena izaki, haize freskoa emango nioke federazioari».

3. «Klubengandik askoz hurbilago egongo den federazio bat nahi dugu; arreta hobea emango duena eta diru sarrera gehiago lortuko dituena. Garrantzitsua iruditzen zait klubei eguneroko lanean laguntzea. Urtebete honetan egindako bileretan ikusi dut kezka handia dagoela klub guztien barnean, eta jende ugari nekatuta dagoela. Ondorengorik ez egoteak gehiago areagotzen du haien kezka. Ohartarazi digute batez ere hiru arlotan nahi dutela laguntza: arlo ekonomikoan, klubetan lan egitera jende gehiago erakartzen eta denbora gehiago izaten. Presidente askok esan digute balitekeela ondorengorik ez izatea haiek kargua uztea erabakiko balute».

4. «Euskal selekzioari bultzada berria emango diogu, merezi duen tokian egon dadin. Irudipena daukagu egin daitekeela orain arte egin dena baino gehiago. Garbi dago ofizialtasunaren sua itzaltzen joan dela azken urteetan, eta hori berreskuratzeko neurriak esku artean ditugu. Adibidez, mahai teknikoa sortuko genuke Eusko Jaurlaritzan klub profesionaletako ordezkari eta kapitainekin. Zeregin horretan badut esperientzia, Athleticen ni neu arduratzen bainintzen ofizialtasunaren gaiaz. Lehenbiziko lana horretan sinestea da, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak egin duen bezala.

Daukagun informazioaren arabera, ofizialtasunaren bueltan mugitzen diren eragileekin elkartu den hautagaitza bakarra gara, eta ideia ona iruditzen zaigu merchandising-aren bidea jorratzea. 2030eko Munduko Kopa etxean antolatuko dugu, eta aukera bikaina dugu gure elastikoa estadioetan eta kaleetan berriro ikusteko».

5. «Emakumezkoen futbolak ez du zertan gizonezkoen egitura eta osaera kopiatu beharrik. Bere garapen propioa izan beharko luke. Luze gabe euskal ligetan epaile laguntzaileak edukitzea bermatu beharko genuke, eta luzera begira zera litzateke helburua: kadeteen euskal ligaren inguruan erabakiak hartzea eta hausnartzea, lurraldeetako agintariekin batera».

6. «Euskararekiko jarrera eta konpromisoa bermatua egongo da gurean. EuskarAbentura espedizioaren fundatzaileetako bat naiz, eta presidente lanetan aritu naiz hura sortu zenetik. EuskarAbenturan egin ohi dugun ekarpena futbolaren bidez gizarte osora eramateko asmoa dugu».

ARITZ HERNANDEZ.Euskadiko Futbol Federazioko presidentetzarako hautagaia.

«Herrian ilusioa berreskuratu, eta aukera juridiko guztiak aztertuko genituzke»

Aritz
Aritz Hernandez. BERRIA

1. «Bizitza osoa daramat futbolari lotuta, izan zelaitik, aldageletatik, aulkitik, kudeaketatik… Uste dugu euskal futbolak bere mailan dagoen federazio bat merezi duela. Hurbila, modernoa eta erabilgarria. Klubak zaintzea dugu xede, eta, sustraiak galdu gabe, garai berrietara egokitzeko prest gaude. Talde gazte, profesional eta konpromisoz betea gara. Federazioa kudeatzeko beste modu bat dugu buruan, eraginkorragoa».

2. «Beharrezko eraldaketa bat emango diogu federazioari. Enpresen mundutik gatoz, eraginkortasunean, arreta pertsonalizatuan eta etengabeko hobekuntzan oinarritutako lan egiteko modu bat dugu. Klubei benetako irtenbideak emango dizkien hautagaitza gara. Hain zuzen, federazioa zerbitzu enpresa moduko bat bilakatzea eskatzen dute askok, eta horixe eskain dezake gure taldeak».

3. «Gure batasuna eta indarra ditugu ardatz nagusi. Lurralde federazioekin benetako lankidetza egiteko apustu irmoa egingo dugu. Koordinazioa bermatuko dugu lehiaketetan eta prestakuntzan, eta areto futbola bultzatzea ere helburu izango dugu. Esan bezala, elkarrekin lan egiteko ereduan sinesten dugu. Gure lehentasuna klubak indartzea da, eta haien iraunkortasuna bermatzea. Horretarako ekintza plan bat dugu: baliabide berriak biltzea eta kudeatzea, epaile batzorde teknikoa modernizatzea… Horretaz gain, gure ordezkaritza instituzionala indartzea gustatuko litzaiguke. Garai berrietara egokitutako irudi dinamikoago, modernoago eta profesionalagoa lortu behar dugu. Presentzia sendoa eta errespetatua lortu behar dugu Madrilen».

4. «Euskal selekzioaren gaia subjektiboa da. Nahikoa egin ote den orain arte? Bizitza honetan beti egin daiteke zerbait gehiago. Ofizialtasunaren alde borrokatuko gara, jakina. Beste herrialde batzuen aurrekariak hor daude, eta uste dugu euskal selekzioa ez doala inoren aurka. Erresuma Batuko adibidearen aldekoa naiz ni. Espainiarekin joan nahi duena libre da nahi duena erabakitzeko, eta alderantziz. Pilotan egin berri den bezala.

Irabaziko bagenu, lehenbizi politikariekin bilduko ginateke, eurek baitute indarra gai honetan aurrera egiteko. Gero, mundu mailan ezagunagoa egin beharko genuke gure selekzioa, eta partida gehiago antolatu. Eta, azkenik, gure herrian ilusioa berreskuratu beharko genuke. Juridikoki aukera guztiak aztertuko genituzke».

5. «Emakumezkoen futbolari dagokionez, bost oinarri izango ditu gure proiektuak: klubei eta jokalariei laguntza ekonomiko zuzenak ematea; nesken prestakuntza eta lidergoa sendotzea; ikusgarritasuna eta aldaketa kulturala gauzatzea; datuak, azterlanak eta etengabeko hobekuntza bermatzea, eta plangintza estrategiko bat aurrera eramatea. Azken puntu horri dagokionez, egoerari buruzko txosten bat argitaratuko genuke urtero».

6. «Federazioa elebiduna izango da guztiz, eta pertsona denen hizkuntza eskubideak errespetatuko ditu. Eguneroko lanean euskara sustatzen duten klubek saria jasoko lukete, eta modua emango genieke jokalariei, entrenatzaileei eta teknikariei doako euskara klaseak jasotzeko».

CARLOS GOMEZ.Euskadiko Futbol Federazioko presidentetzarako hautagaia.

«Politikariek eman behar dute lehen pausoa, eta federazioa haien atzetik joango da»

Carlos
Carlos Gomez. BERRIA

1. «Landetaren agintaldian diruzain lanetan aritu naiz lau urtez, eta orain presidente izateko aurkeztu dut neure burua, bildu dudan esperientziatik zer emana badudalako. Esperientzia handia pilatu dut, eta baditut klubei laguntzeko erremintak. Pasioz bizi dut futbola, lokatzetan hazitakoa naiz, eta federazioa kluben zerbitzura dagoen enpresa bat izatea gustatuko litzaidake».

2. «Nire hautagaitzak Landetaren lanari jarraipena ematea du xede, baina zertzelada berriekin. Oraindik ere bide asko daukagu jorratzeko, baina nire taldekideek oso gertutik ezagutzen dituzte klubak, eta beste hautagaiekin alderatuta gertutasun hori daukagu alde. Ez dut uste azken lau urteetako lanari jarraipena eman nahi izateak kalte egingo digunik, mesede baizik. Esperientzia beti da lagungarri bizitzan».

3. «Garbi ikusten dut zertan hobetu behar duen federazioak: klubengandik gertuago egon behar du. Gipuzkoarrek jakin bezate existitzen dela Euskadiko Futbol Federazioa, eta berdin bizkaitar eta arabarrek. Askotan urrunean geratzen zaigu gure federazioa, eta klubetara gerturatzea dugu helburu. Haien beharrei erantzungo diegu, eta kilometroak eta kilometroak egiteko prest gaude. Bestetik, aipatu nahi nuke areto futbola profesionalizatu nahi dugula. Futbolaren anaia txikia da areto futbola, eta indartu behar dugu. Nola ez, indarkeriari dagokionez tolerantzia zero izan dadin sustatuko dugu. Ez dugu neurriz kanpoko jokaerarik onartuko, ez zelaian ez harmailetan».

4. «Euskal selekzioaren kasuan 150 kontaktutik gora ditut agendan, azken lau urteotan eginak. Egia da gizonezkoen selekzioak partida bakarra jokatu duela, eta hartan astindua eman zion Uruguairi. Kasik kalte egin zigun partida horrek, gure maila ikusita atzera egin baitzuten hainbat federaziok. Lotuta genituen lagunarteko batzuk, baina atzera egin zuten. Egutegiak ere ez du gehiegi laguntzen.

Dena den, lanean jarraituko dugu ofizialtasunaren bidean. Lau urteotan harreman bikainak egin ditugu hainbat nazio eta selekziorekin, eta ea aukera daukagun partida gehiago antolatzeko. Egia da pilotak ofizialtasuna lortu duela, baina kirol bakoitzaren araudiari erreparatu behar zaio, eta futbolean ez da hain erraza. Politikariek eman behar dute lehen pausoa, eta federazioa haien atzetik joango da».

5. «Emakumeen futbolean emaitza bikainak lortu ditugu azken urteetan. Besteak beste, apustu sendoa egin genuen hautatzaile bat nominan jartzea erabaki genuelako, eta emaitzak begien bistakoak dira. Euskal selekzioa txapeldun izan da hamalau eta hamasei urtez azpiko txapelketetan, Espainia mailan. Bide berean jarraitu nahi dugu, eta urrats gehiago egin. Zenbat eta maila hobea lortu, hobe».

6. «Federazioa euskalduna izango da, gu ere euskaldunak garelako. Gure taldean euskaraz jarduten dugu euskaraz dakigunon artean, eta federazioaren trataera ere berbera izango litzateke. Hautatzaileari dagokionez, partidaren atarian erabakitzen da nork hartuko duen kargu hori, eta guk garbi daukagu Jagoba Arrasate kontuan hartuko dugula aurrerantzean ere. Euskal selekzioarentzat ez dago entrenatzaile hoberik: euskalduna, gertukoa, leiala eta pertsona naturala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.